Denda historikoa da Zubikua. Noiz zabaldu zen?
Gure amak, Felisa Elkoroberezibarrek, eta haren ahizpa Lorenzak zabaldu zuten denda, 1939an. Barrenkaleko 24. zenbakian jarri zuten hasierako denda; ordura arte Galarreta zapata-denda zegoen han (geroago, gaurko Munibe plazan eta Irizar kalean kokatu zena, hain zuzen). Ondoan bi elikadura-denda zeuden garai hartan, bata Julian Muniategiandikoetxearena eta bestea Felix Agirre Etxetxo-rena. Eta denda haiek itxi zituztenean Zubikuak hartu zituen lokalak.
Txikitatik hasi zinen dendan laguntzen, ala?
Bai, 14 urterekin. Bi ahizpa gara eta 11 hilabeteko aldea besterik ez diot ateratzen diot ahizpari, Begoñari. Hura oso ikasle fina zen eta Donostiara bidali zuten ikastera. Nik orduko errebalida egin... eta dendan egin dut nire karrera.
Errelebu falta orain?
Pena ematen dit etxean erreleburik ez izateak, eta azken bi asteetan emozioak pilatu egin zaizkit denda uzteagatik. Ez dira egun errazak hauek. Dena dela, nirekin urtetan lanean egon diren Kristina Agirrek eta Edurne Gallastegik dendarekin jarraituko dute, baina emakumeendako jantziekin bakarrik.
Zertan aldatu dira gauzak lanean hasi zinenetik hona?
Gure saltzeko modua ez da aldatu, zuzeneko salmenta izaten jarraitzen duelako. Betiere, bezeroen beharrak asetzen ahalegindu gara Zubikuan, eta hori lortzen badugu, gu pozik. Hain zuzen, horregatik da hain polita eta eskergarria ofizio hau. 73 urtez fideltasuna erakutsi diguten bezeroei eskerrak eman beharrean nago; haien laguntza barik ezinezkoa izango litzakeelako horren denbora luzean denda zabalik izatea. Lagun asko eta asko hurbildu dira egunotan dendara, agurtzera, eta oso pozik nago jendeak izandako erreakzioekin.
Jantzi-denda izan duzunez, zelan uste duzu janzten dugula bergararrok? Garai bateko dotoretasuna galdu egin da, ala ez?
Jendeak Bergaran gustu ona du jantziak aukeratzen. Kalitateaz arduratzen da jendea eta erostera datozenean igarri egiten da hori. Oraindik ere Bergaran ondo jantzita joateko tradizioari eusten zaiola esango nuke. Exijenteak izaten jarraitzen dute erosleek; gehienetan argi daukate zer erosi nahi duten.
Bukatzeko, Arantxa, behin erretiroa hartuta, zer?
Familiari denbora luzeagoa eskainiko diot, eta badaukat hizkuntzaren bat eta bestelakoak ikasteko gogoa eta ilusioa... Hori bai, bezeroekin, jendearekin urtetan izan dudan hartu-eman hori faltan igarriko dut, ziur.