Bi linea dauzka herribusak, 20 minutuko maiztasunarekin funtzionatzen dutenak, eta nobedade gisa domeka eta jai egunetan ere badabiltza autobusak orain, maiztasun gutxiagorekin bada ere. Autobusean bertan kargatu daitezkeen txartelak daude eskuragarri; txartelak erabiliz gero, 0,60 euro ordainduko du herritarrek ibilbide bakoitzeko eta bestela, 1,10 euro.
Pezeta bat hasieran
Orain 50 urte zerbitzua abian jarri zutenean pezeta bat balio zuen bidaia bakoitzak. Halaxe diosku Aurelio Ot txofer ohiak. 42 urte egin zituen gidari lanetan, 2004an erretiroa hartu zuen arte. Nazar modelokoak ziren lehenbiziko autobusak 1962an eta Aurelioren arabera Martin Elkoroiribe, Jose Mari Akizu, Miguel Sagastume Urkiko Magoa eta Joaquin Guillen Bigotes izan ziren bultzatzaile nagusiak. Bigotes ezaguna izan zen lehen txoferra, askok eta askok gogoan izango dutena. Fernando Duran, Rafael Castro eta Aurelio Ot dira hasiera hartako beste txoferrak. Aurelio Ot, Kordobako La Carlotakoa sortzez, Transportes Garitano enpresan zebilen lanean urbanoarekin hasi aurretik. 1966an urbano zerbitzua Bigotes eta Aurelio beraren esku geratu zen. Ez zen isilik gidatzekoa Aurelioren lankidea; "Bai, zarata baten ibiltzen zen askotan, mekaguendioska, baina pertsona ona zen, eta langile fina. Erabiltzen zuen hizkeragatik kexa bat baino gehiago jaso genituen, baina Udaleko arduradunek ikusten zuten kontu hark ez zuela konponbiderik..." diosku Aureliok. Haren arabera, 1967ko urtarrilean izan zuten lan gehien urbanoarekin; elurteak tarteko, 118.000 erabiltzaile izan zituzten hilabete hartan. Lan jardun luzeak ere izaten zituzten tarteka garai hartan; goizeko 5.00etan hasi, lantegietako lehen txandarekin, eta 22:00ak aldera amaitu.
Lau txofer gaur
Urrezko aro horren ondoren, garai zailagoak etorri ziren eskoletako garraioaren erruz nagusiki. 1991ko Jose Inazio Sasiain hasi zen gidari lanetan, Bigotes-i urbano zaharragatik 150.000 pezeta ordaindu eta gero. Gaur egun, Aurelio erretiratu zenetik, Sasiain bera dugu txofer dekanoa. Beste hiru txofer dihardute harekin: Amaia Velez de Mendizabal, Karlos Igarza eta Andoni Erdabide. Igartza eta Erdabide izan dira hasitako azkenak, aurten, Amaia 2007tik ari delako urbanoarekin. GLP gasarekin eta gasolinarekin doazen autobus hibridoak dira gidatzen dituzten autobusak, Spican Urban modeloa hain zuzen; ekologikoak eta garai batekoak baino askoz isilagoak.
Konplizitatea erabiltzaileekin
Sasiainek 20 urte pasatxo egin ditu beraz urbanoarekin lanean eta erabiltzaile askorekin sortzen den konplizitatea nabarmentzen du: "Badago ia egunero ikusten dudan jendea eta hau edo bestea falta direnean, faltan botatzen dituzu nolabait. Lan guztietan gertatzen den moduan arazoak ere egoten dira, baina orokorrean gustuko lana dut. Eta lerro hauetatik bereziki Labegaraieta aldeko jendearen fideltasuna eskertu nahi nuke, ezinbestekoak izan direlako urbanoa horrenbeste urtetan bizirik irauteko. Zalantzarik gabe, jendearekiko tratua da laneko gauzarik onena".
Anekdota bat edo beste ere badauka Jose Inazio Sasiainek: "Behin edo behin gertatu izan zaigu lantegiren batera joan, errelebo amaierarako ustez, eta ordurako joanda egotea langileak, ostiraletan lehenago irteten zirelako... Baina ez dugu ezer apartekorik izan urte haietan". Erdi barrezka aitortzen duenez, isunak ere gutxi: "Udaltzaingoarekin primeran moldatu izan gara beti eta arazorik ez da egon. Behin, salto baten, etxera joan beharra izan nuen eta autobusa gaizki laga nuen azokaren ondoan, eta jarritako isuna berehala kendu zidaten... Bestalde, lan aldetik, Elosuko feria izan da beti egunik zailenetakoa, eta despedida eta bodetarako zerbitzu bat edo beste egin izan dugu herri barruan, dio Sasiainek.
Urbanoak, beraz, 50 urte berri ditu eta hor jarraitzen du, herrian gora eta behera, hasierako ibilbideari eutsita eta bidaiarien belaunaldi berriak erakarri nahirik. Herritarren zerbitzura, geralekuz geraleku, bizi-bizi iraun nahi duen zerbitzua.