Malen Gurrutxaga: "Animalia bat edukitzea ez da kapritxoa, ezta pribilegioa ere, baizik eta erantzukizuna"

Maialen Regueiro 2012ko eka. 19a, 02:00

Malen Gurrutxagak (1985) txikitatik izan ditu gustuko animaliak. Horregatik, Albaitaritza ikasketak egin zituen Zaragozan, 7 urtez. Egun, txakurrak hezten ari da, txakurrak hezteko monitore izateko titulua baitauka.

Zergatik Albaitaritza ikasketak?

Animaliak txikitatik gustatzen zaizkit eta betidanik jakin izan dut albaitari izan nahi nuela. Bestalde, ikasketak bukatu ahala konturatu nintzen heziketa mundua gehiago gustatzen zitzaidala. Bi gauzak egin ditut, eta oso gustura nago.

Badaukazu animaliarik etxean? Zein?

Katu bat daukat. Gure etxean beti izan dugu katua. Dena den, beti txakurra edukitzea nahi izan dut, baina etxean ez dira inoiz ados egon eta ez dugu inoiz izan.

Izan diezu sekula beldurra animaliei?

Nik gogoratzen dudanaren arabera, ez. Noizean behin, jarrera arazoak dituzten txakurrei beti izan diet errespetua, baina, orokorrean, ez dut inoiz esperientzia txarrik izan animaliekin. Hain zuzen ere, horregatik ez diet inoiz beldurrik izan. 

Zer esango zenieke animaliak gustuko ez dituztenei?

Animaliaren bat gertutik ezagutzera animatuko nituzke. Nire ustez, animaliak gustuko ez izatearen arrazoia da pertsona horiek animaliekin kontakturik izan ez dutela. Dena den, errespetatu beharreko zerbait da. 

Zer dira animaliak zuretzat?

Lehenik eta behin, errespetatu beharreko zerbait direla esango nuke. Etxera animalia bat ekarriz gero, hari bizi kalitatea ematea derrigorrezkoa da, askotan pertsonak baino zintzoagoak, fidelagoak eta zentzudunagoak direlako. Ez dira ez opari bat, ezta dekorazio elementu bat ere. Noski, animalia bat edukitzeko erabakia hartzen denean, zein animalia hartzen ari garen jakin behar dugu eta zein bizimodu mota behar duen jakin behar dugu. 

Zein da zure animalia gustukoena? Zergatik?

Ez dakit zein den nire animalia gustukoena. Izan ere, zaldiekin lan egin izan dut, gaur egun txakurrekin lan egiten dut eta etxean beti katua izan dugu. Txakurren eta katuen artean ez nuke jakingo zein aukeratu, animalia bakoitza mundu bat baita. 

Zergatik hezi behar dira animaliak?

Gaur egun gizartea antolatuta dagoen eran, ezinbestekoa da, batez ere, txakurrak heztea. Izan ere, gizakien bizimoduan integratzera behartu ditugu eta horrek beharrezko egin du txakurrei jokaera arau batzuk ezartzea. 

Zer da txakur bat heztea?

Txakur bat heztea arau basiko batzuk erakustea da, haren bizi kalitatea eta gurea hobetzeko helburuarekin. Era horretan, aurrerantzean, posible den tokietan txakurra solte eraman ahal izango da, sokarekin txakurra guk eramateko aukera izango da, eta ez hark gu...

Nola hezten da txakur bat?

Lehenik eta behin, pazientziarekin hartu beharreko gauza bat da, txakur bat zer den argi izanda. Eta, noski, haien pentsatzeko, jokatzeko eta ulertzeko modua ezagutu behar da.

Nola ikasten da txakur bat hezten?

Formazio pertsonala ezinbestekoa da. Nik, Albaitaritzaz gain, Txakurrak hezteko monitore titulua atera nuen Iurretako ZAUNK zentroan. Egun, nire eskolak txakurrak dira, eta txakur bakoitzak asko erakusten dit. 

Zer deritzezu animalien kontrako tratu txarrei?

Nire ustez, gaur egun, zigorrak gogortu egin beharko lirateke. Dena den, pixkanaka gauzak aldatzen doaz eta geroz eta jende gehiago dago kontzientziatua arazo horrekin. Hala ere, pena da, zeren eta jende askok bere frustrazio pertsonal guztiak animaliarengan kanalizatzen baititu. Animalia bat izatea ez da kapritxo edo pribilegio bat, erantzukizun bat baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak