Bergarako EAJk bere egiten ditu atez ateko zabor bilketaren kontra eta galdeketa baten alde herrian sortu den Herri plataformaren eskaerak eta bide horretan arituko da lanean. Horixe adierazi dute gaur eguerdian EAJko ordezkariek egindako agerraldian.
Bide horretan lan egiteko sinadurak jasotzeko mahaiak ipiniko dituzte datorren zapatuan, maiatzaren 12an, herriko puntu desberdinetan: Labegaraietan, Irala kalean, Matxiategin, Merkatuan eta Fraiskozurin egongo dira sinadurak biltzen.
Hitzaldia
Horrez gain, eta EAJk berak hondakinak kudeatzeko proposatzen duen ereduaren berri emateko, hitzaldia antolatu dute eguaztenerako Irizar Jauregian. Aurreko agintaldian Ingurumen diputatu izan zen Karlos Oramazabal etorriko da. Iluntzeko 19:30etan hasiko da hitzaldia.
"Atez atekoaren datuak ez dira egia"
EAJko ordezkariek gaurko agerraldia apropetxatu nahi izan dute herritarrei hainbat azalpen emateko. Hori horrela, adierazi dute ez dela egia atez ateko hondakin bilketak edukiontzienak baino emaitza hobeak lortzen dituenik. Gaineratu dute, inolaz ere ez dela egia atez atekoarekin %80 birziklatzen denik. Argitu nahi izan dute, bestetik, atez atekoa sistema garestiagoa dela eta hernaniko kasua ipini dute adibide gisa: EAJren esanetan Hernanin aurreko eredutik atez ateko eredura pasatzen 600.000 euro garestiago ateratzen zaie hernaniarrei zaborraren gestioa.
Bergarako Udal Gobernuarengana ere zuzendu nahi izan dira. EAJren esanetan Udal Gobernuak ez dauka aurrekonturik ez eta plangintzarik bergararrei atez atekoak zenbateko kostua suposatuko dien jakiteko; "transparentzia falta" eta "arduragabekeria" egotzi diote.
Atez atekoaren aurrean EAJk bere Hondakinak Kudeatzeko eredua defendatu du: "Aurrea hartu eta prebenituko duena, birziklatu eta konpostatuko duena, eta birziklatu ezin dena gaur egungo tratamendu plantetan tratatu eta balioztatuko duena".