Joan den zapatuan, Bergarako EAJk herriko zenbait kale eta auzotan mahaiak jarri zituen, Bergaran sortutako "Herri plataformarekin bat" eginez, "atez ateko hondakin bilketaren aurka dagoen jendearen babesa jasotzeko". Herri Plataformak martxan jarri zuen leloa hauxe izan zen: Atez ate ez! Bosgarren edukiontzia bai! Eman hitza herriari! Eta EAJk bat egin du horrekin.
"Gure ereduarekin bat"
Bergarako EAJren esanetan, lelo honek "gure ereduarekin bat" egiten du. Horregatik, Herri plataformak EAJri, jasotako 2.828 sinaduren erregistroaren kopia eman zion. Eta EAJk erabaki zuen udaletxean martxoaren 26an egin zen Plenoan, plataformaren eskaeren defentsa egitea.
Pleno horretan erabaki zuen Bergarako Udal Gobernuak hiri hondakinak batzeko atez-ateko bilketa sistema ezartzea, "Herri plataformaren sinadura bilketa kontutan hartu gabe". Hori hala, EAJk dioenez, pleno berean "esan genuen hortik aurrera plataformarekin bat egiten genuela eta gure ekintzak abian jarriko genituela".
4.000 sinaduratik gora
Joan den zapatuan jaso zituzten sinadurak plataformak jasotakoei gehituz, 4.000tik gora sinadura daude EAJk emandako datuen arabera. Zapatuan "gure mahaietara gerturatu zen jende kopurua ikusirik, atez atekoaren aurka beraien iritzia kontutan hartzeko duten beharra ikusirik eta beste auzo batzuetako jendearen eskaera ikusirik", berriz ere sinadurak biltzeko mahaiak ipintzea erabaki du Bergarako EAJk.
Asteburuan gehiago
Zapatua, maiatzak 19
- Oxirondo azokan: 08:30-12:00.
- Bolu: 11:00-14:00.
- Irala kalea: 11:00-14:00.
- Osintxu: 12:30-14:00.
Domeka, maiatzak 20
- Angiozar 11:00-12:30.
Dendetan ere bai
Bestalde, Bergarako EAJk jakinarazi nahi die herritarrei Herri plataforma eta EAJ, herriko komertzio desberdinetan jasotzen ari diren sinaduren bilketa maiatzaren 31n amaituko dela.
"Mahaietara hurbildutakoei eskerrak"
Ondoren, sinadura guztien zenbaketa egin, eta plataformarekin batera udaletxean emango diete sarrera.
Bergarako EAJk dio eskertu nahi dituela "gure mahaietara sinatzera inguratu zen jendearen iritziak eta babesak". "Uste dugu, gainera, alderdikeriak utzi eta herritarrei entzun behar zaiela hondakinen kudeaketa gai honetan. Beharrezko ariketatzat hartzen dugu hau" amaitzen du Bergarako EAJk, hedabideetara bidalitako oharrean.