Bergarako moja klaratarrak joan egingo dira, Goenkalen 500 urte eman eta gero

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko urr. 19a, 12:02

Bost moja bizi dira han gaur egun. Adinez oso nagusi dira, gehienek 80 eta 90 urte urte artean dute, eta dagoeneko ez dira gai elkarte bizitza mantentzeko. Bihar agurtuko dituzte, Trinitateko komentuko elizan egingo den esker mezarekin. Gipuzkoa eta Bizkaiko beste komentu batzuetara joan dira bizi izatera.

Datorren urtean, 2013an, 500 urte beteko dira moja klaratarrak Goenkaleko monasterioa sortu zutela, baina ez dute urteurren borobil hori han beteko. Izan ere, badoaz Bergaratik. Adinez oso nagusi dira, gehienek 80 eta 90 urte urte artean dute, eta dagoeneko ez dira gai elkarte bizitza mantentzeko. 

Bost moja bizi dira egun Trinitateko monasterioan –azkena 50eko hamarkadan sartu zen–: Sor Marinieves, Sor Sagrario, Sor Beatriz, Sor Encarnacion eta Sor Maricruz, eta Bizkaia eta Gipuzkoako lau monasteriotara joango dira bizi izatera: Lekunberrira, Deriora eta Oñatiko Bidaurreta eta Santa Anara. Sor Belen eta Sor Inazita ere Bergarako etxekoak dira, baina osasun kontuengatik lehena Lekunberrin eta bigarrena Oñatin, Santa Anako monasterioan bizi dira duela denbora bat. 

Kontenplazio-serorak

Trinitateko monasterioko klaratarrak kontenplazio-serorak dira eta euren egiteko nagusia otoitz egitea izan da, eta da. Asisko Klarak eta Frantziskok sortutako elkartea izanik, txirotasunean bizi izan dira, umiltasunean. Bizimodua aurrera ateratzeko moduari dagokionez, jostunak izan dira. Herriko zenbait denda eta norbanakorendako josi dute urteetn. Garai batean, esaterako, oso ohiko bihurtu zen koadrilek ehuna bertara eroatea mojek Mendekoste jaietarako alkandora josteko.  

Esker oneko meza egingo dute

Jon Molina parrokoak azaldu duenez, bihar, zapatua, agurtuko dituzte moja klaratarrak esker oneko meza eginda, eta herritarrei "parte hartzeko dei" egin die, "moja klaratarrok merezi dutelako".
11:00etan izango da meza, Trinitateko elizan, eta ondoren luncha egongo da. Gainera, etxea ireki egingo dute, luncha klaustroan izango da eta.

Mari Jose Aranburuk Arte y Piedad. El arte relijioso en Bergara en la edad moderna II liburuan jasotzen duenez, klaratarren komentu edo monasterioaren jatorria 1513. urtean Jasokundeko  Ama Birjinaren izenpeko  serorategi batean dago. Garai hartan serorak –14 ziren– Goenkaleko etxe baten bizi ziren. 1566an, baina, instituzioa indartu egin zen Andres Martinez de Ondartzari eta haren emazte Magdalena de Araotzi esker; izan ere, eliza eta etxea eskaini zieten mojei, eta baita bizirik irauteko errenta nahikoa ere. Hori horrela, elkartea Trinitate Guztiz Santua izenarekin instalazio berrietara joan zen. Klausurari dagokionez, 1573. urtera arte atzeratu zen.

Ordena berria etorriko da

Moja klaratarrak badoaz, baina laster beste ordena bateko moja gazteak etorriko dira. "Orain sortzen ari den ordena berri bateko mojak dira", esan du Jon Molina parrokoak, "San Juan eta Santo Domingoren ahizpak". Hamar bat etorriko direla gehitu du, azaro erdialdera, "Bergaran kontenplazio-bizitza mantentzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak