Miguel Angel Alvarez: "Irakasle lanetan ikasleengandik ikasteko aukera ere badago, zorionez"

Edu Mendibil 2012ko eka. 18a, 13:38

Leongoa sortzez, Miguel Angel Alvarezek (60 urte) urte mordoa eman ditu Ipintza institutuan. Salamancan egin zituen Geografia eta Historia ikasketak, eta, hainbat lekutan irakasle jardun ondoren, 1981-82 ikasturtean iritsi zen Bergarara. Ordutik hona, hainbat alditan izan da Ipintzako zuzendaritzan, eta azken bost urteotan hura izan da ikastetxeko zuzendaria.

Aurtengoa du azken ikasturtea, datozen asteotan erretiratuko delako. Jose Mari Juaristik hartuko du Alvarezen lekukoa. Ipintza utzi aurretik, ondoko galdetegia egin diogu Miguel Angel Alvarez irakasle dekano-ari.

Nola iritsi zinen Bergarara?

Salamancan ikasten nengoela ezagutu nuen nire emaztea, eta garai hartan aukera izan genuen biok Bergarara etortzeko. Eta herrian integratzeko zenbait pertsonaren laguntza funtsezkoa izan zen. 

Ipintzan hasi zinenetik hona, asko aldatuko zen irakaskuntza, ala?

Bai, jakina. Horren adierazgarri, gaur egun irakasleak ez gara informazio iturri garrantzitsuena ikasleendako. Informazio iturri ugari dituzte eta irakaslearen zereginetako bat iturri horien aukeraketa eta kudeaketa egokia bilatzea da.

Zelakoak dira gaurko ikasleak?

Gazteak. Esperimentatzeko adinean daude, eta, sarritan, galduta samar ere bai. Nahiko adin konfliktiboa izaten da 12-18 urte bitarte hori, baina aberasgarria ere bai, asko ikasten delako adin tarte horretan. Eta nahiz eta adin bera izan, heldutasun maila ezberdina izaten da ikasleen artean. Batxilergoa bukatutakoan zein bide hartu erabaki behar dute, eta batzuek lehenago asmatzen dute. Baina, azkenean, guztiek bilatzen dute euren tokia.

Ofizio eskergarria da irakaskuntza, ala?

Zalantza barik; azken baten, ikasleen eboluzioa ikusten da eta, zenbait kasutan, urtetako harremana mantentzen da. Pertsonak diren heinean, jendearekin lan egitea beti da eskergarria; gainera, irakaskuntzan alde bietako hartu-emana dago: zuk ematen duzu, baina ikasleengandik jaso ere bai, zorionez. 

Gatazka iturri ere izaten da eskola, askotan...

Bai, baina familietan gertatzen den antzera... Azken baten, etxe barrukoa ezkutuan geratzen da, askotan, eta eskolakoa ageriago... Irakasleok asmatu egin behar dugu gatazkak bideratzeko dauzkagun tresnak ondo erabiltzen, besterik ez.

Zeintzuk dira irakasle on baten ezinbesteko ezaugarriak?

Hiru aipatuko nituzke: batetik, ezagutzak zein sentimenduak transmititzen jakitea; bestetik, psikologo samarra izatea; eta, azkenik, askotan aipatzen dena, pazientzia izatea.

Urte hauetan guztietan zein izan da bizi izandako aldaketarik gogorrena?

Aldaketa asko izaten dira, eta, zenbat eta aurrerago joan adinean, orduan eta gehiago kostatzen da moldatzea. Malgutasuna galtzen da. Baina motibazioa eta aukera dagoenean, urratsak ongietorriak dira beti. Euskararekin gertatu izan zen moduan. Jaurlaritzak aukera eman zigun euskara ikasteko eta lan handia egin da euskara mailan Ipintzan. Ikastetxea herria euskalduntzeko baliagarria izan dela esango nuke.

Zein unetan dago orain Ipintza institutua?

Hezkuntzarako ez da une egokia gaurkoa, baina eskola publikoa sasoi onean dago eta horrela jarraitzea nahiko nuke...

Eta bukatzeko: erretiratutakoan, zer? Asmoren bat?

Gauza handirik ez... Gertuko gauzekin gozatzen ahaleginduko naiz, familiarekin, lagunekin... Eta gauza berriak ikasteko ere aprobetxatuko dut, ziur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak