Atez ateko sistema onartuko du gobernuak gaurko udalbatzan

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 26a

Udaletxean ohiko osoko bilkura izango da gaur, 19:30etik aurrera, eta Jesus Elortza alkateak joan den martxoaren 7an aurreratu zuenez, hiri hondakinak atez ate batzeko sistema ezartzea onartuko du udal gobernuak.

Bilduk eta Aralarrek osatzen duten gobernuak du gehiengoa eta haien botoekin aurrera aterako dute proposamena, azken asteotan zeresan ugari eman duena. EAJ eta PSE-EE atez atezkoaren kontra azaldu dira, baina haien botoak ez dira nahiko izango udal gobernuaren erabakia atzera botatzeko. Edozelan ere, jeltzaleek eta sozialistek mozio bana aurkeztuko dute zaborren kudeaketaren gainean.

Gai zerrendan, 20 puntu

Gaurko gai zerrendak 20 puntu aurreikusten ditu eta zaborren kudeaketaren eztabaida amaiera aldera etorriko da: 16. puntuan, sozialisten mozioa aztertuko dute; jeltzaleek zabor-bilketa ereduaren inguruan landutako proposamena etorriko da jarraian; eta, azkenik, Bildurena: "ahalik eta hondakin gutxien sortu eta hondakinak biltzearen" gaineko mozioa.

Esan bezala, beste hainbat gai izango dituzte mahai gainean, tartean lan erreforma dela eta Bilduk eta Aralarrek landutakoa, PSE-EEk gai beraren gainean aurkeztutakoa edota EAJren beste bat lan merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

Hileroko azken asteleheneko osoko bilkuretan ohikoa denez, puntu denak jorratu ondoren, eskaera eta galderen txanda etorriko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak