Eguneroko izatetik liburu izatera igaro dira Asier Huegunen bizipenak. Liburuaren protagonistak honakoa adierazi digu: "Sekula ez da nire intentzioa izan liburu bat kaleratzea, kasualitatea izan da".
Azaroaren 24an bederatzi urte beteko dira Kolonbiako ELN taldeak askatu zuela; 74 egun egin zituen donostiarrak bahituta. "Bahituta nengoela, nire egoeran zeuden beste batzuek idatzi egiten zutela ikusita hasi nintzen ni ere egunerokoan idazten. Esaldi luzeak idazten nituen orduan, bizitakoak zehaztasunez kontatuz. Baina orriak gastatu ahala, motzagoak izaten hasi ziren, gertaera esanguratsuenak jasotzen nituen bakarrik".
Egunerokoan idatzitakoarekin Euskal Herrira etortzean zer bizi izan zuen, zer sentsazio sortzen zioten gogorazteko izango zirela oroitzen du donostiarrak. "Zurrumurruak zeuden ez zigutela egunerokoak gurekin eramaten utziko. Agintarietako batekin berba egin nuen eta hark gureak zirenez ez zela arazorik egongo esan eta akaso liburu bat idatziko nuela esan zidan gainera. Barre egin nuen orduan".
Euskal Herrira itzulita, egunerokoa garatu guran ibili zen. "Esaldiak behin eta berriz errepikatzen nituen, baita aditzak ere. Ez naiz idazlea, eta saiatu arren, kosta egiten zitzaidan lerro horietatik irtetea".
Gari Udabe kazetariak idatzi du liburua. "Lan handia hartu du, 30 orduko elkarrizketak egin genituen nire etxean, eta ondoren, dena transkribatu zuen. Niretzako gordetzeko zen hasieran, baina berak eskatuta liburua egiten amaitu dugu".
Norengana jo ere argi zeukatela adierazi digu Asierrek berak: "Bagenekien Txalapartakoekin kaleratu behar genuela", gaiak berak hala eskatzen zuen eta. Mikel Sotok lagundu die Kolonbian bahituta liburuaren edizioan. "Ez da erraza izan, izan ere, Garik hasiera batetan hirugarren pertsonan idatzitakoa Sotok lehenengo pertsonan idazteko gomendioa egin zigun, eta berridatzi egin behar izan zuen".
Aurreikusi bariko liburuaz azken gogoeta egin du Huegunek: "Bitxia izan da liburua egitea, eta aldi berean, polita".