Maider Elkoro: "Euskal Herrian erabiltzen diren hizkuntza guztiak batzea da asmoa"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko eka. 5a, 02:00

Auzoko egitasmoaren baitan sortutako hizkuntza askotariko ataria da hizkimizki.com. Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko tresna.

Zer da ‘hizkimizki.com’?

Euskaratik eta euskaraz sortutako tresna berria. Webgune horrek oinarrizko poltsikoko  hiztegitxoak sortzen ditu 43 hizkuntzen arteko konbinazioak eginez, hau da, 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen ditu. Euskaraz sortutako 300 hitz inguruko oinarrizko hitz sorta beste 42 hizkuntzatara itzuli dugu eta aplikazio informatiko berria dela medio, hizkuntza guzti horiek binaka konbinatzeko aukera sortu dugu. Aplikazioak aukeratutako bi hizkuntzen arteko oinarrizko hiztegia maketatuta ematen du DinA4 batean inprimatu, tolestu eta poltsikoan sartzeko prest.  Plataformak sortzen dituen konbinaziotariko asko, esan genezake lehen aldiz egiten direla, hizkuntzatariko asko lehen aldiz gurutzatu direla elkarrekin, esaterako, kichwa-Nepaliera, Sherpa hizkuntza-Tamazigha edo Fula-Islandiera.

Euskal Herrian berba egiten diren hizkuntza denak jaso nahi dituzue. 

Euskal Herrian gaur egun 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira eta gure helburua guztiak jasotzea izan da. Eta hasi besterik ez gara egin! Gainera, Euskal Herrian hitz egiten ez diren hizkuntzen ekarpenak ere jaso ditugu; beraz, erronka areagotu egin dugu. 10 hizkuntzek munduko biztanleriaren %50 barneratzen dute, beste %50ak munduko 6000 hizkuntzatariko bat hitz egiten dute.  Egoera horrek, munduko hizkuntza asko desagerpen arriskuan jartzen ditu eta Topagunean bat egiten dugun hizkuntza ekologiaren ikuspuntutik, hizkuntza guzti hauek babestea dagokigu. 

Sinplea eta erabiltzeko erraza da. 

Bai. Hainbat hizkuntza komunitateri euskararentzako sortu dugun baliabidea eskuragarri jartzea izan da helburua eta hainbeste hizkuntz komunitateri zuzentzeko/aurkezteko aukerak aztertzen jarri ginenean bisualki egin behar zela erabaki genuen. Webgunearen inguruko informazioa euskaraz jarriz gero, euskal hiztunok bakarrik ulertuko genuke eta munduari begirako gunea nahi genuen. Hizkuntza guztiei trataera berdina ematearren, hizkuntza guztietara itzuli beharko genukeela ikusita eta horrek ekarriko zuen lana kontutan hartutik, inongo esplikaziorik eman gabe ulergarria izango zen gunea sortzea erabaki genuen. www.hizkimizki.com helbidean sartu eta orri sinple sinple bat zabaltzen zaigu non bi lauki agertzen diren bata bestearen ondoan. Ezkerreko laukian abiapuntu bezala nahi dugun hizkuntza hautatzen da eta eskumakoan konbinatu nahi duguna. Azpian dagoen gezi berdearen gainean klik egin eta 20 segundoren bueltan maketatutako hiztegitxoa ematen digu.

Herritarren parte hartze handia izan duzue.

Bai. Ideiaren lanketa, koordinazioa eta trakzio lanak Topaguneak egin baditu ere, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izan da. Hiztegi gehienak Euskal Herriko kaleetan sortu dira, beste hizkuntza batzutako hiztunak diren herritarrek  egin dituzte. Hiztegiak zuzentzeko beste hiztun batzuekin kontrastatu dugu eta aplikazio informatikoa, berriz, Konponbit elkarteak egin du. Guztira 100 pertsona inguru aritu gara hizkimizkiren bueltan dantzan. 

Auzoko egitasmoan du abiapuntua?

Bai Topagunearen Auzoko egitasmoaren baitan sortutako hizkuntza askotariko gunea da. Auzoko hizkuntza egitasmoa da, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko asmoa duena. Gure herrietan askotariko kulturak eta hizkuntzak daude, eta, horiek ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko eta guztion arteko komunikazioa euskaraz jorratzeko, sortutako egitasmo xume, horizontal eta parte-hartzailea dugu. Egun Euskal Herrian 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira eta Auzokoon ondare hori ondo zaintzea dagokigula sinisten dugu, oinarrian guztion arteko elkar aitortza jarriz. Beste hizkuntza batzutako hiztunak gurera hurbildu nahi ditugu eta honek euskararekiko aitortza eskatzen du. Euskal hiztunok gure hizkuntzarekiko dugun atxikimendua beste hizkuntza batzutako hiztunek ere badaukate haienarekiko eta aitortu nahi diegu. Hala, 2010ean Auzoko abian jarritako herrietan, beste hizkuntza batzuetako herritarrekin oinarrizko hiztegitxoak lantzeari ekin genion. Hiztegi bakoitza hizkuntza horretako hiztunek egin dute, haiek dira hiztegien egileak eta hiztegi bakoitzean egilearen izena jasotzen da. 

Dagoenetan lagako duzue ala atal berriak gehituko dizkiozue?

Praktikotasuna bilatzen dugu, hiztegitxoak erraz eskuragarri izatea eta honegatik maketatu ditugu DinA4an, etxean inprimatu ahal izateko. Maketazioak mugatuta, 227 ilarako hiztegitxoak sortzen ari gara gaika: erosketak egiteko, eskolarako, turismorako, etab. Etorkizunean, egoera desberdinetarako oinarrizko poltsikoko hiztegiak lortu ahal izango ditugu hizkimizki.com webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak