EAJk atez ateko zabor bilketa sistemaren kontrako herri plataformarekin batera 4.700 sinadura jaso ditu. EAJko ordezkariek gaur egindako agerraldian adierazi dute aurrerantzean ere bestelako ekintzak burutzen jarraituko dutela: "Bergarar guztiei dei egiten diegu atez ateko sistemaren aurka antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko eta beraien hitza errespeta arazi gure herrian. EAJk ez du etsiko Bergarako Udal Gobernuak bere erabakia atzera botatzeko lanean", adierazi du EAJko zinegotzi Aintzane Oiarbidek.
"Zarautzentzat ona ez dena ez dugu Bergaran nahi"
EAJko Bergarako ordezkariek agerraldia hasi dute esanez "Zarautzentzat ona ez dena" ez dutela nahi Bergaran. "Ikusten ari gara atez atekoaren alde egin zuten 33 udalerrietatik batzuk atzera egiten ari direla. Zarautzek esan du jadanik ez duela atez atekoa jarriko eta bosgarren edukiontzian oinarritutako modeloa lantzen hasiak dira".
"Ez dugu zabortegirik nahi"
Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek Diputazioaren hondakinen kudeaketa plana aurkezterako orduan adierazi zuen birziklatu ezin diren hondakinei trataera biologikoa bat eman eta "kutsagarriak ez diren" fardo moduko batzuk osatuko liratekeela.
Horiendako egun hutsik dauden harrobiak biltegi moduan erabiltzea proposatu zuen. Bada EAJko ordezkariek adierazi dute Bergaran ez dutela zabortegi berririk nahi. Gainera, Bergarako EAJkoek diote, bola konpakto horiek "kutsatu egiten dutela eta usain txarra" botatzen dutela, Alduntzinek esaten duenaren kontra. "Bergaran badugu martxan ez dagoen harrobi bat eta baliteke birzikla ezin daitezkeen arrasto edo zabor bola konpakto horientzako zabortegia hementxe ipintzea. Argi esan nahi dugu Bergaran ez dugula zabortegirik nahi".
Gai horren inguruan, eta Antzuolara bidean dagoen harrobiari erreferentzia eginez, honakoa gaineratu du Bergarako alkate ohi Vitoriano Gallastegik: "Alkate nintzenean itxi genuen harrobia eta erabaki zen sekula ezer gehiago ez botatzea hor. Ezker abertzaleak ere horixe eskatzen zuen. Nola uler daiteke orain berriro ere harrobiak zabaldu nahi izatea? Non dago garai hartako sentsibilizazioa?".
"Non jarriko dituzte zintzilikarioak gune historikoan"
EAJko zinegotziak, bestetik, arduratuta azaldu dira gune historikoan atez atekoak izan dezakeen eraginaz: "Bergarako gune historikoa babestuta dagoenez, zein da Udalak duen asmoa? Non ipiniko dituzte zintzilikarioak? Udalak behartu al ditzake etxejabeak zaborrak atari barruan lagatzera Hernanin egiten duten moduan? Udal Gobernuari egin diogun galderetako bat izan da eta ez dugu erantzunik jaso".
Agerraldia amaitu dute salatuz hondakinen gaiarekin Bilduk tentsioa besterik ez duela sortu Gipuzkoan: "Gipuzkoarrek behar dutena da zaborren arazoa konpontzea eta aurreko legealdian konponduta zegoen. Gipuzkoarrok behar duguna da tentsioa lasaitu eta krisiaren aurka eta gure herriaren burujabetzaren alde indar guztiak batzea".