Atez atekoaren gaineko informazio bulegoa irekiko dute Oxirondo azokan

Arritxu Barruso 2012ko azaroaren 13a

Bergarako Udalaren asmoa da martxoa amaiera inguruan ipintzea martxan atez ateko zabor bilketa sistema. Bada, hurrengo egubakoitzean, azaroak 23, atez atekoaren inguruko informazio bulegoa irekiko da Oxirondo azokan, bigarren solairuan. Hondakinak biltzeko sistema berriaren gaineko informazio praktikoa emango da bertan. Astelehenetik eguenera zabalik egongo da 10:00etatik 19:00etara eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00etara.

Hasiera batean ipinitako data atzeratu egingo den arren, gero eta gutxiago falta da Bergaran atez ateko zabor bilketa sistema abian ipintzeko. Udalaren asmoa da 2013ko lehenengo hiruhilekoaren amaieran ipintzea martxan; hau da, martxoaren amaieran. Momentua gerturatzen doala-eta Udalak informazio bulegoa ipini du Oxirondo azokako bigarren solairuan. Hain justu ere hurrengo egubakoitzean, azaroak 23, irekiko ditu ateak.

Eta bulegoa irekita ze fasetan dago atez atekoa martxan ipintzeko prozesua? Ingurumen zinegotzi Leire Iruinen esanetan Debagoieneko Mankomunitatean "lan handia egiten ari dira": "Atez atekoa martxan ipini ahal izateko hainbat proiektu lehiaketara ateratzen eta beste batzuk adjudikatzen ari dira: zintzilikarioak, kuboak... kudeaketa bera... Prozesua poliki doan arren, badoa aurrera".

Zintzilikarioen zirriborroa prest

Zintzilikarioei dagokienean Udalak dagoeneko badauka lehenengo zirriborro bat, hau da, zintzilikarioak non ipiniko diren zehazten duen proposamena, baina jendarrean erakutsi aurretik auzoz auzo herritarrekin batu nahi dute. Bestetik ingurumen zinegotziak aurreratu du hiru emergentzia gune egongo direla Bergaran, hondakinak edozein momentutan eraman ahal izateko: "Bata erdigunean eta beste bi herriaren kanpoaldean egongo dira, autoarekin joan eta erraz aparkatu ahal izateko. Baserri auzoendako aportazio guneak ere egongo dira". 

Esan modan informazio bulegoak hurrengo egubakoitzean irekiko ditu ateak. Astelehenetik eguenera 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik eta egubakoitzetan 10:00etatik eguerdiko 14:00etara. Bertan egongo den Maria Gonzalezek herritarrak animatu  nahi ditu bulegora gerturatzera: "Etorri daitezela. Sistema berria izanda normala da zalantzak izatea. Herritar moduan etorri daitezke galdetzera, edo baita merkatariak badira ere. Etorri daitezela beldur barik". 

Organikoa astean hirutan

Egunak zehazteke dauden arren, hondakin mota ezberdinak biltzeko maiztasuna erabakita dago dagoeneko: "Hondakin organikoa astean hiru aldiz batuko da, papera eta kartoia astean behin eta gaur egun edukiontzi horira botatzen duguna astean bitan. Errefusa, hau da, beste ontzietara bota ezin den hori eta birziklatu ezin daitekeen zaborra astean behin jasoko da. Azkenik beira gaur egun bezalaxe mantenduko da eta edukiontzi berdeak ez dira kenduko". 

Azaroaren 23an hainbat ekimen

Hilaren 23an eta Hondakinak Ekiditeko Europako Eguna dela aprobetxatuz bulegoa irekitzearekin batera beste hainbat ekintza egingo dituzte. Azokan bertan 17:00etatik aurrera tailerrak egingo dituzte ume eta helduendako. Umeekin Gabonetako apaingarriak egingo dituzte gero kalean ipini ahal izateko. Haurrei eskatu diete etxean dituzten eta erabiltzen ez dituzten CD-ak eramateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak