Merkatariak kezkatuen
Jardunaldi horiez gain, hiru bilera egin zituzten; lehenengoa herriko elkarteekin, bigarrena merkatariekin eta hirugarrena bergarar guztiei irekia. Merkatarienak batu zuen jende gehien: "70 pertsonatik gora etorri ziren. Normala den moduan zalantza asko zituzten, hondakin asko sortzen duen sektorea delako. Antzuolako fruta saltzaile baten esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten eta horrez gain, zalantza guztiak argitzen ahalegindu ginen. Uste dut lasaiago irten zirela bileratik eta asko eskertu zuten horrelako bilera informatiboa egitea. Aurrerantzean ere beraiekin kontaktuan jarraituko dugu, dendaz denda bakoitzaren egoeraren azterketa egingo dugu".
Hain justu ere ekaineko azken astetik aurrera Udalak lau informatzaile ipiniko ditu herriko merkatarien egoera aztertzeko eta zalantzak argitzen joateko.
Elkarteekin egindako bileran bestetik, 30 lagun inguru batu ziren eta herritarrendako antolatutakoan gutxiago. "Orokorrean balorazio positiboa egiten dugu bileren gainean. Uste dut herritarrak konturatu direla atez atekoa sistema malgua dela eta ondo egin nahi izanez gero herritarrek berehala ikasiko dutela".
Herritarrendako informazioa
Herritarren zalantzak argitzen jarraitzeko uztailean bi informazio bulego ipiniko ditu Udalak. Bat erdigunean egongo da eta bestea kanpoaldeko auzo batean. Horrez gain auzoz auzo hainbat bilera egingo dituzte: "Lehenengo baserri auzoetako alkateekin bilduko gara eta auzoetara joateko egutegia zehazteko dugu. Ondoren kaleko auzoak lau gunetan banatuko ditugu eta horiekin bilerak egingo ditugu. Udako oporretatik bueltan lau gune horiek zazpi gunetan banatuko dira eta bakoitzaren bi bilera egingo ditugu".
Herri galdeketarik ez da egongo
Atez atekoaren kontrako herri plataformak sinadurak batzen jarraitzen du. Bada, Udal Gobernuak adierazi du ez duela plataformarekin biltzeko inongo arazorik. "Udaletxeko ateak irekita daude herritar guztiendako eta baita atez atekoaren kontra dagoen plataformarendako ere. Herritar moduan edo plataforma moduan etorrita gustura emango dizkiegu behar dituzten azalpen guztiak. Mahai baten bueltan ezarri eta euren proposamenak entzuteko prest gaude. Azalduko diegu, esaterako, zergatik ez dugu herri galdeketarik egingo; uste dugu ez dela bi sistemaren arteko aukeraketa bat. Aukera bakarra daukagu oraingoz beharrezkoa den birziklapen kopuru hori lortzeko eta hori atez atekoa da".