Iñigo Iñurrategi: "Arazoa ez da bilketa sistemarena, kontsumo kate guztiarena baizik"

Arritxu Barruso 2012ko mai. 17a, 02:00

Udal Gobernuak eskatuta Transition Towns mugimenduaren gaineko hitzaldia eskaini zuen maiatzaren 11n (egubakoitza) Iñurrategik.

Garapen eredua aldatu beharra dugula diozu. Aldatzera derrigortuta gaudela

Gure bizimodua epe luzera erabat jasan ezina den baliabideen kontsumo maila batean oinarrituta dago; Eta gainera energia fosil merkea eskuragai izatearen baldintzapean. Garai hori bukatzen ari da. Petrolio merkea, ikatz merkea, gas natural merkea… Bata bestearen atzetik amaitzen ari dira. Eta horrek egingo du ezinezko gaur egun daukagun bizimodua. Inork gutxik jartzen ditu zalantzan datu objektibo horiek. Nazioarteko Energiaren Agentziak, AEB zein Europako gobernu agentziek, eta gurean Eusko Jaurlaritzak  “Euskadi 2020ko Garapen Jasangarrirako Estrategian” ematen digute krisi energetikoaren egoeraren berri.

Nola eragingo liguke horrek guri?

Hasteko azpimarratu beharra dago EAEko subirautasun energetikoa %5 ingurukoa dela. Eta gainera petrolioarekiko daukagun dependentzia handiegia da. Ia denerako behar dugu petrolioaren deribaturen bat: garraioa, elikagaiak, berotasuna, jantziak, edozein motatako gailuak, … Petrolioz eta petrolioaren energiari esker eraikitako bizimodua da gurea. 

Energia berdeekin ez dago konponbiderik?

Momentu honetan oso urruti gaude erregai fosilak energia berdeekin ordezkatzea bermatzetik. Beraz, nahi edo nahi ez, gure bizimodu antolaketa intentsitate energetiko gutxiagoko  parametro berrietara moldatu beharko dugu. Zenbat eta gehiago aurreratu teknologikoki, eta batez ere, zenbat eta gehiago murriztu gure energia eta materialen kontsumoa, orduan eta aldaketa errazagoa. Baina oso urruti gaude hortik. Ez gaude prest. Eta ezin dugu denbora gehiago alferrik galdu. 

Etorkizuna ilun samarra ikusten duzu zuk, orduan.

Arduratzen nau etorkizunak, baina aldi berean ilusioz eta baikor nago. Alde batetik gure belaunaldiari tokatuko zaigulako erronka izugarri honi aurre egitea. Eta bestetik, bizimodu aldaketa, material behar gutxiago eta intentsitate energetiko gutxiago izango duen etorkizun bat ez delako bizimodu okerrago baten sinonimoa. Bizitza zoriontsuago bat asmatzeko aukera daukagu.

Non kokatzen da aldaketa behar horretan Transition Towns

Mugimendu hau 2006an Ingalaterran sortutakoa da, eta mundu guztian hedatzen ari da. Behetik gorako autoantolatutako mugimendu zibila da, eta hain zuzen ere energia fosil merkerik gabeko etorkizun horretara ahalik eta trantsizio ordenatuena, errazena eta eraikitzaileena egitea dute helburu. Horrelako hainbat ekimen interesgarri daude munduan, baina guri aspalditik deitu zigun atentzioa jende honek eta ia hasieratik gaude beraiekin elkarlanean, Bagara proiektuaren baitan.

Udal gobernuak atez ateko zabor bilketa sistema ipiniko du martxan, eta erabaki horren bueltan antolatu du zure hitzaldia. Zergatik?

Gu azkeneko bi urteetan ari gara han eta hemen era honetako hitzaldiak ematen, eta mundu mailan gertatzen ari denari  buruz daukagun irakurketa konpartitzeko eskatu ziguten, zaborren inguruko eztabaida marko teoriko zabalago batean kokatzeko. Egungo errealitate mundiala krisi sistemiko gisa definitzen dugu. Horretan bat gatoz Ibarretxek egiten duen diagnostikoarekin. Berak pobrezia, aldaketa klimatikoa, elikadura krisia, krisi energetikoa, finantza krisia eta krisi kulturala aipatzen ditu, nazioarteko erakundeen jarrera koordinatuaren gabeziaz batera. Otegik ere orain gutxi antzerako zerbait idatzi zuen Logroñoko kartzelatik. Eta bi politikari ezagun hauek aipatzen ditut azpimarratzeko gure txokoko eztabaida politikoen gainetik dagoelako arazo mundiala. Gai hau alderdien arteko lehiatik atera beharra dago. Garrantzitsuegia da. Ezin dugu zalantzan jarri ahalik eta azkarren iritsi beharko ginatekeenik zero zabor (edo ahalik eta gutxien) sortzera. Aberrazio bat da etorkizunean erabat baliagarri izango zaizkigun baliabideak hondakin artean galdu edo erretzea. Etikoki onartezina den luxu bat da. Etorkizuneko belaunaldien baliabideak xahutzen ari gara, eta hori  lehenbailehen aldatu beharra dago. 

Uste duzu atez ateko zabor bilketa sistema dela zaborraren arazoa konpontzeko egun dagoen bide hoberena?

Arazoa ez da bilketa sistemarena soilik, produktuen ekoizpen eta kontsumo kate guztiarena baizik. Nik ez dut interes berezirik atez ateko bilketa sistemarekin. Uste dut helburua garbia dela, eta horretan kontsentsu ahalik eta sendoena lortu behar dela: lehenbailehen zero zabor sortzea, eta ahalik eta ondoen aprobetxatzea baliabideak. Hortik aurrera, demostratzen bada bosgarren edukiontziarekin birziklai emaitza onenak lortzen direla horren alde egingo nuke. Kontua da momentu honetan alde handia dagoela atez atekoaren eta bosgarren edukiontzidun sistemaren emaitzen artean, eta beraz iruditzen zait guztiontzako onena eta arduratsuena dela atez ateko sistema.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak