Politikan emandako urteetatik oroitzapen gazia dauka, batik bat HBren legez kanporatzeak giroa nahastu zuelako eta ez zelako erraza baldintza haietan lan egitea. Udalean agintaldi bakarra egin zuen, Victoriano Gallastegi alkatearen azken agintaldian hain justu, 2003tik 2007ra. Aramaioko Azkoaga auzoko Altza Gain baserrikoa jaiotzez, Bergarara 1975an iritsi zen, ezkondutakoan. Fagor Arrasaten eta Fagor Elektronikan jardun zuen lanean.
Nola hasi zinen Udalean?
Alderditik etorri zen proposamena udal hauteskundeetako zerrendan joateko. Hiru zinegotzi lortu genituen udal hauteskundeetan: Jose Antonio Etxeberria, Juan Garitano eta ni neu. Udaleko gobernuan jardutea tokatu zitzaigun eta niri dagokidanez, nagusiki gobernazio eta euskara batzordeetan egin nuen lan.
Zer nolako esperientzia gertatu zen?
Nahiko urte zailak izan ziren. Ez nuen gustura jardun. HBren legez kanporatzearen ondoren, giroa nahiko nahasia zen Udalean eta ez zen erraza lan egitea. Ordura arte bestelako lanak egiten nituen alderdian eta udal mailako politika beste era batekoa izango zela uste nuen.
Burutzeke geratu zen proiekturen bat?
Tranbiako proiektua zela eta, Zubiaurretik Miguel Altuna berrira joango zen zubia egiteke geratu zen, nahiz eta proiektua eginda dagoen. Eta tranbiarik ez badator ere, proiektu hori baliagarria izango zela uste dut, baina...
Zelan ikusten duzu Bergara gaur?
Krisiak gogor jo du eta irudimena beharko da egoera gainditzeko. Murrizketak leku guztietara iritsi dira eta lan asuntoa ere gaizki dago. Bestalde, herria eraberritzeko egiten diharduten lanek, itxura polita eta txukuna ematen diote Bergarari: San Pedro elizako eraberritzea, kale garrantzitsuen eraldaketa (Ibargarai kalea, esate baterako)...
Orain, San Joxepeko presidente lanetan zabiltza.
Bai, ilusio handiarekin ekin diogu, beti dago zerbait egiteko hemen. Elkarte indartsua daukagu Bergaran, eta komunikabideon aldetik ere arreta handiagoa ere eskatuko genuke, zenbaitetan gure lana ezkutuan geratzen delako.