Bergarako Udalbatzak atez atekoaren alde egin du Bilduren eta Aralarren botoekin

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 27a

Bergarako Udalbatzak atez atezko sistemaren alde egin zuen atzoko ohiko bilkuran. EAJ eta PSE-EE oposizioko alderdiek mozio bana aurkeztu zuten zaborren kudeaketaren gainean, baina Bilduk eta Aralarrek osatzen duten Udal gobernuaren proposamenak egin zuen aurrera. Herritar ugarik jarraitu zuten atzoko osoko bilkura luzea.

Atzo onartutako mozioak honela dio: "Bergarako Udalak ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartzen du. %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da gaur egun. Eta Bergarako Udalak sistema horren alde egiten du". Era berean Bildu eta Aralarko zinegotziek onartutako testuan jasotzen denez, "Udalak etengabeko urratsak emango ditu Bergara Zero Zabor lurraldea bihurtzeko bidean eta guztia burutzeko Debagoieneko Mankomunitateko lan batzordean parte hartze aktiboa izango du".

Esan bezala udal gobernuko 11 zinegotzien botoekin (Bilduko 9 ordezkariak eta Aralarko biak) onartu zuten mozioa. EAJko lau zinegotziek (Maite Barrena falta izan zen atzokoan) eta PSE-EEko Mari Karmen Barrenetxeak ezezko botoa eman zuten.

3.000 sinadura inguru

Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaileak jakitera eman zuenez, atzo goizean herritar talde batek atez ateko sistemaren aurka jasotako sinadurak errejistratu zituen udaletxean. 3.000 sinadura inguru direla aurreratu zuen Oiarbidek. EAJ oposizioko alderdi nagusia izanik, herritar horiek EAJrengana jo dutela eta haiek hasitako lanarekin jarraituko dutela esan zuen EAJko bozeramaileak: "Espero dut herritarrei bizkarrik ez ematea eta beraien eskaera kontuan izatea udal gobernuak". 

Eztabaida luzea izan zuten udal gobernuko eta oposizioko kideek. Batzuek eta besteek datuak ekarri zituzten mahai gainera, hurrenez hurren atez ateko sistema eta bosgarren kontenedorea defendatzeko. PSE-EE eta EAJren ustez, atez ateko sistema "zikina, garestia, estetikaren kontrakoa eta eraginkortasun gabekoa" da.

Bilduko Ariane Kareagak atez atekoaren alde egin zuen, haien ardatza Zero Zabor filosofia izan dela adieraziz eta filosofia horretara gehien hurbiltzen den sistema atez atekoa dela gehituz: "Gure ustez sistema eraginkorra da eta emaitza onak eman ditu orain arte. Gehiago eta hobeto birziklatu beharra dago eta orain arteko datuen arabera, prozesu guztia ez da garestiagoa".

EAJk ekaina baino lehen herri kontsulta egitea eskatu zuen atzoko plenoan, herritarrei honako galdera eginez: "Bergaran, atez ateko sistema ezartzearen alde zaude?". Kareagak, galdeketa egitekotan, beste galdera hau egitea planteatu zuen: "Atez atekoa ala erraustegia?".

Luze jo zuen eztabaidak eta plenoa amaitu orduko gaueko hamarrak pasatxo ziren. Hainbat herritarrek ere hitza hartu zuten eta tentsio uneak ere izan ziren une batean, Mila Elortza eta Hilario Manzanedoren partetik EAJren aurkako hitzak etorri zirenean. Juan Jesus Alberdi eta Rafael Amosarrain EAJko zinegotziek egin zuten euren alderdiaren defentsa. Esan bezala, jende ugari batu zen osoko bilkuran eta ikusleen artean Victoriano Gallastegi eta Agurne Barruso alkate ohiak ere bazeuden.

Lan erreforma eztabaidagai

Lan erreforma dela eta, hainbat testu izan ziren aztergai, baina Bildu eta Aralarrek aurkeztutakoa onartu zuen udal gobernuak. Aipatutako lan erreforma lehenbailehen indargabatzea eskatzen dute: "Lan Harremanen Euskal Esparrua indarrean jartzea eskatzen dugu, lan merkatua arautu behar duten legeak erabakitzeko aukera euskal herritarroi emango diguna eta Euskal Herriko legebiltzarkide hautetsiei kongresuan eta senatuan lan erreformaren aurkako botoa ematea eskatzen diegu".

Era berean, eguenerako deitutako greba orokorrean parte har dezaten deia egiten diete herritarrei.

Bateragune eta Lodosako ikastola

Plenoa amaitu aurretik gai zerrendan jasota ez zeuden beste bi mozio izan ziren aztergai. Alde batetik, Bateragune auzian Auzitegi Gorenak bihar (martxoak 28) aztertuko duen helegitearen aurrean, alderdi guztiek (PSE-EEren abstentzioa izan ezik) baiezko botoa eman zuten Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto aske uzteko eskaria egiteko.

Bestetik, Udal gobernuko botoekin Lodosako ikastolaren aldeko mozioa onartu zuten. Udalak babesa, elkartasuna eta esker ona adierazi nahi dio Lodosako eta Sartagudako Ibaialde ikastolari 25 urte hauetan haur askori euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko egin duen lanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak