Jose Antonio Agirrebeña: "Hiletik hilera, janaria behar duen gero eta eskari gehiago jasotzen ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko ots. 26a, 01:00

Urtebete egingo du laster Bergarako Elikagaien Bankuak. Oiartzungoarekin batera, Gipuzkoan dagoen bakarra. Elikagaiak batu eta premia dutenei banatu. Horixe da duten egitekoa. Zehaztasun gehiago eman dizkigu Bergarako Bankuko arduradunak, Jose Antonio Agirrebeñak.

Laster urtebete beteko da ireki zenutela Bergarako Elikagaien Bankua. Zer moduz?
Ondo joan da urtea, hasi ginenetik asko aurreratu dugu: gehiago batzen dugu, hobeto, hornitzaile gehiago ditugu, boluntario gehiago ere bai… Iaz martxoan ireki genuen Bergarako Elikagaien Bankua eta apirilerako egin genuen lehenengo elikagaien banaketa.

Jendeak uler dezan: zer da Elikagaien Bankua?
Erakunde bat, legez onartua, apolitikoa, akonfesionala eta irabazi asmorik bakoa.

Eta zein da zuen egitekoa?
Elikagaiak jaso eta behartsuei banatzea. 1997an hasi zen lanean, Oiartzunen. Ikusi zuten elikagai banatzaile edo saltzaileek janari asko eta asko bota beharrean izaten zirela; hau da, alferrik botatzen zutela. Eta, bestalde, ikusten zuten jendea premian zegoela. Halaxe hasi ziren boluntario batzuk eta urtetik urtera hazten joan zen. Elikagaiak, lehen, zaborrontzira joaten ziren. Orain, hori saihesten dugu: batetik, aprobetxatu egiten da janaria, baina, bestetik, zabor kopuru bat ez sortzea lortzen da.

Inguruan, Oiartzungoaz gain, beste non daude elikagaien bankuak?
Gipuzkoan bi daude eta gainerako lurraldeetan ere badaude. Euskal Herriko batzorde bat dago eta, aldi berean, batzorde hori Espainiako Elikagaien Bankuko Federazioko kide da. Lurralde bakoitzean bat dago. Gipuzkoan, bi.

Zein da Bergarako Elikagaien Bankuaren funtzionamendua?
Bergarako San Juan auzoan biltegi bat daukagu, 200 metro koadrokoa. Hotz-ganbera bat daukagu, izozkailua ere bai, eta bulego txiki bat. Bankuak hilean behin jaso eta banatzen ditu elikagaiak. Beste banku batzuetatik ere etortzen zaizkigu elikagaiak. Horretaz gain, azken minutuko elikagaien programa ere badugu. Eroskik, Carrefourrek, El Corte Inglesek… egunero-egunero berritzen dituzte apalategiak, eta produktu freskoak edo iraungitzeko daudenak edo itxura txarra duten edo mazpilduta dauden frutak, esaterako, egunero jasotzen ditugu; premia dutenen artean banatzen ditugu.

Nori banatzen diozue?
Astelehen, eguazten eta egubakoitzetan, 09:30erako joaten da Arrasateko Hiper Eroskira gure hozkailu-furgoia. Batzuetan 100 kilo eta beste batzuetan 300 kilo egoten da jasotzeko. Han jasotzen ditu elikagaiak, eta Bergarara ekarri. Bospasei lagun izaten ditugu egun bakoitzean boluntario lanetan, jaso, sailkatu eta berriro ere banatzeko. Banatzeko moduan ez daudenak zaborrera botatzen dira. Hala ere, pentsatzen gabiltza konposta egiteko edukiontzi pare bat ekartzea hona, geure biltegiaren ondoan ortua daukagu-eta. Hartara, konposta ongarri moduan erabili eta zabor gutxiago sortzeko.

Debagoienari ez ezik, Gipuzkoako beste eskualde batzuei ere ematen diezue zerbitzua Bergaratik, ezta?
Bai; Debagoiena, Debabarrena, Urola eta Goierri. Ikaztegietatik Eskoriatzaraino, Zumaia, Azpeitia…

Zenbat erakunderekin diharduzue harremanetan?
Une honetan, guztira, 30 erakunderi ematen diogu zerbitzua. Iaz, apirilaren 10ean, Oiartzundik jaso genuen zerrendarekin hasi ginen elikagaiak jaso eta banatzen. Lehenengo banaketa zortzi erakunde eta 286 pertsonaren artean egin genuen. Gaur egun, ostera, 30 erakunde eta 1.300 pertsona baino gehiagori banatzen dizkiegu elikagaiak. Guztira, 66.000 kilo elikagai banatu ditugu iazko apiriletik urte amaierara arte. Bailara osoko erakundeak, udaletakoak-eta, etortzen dira elikagaiak jasotzera. Norbanakoei ez diegu banatzen.

Boluntario kopurua ere hazi egin da?
Bai; gehienak erretiratu edo pentsiodunak dira; beste batzuk, ordea, lanean dabiltzanak: gure furgoiaren txoferra, esaterako.

Europako Batasunetik ere jasotzen dituzte elikagaiak gero hemen banatzeko, ala?
Bai, Europako Batasunak herrialde guztietan ditu banatzaileak. Madrilgo federazioaren bitartez, Oiartzundik eta Gasteizetik iristen zaizkigu elikagaiak guri. Aurten, Europako Batasunetik 830.000 kilo elikagai etorri dira hona. Guztira, milioi bat eta erdi banatu genituen iaz Gipuzkoan, bertatik eta kanpotik jasotako elikagaien artean. Europatik datorrena urtean lau bider banatzen dugu, hiru hilean behin. Bankukoa, berriz, hilero; eta azkeneko minutukoa, egunero.

Zeini banatzen diezue elikagai horiek?
Janari bila datoz Caritaskoak, etorkinen elkarteak, udalak, aterpetxeak, laguntza zentroak, eskolak, jangelak…: Arrasateko Ebanjelisten Taldea, Gizakia Proiektua… 

Ze tipologiatakoa da onuraduna?
Gehiena etorkina, baina hemengo betiko jendea ere bai, gero eta gehiago. Bergaran, esaterako, premia duenak Udalera jo behar du, eta han paper bat jasotzen du.

Igartzen da krisia? Hau da, gero eta onuradun edo beharra duten gehiago dago, eskariek gora egin dute?
Bai, asko, hiletik hilera gero eta eskari gehiago jasotzen ditugu. Zerrenda bat daukagu banatzeko daukagun elikagaiena. Gero, familiak, lau pertsonakoak hartzen ditugu kontuan, eta bakoitzari 21 kilo eta erdi elikagai ematen diogu aldiko behin.

Elikagaien hornitzaileen aldetik arazorik bai? Hau da, haiek ere krisia igarri dute?
Ez dugu igarri; izan ere, saltoki handietatik ez ezik, elikagaiak ekoizten dituzten enpresetatik ere zuzenean jasotzen dugu. 7.000 kilo elikagai dugu biltegian.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egin zenuten hitzarmena iaz, eta aurten berritu egin duzue orain dela gutxi.
Bai; 116.000 euroko dirulaguntza jaso dugu. Izan ere, boluntarioak gara, baina furgoiak, esate baterako, gasolio eta bestelako gastuak sortzen ditu. Furgoia iaz Diputazioak emana da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak