Era berean, gaurtik hasita egubakoitzera arte, aste osoan, udaletxeko osoko aretoan bertan, erakusketa egongo da, Birziklatuz sortu izenburupean. Erakusketa horretan, Olaztiko Etorkizuna erretzen bideoa ikusteko aukera izango da.
Gogoan izan behar da, orain arte mahai-ingurua eta hitzaldi bi izan direla hiri hondakinen gainekoak denak ere, eta Zero zabor taldeak Bergarako Udalarekin eta Mankomunitatearekin batera antolatuta. Mahai-ingurua arrakastatsua izan zen oso eta Zabalotegi aretoa txiki geratu zen eta jende andana kanpoan ezin sartu gelditu zen.
Antzuolako kasua: erabakia, erreakzioak eta bizipenak izenburuko hitzaldia ere izan zen joan zen astean. Pedro Iturbe Antzuolako alkate ohiak eta Markel Azkargortak jardun zuten jende aurrean eta jakin-mina sortu zuen horrek ere.
Egubakoitzean beste berbaldi bat izan zen, hau ere interesez jarraitu zuten 50 bat lagunek: Zero zabor: posible da atez atekorik gabe? izenburukoa. Usurbilgo lehen esperientziaren berri emango zuten hizlariek.
Mahai-inguru, erakusketa eta hitzaldi horien bidez, Informazio-komunikazio fasea deiturikoa amaituko dute eta, ostean, bigarren fase bati emango diote.
Bigarren fasean, auzoetan
Bigarren fasean, Atez atekoan sakontzen izenburupean, auzoetan batzarrak eta herritarrekin, eragileekin eta merkatariekin bilerak egingo dituzte, apiriletik ekainera. Hirugarren fasea udazkenean iritsiko da.
Atez atekoaren gainean Bergarako Udalak Zero zabor taldearekin batera antolatu dituen ekimenen barruan sartzen dira guztiak. Helburua, herritarrei gaiaren gaineko informazioa zabaltzea da.
Atez atekoaren aurkako sinadurak
Atez ateko sistemaren aurka eta bosgarren edukiontziaren aldeko sinadura bilketa jarri dute abian hainbat herritarrek Bergaran; Arrasaten eta Oñatin ere bai. Bergarako Udal Gobernuak martxoaren 26ko osoko bilkurara eramango du atez ateko sistemaren onarpena eta horren aurrean, herriko hainbat komertziotan atez atekoaren aurkako sinadurak batzeari ekin diote.
Anonimotasuna mantendu nahi dute eta haien arabera, baliteke alderdi politiko baten bitartez aurkeztea jasotako sinadurak udaletxean.