Sekulako polemika sortu da lurraldean, Bilduk atez atekoa ezartzeko hartutako erabakia dela-eta. Zergatik?
Foru Aldundiko aurrekontuetan Bildurekin adostasuna lortu genuen. Baina, bat-batean, Bildu azaldu da esaten 34 udalerritan atez atekoa ezarriko dutela. Aldebakarreko erabakia izan da. Ostera, beti aldarrikatu izan dute herriari ahotsa eta hitza eman behar zaiola. Hortik datoz haur egungo ika-mikak.
Zer gerta daiteke aurrerantzean?
Hitz egiten, denon arteko adostasunez, egin behar dugu aurrera. Gidoi hori apurtu eta herritarrak kontuan izan gabe hartu ditu erabakiak Bilduk. Nik ulertzen ditut erakundeak pertsonen esanetara edo zerbitzura; ez pertsonak erakundeen zerbitzura.
Ezinbestekoa da Zubietako errauste planta?
Beti geratzen da frakzio bat birziklatu eta balioan jarri edo aprobetxatu ezin daitekeena. Gure ustez, frakzio hondar horri balio energetikoa atera behar zaio. Ez soilik erre, eliminazio sistema moduan. Aprobetxamendu energetikoa atera. Uste dugu hori lortzen dela Zubietako errauskailuarekin: hondakinen trukean argindarra sortuz. Hondakinak lur azpian sartuz, ez dugu ezer lortzen. Azkenean, sistema integral bati buruz ari gara. Zikloa ixten du errauskailuak. Zubietako errauste plantarekin, Gipuzkoan, 60,000 familiarendako argindarra sortuko litzateke.
Kontrakoek diote errauste plantari hondakinak eman behar zaizkiola jateko, eta, ondorioz, birziklatu, gutxiago egiten dela. Zer diozu?
Europako herri aurreratuenetan, Danimarkan, Austrian, Alemanian, Suedian… zer egiten duten begiratu besterik ez dago. Gehien birziklatzen duten herriak dira eta haiek erabaki dute zabortegiak ez erabiltzea. Hondakin hondarrak balioan jarri eta energia sortzea erabaki dute herrialde horietan. Gure kasuan, zabortegietan, lur azpian dagoen milaka eta milaka hondakin tona errauskailuan erre daiteke, hondakin horiek ere balioan jartzeko.
Errauskailuaren aurkakoek diote kutsakorra direla. Hala da?
Garai bateko errauskailuak, akaso, baina gaur egungoak ez. Europan errauste edo balorizazio plantak non dauden ikusten badugu, konturatuko gara hirien erdian daudela. Ateratzen den argi indarra eta ur beroa hirian bertan aprobetxatzeko.
Europako beste hiriburu garrantzitsu batzuetan, Bruselan esaterako, atez atekoa darabilte…
Atez ateko eredu bat baino gehiago dago. Esaterako, hor dago Itsasondokoa. Edukiontzien sistema erabiliz, organikoa batzekoa barne. Eta errefusa edo hondar frakzioarendako zintzilikarioak erabiliz. Baina edukiontzi berdea edo zabor poltsak botatzen ditugun hori kenduta. Eta birziklatze maila altuak lortu dituzte hor. Eredu bat da. Hemen, Gipuzkoan, ezarri den atez atekoaren moduko asko ez daude kanpoan. El Salvador da horren eredua…
Zein da EAJrendako eredu egokiena?
Zintzilikariorik bakoa. Uste dugu hemen planteatzen den atez atekoak herritarren anonimotasuna zalantzan jartzen duela. Itsasondokoa izan daiteke eredua, baina argi esan behar da, Itsasondon, %90eko birziklatze maila lortu bada ere, era berean, zaborra %38 desagertu egin dela. Horrek esan nahi du jendeak ez duela nahi bere zaborra kalean ikustea. Gure sistema hau da: lau edukiontzi eta bosgarren bat, txartelarekin, errefusarendako eta materia organikoarendako. Horrekin kontrolatzen da zenbatean atera zenezakeen kalera hondakina. Baina, betiere, herritarren intimitatea zainduz.
Emaitza onak lortuko lituzke sistema horrek?
Bai, baina inposatu gabe, erakutsiz, heziz. Gipuzkoarrok beti erakutsi dugu birziklatzeko borondatea. Oso onak gara gauzak egiten. %40tik gora gabiltza birziklatzen. Jakina, hori hobetzea da helburua eta materia organikoarena zen erronka. Horregatik jarri genuen edukiontzi marroia herri batzuetan, oso emaitza onak lortuz.
Zergatik ez zenuten hedatu lurralde osora?
Egon ginelako bi eredu konparatzen: materia organiko sukaldatutakoa eta sukaldatu bakoa. Ezberdinak dira. Sukaldatutakoak gatza du eta ura erretenitzen du. Sukaldatu gabeak askoz ere tratamendu errazagoa du.
Bilduren ustea da ezinbestean jendea behartu behar dela birziklatzera, bestela emaitzak ez direla onak. Ados zaude?
Horrek izan behar du herritarrei eman zaien tratamendua? Norbaitek helburu bat markatu du eta ezinbestean helburu hori lortu nahi dute. Ez dute udalek erabaki, beste instantzia batean hartu da erabakia. Herria aintzat hartu gabe. Begira, Zarautzen, bosgarren edukiontzi marroia jarri zen eta emaitza oso onak lortu dituzte. Asko birziklatzen da edukiontzien sistemarekin.
34 udalerritan birziklatze maila handia lortzen bada atez atekoa ezarrita, arazoa konponbidean izan daiteke?
Ez. 34 udalerritan atez atekoa ezarrita ere, gipuzkoarron %35era ailegatuko dira. Eta atez atekoa ezarriko ez duten herri edo hiriek hartuko dute ondoko herrietako zaborra. Jendea konbentzitu egin behar da, ez obligatu, ze, bestela, gauzak, normalean, gaizki bukatzen baitute.
AHT ere inposatu egin dela diote kontrakoek…
Modernizazioa kontuan hartu behar da. Ezin dugu atzera jo. Mundua mugitzen ari da; gu ezin gaitezke geldi geratu, mugitu egin behar gara munduarekin batera. Gauza asko eta ondo egin ditugu urte askotan orain arte. Ona dena dena zalantzan jarri behar dugu? Gipuzkoako jendarteak ez du onartuko horrelako atzerapausorik.
Benetan beharrezkoa izango da errauste planta Gipuzkoako 34 udalerritan atez atekoa ezarrita?
Baietz, baietz, dudarik ez. Donostian jarri behar dute atez atekoa? Lasarten? Irunen? Biztanleriaren gehiengoak ez du atez atekoarekin funtzionatuko. Beti egongo da zati bat, hondar bat, birzikla ezin daitekeena.
Ze eredu da merkeagoa?
Samurra da erantzunen: ikusi besterik ez dago Hernaniko udaleko aurrekontua. Atez atekoa ezarri aurretik eta ostean. 600.000 euro gehiago kostatzen zaio Hernaniri hiri hondakinak kudeatzea atez atekoarekin.