Hiru zinegotziren faltan (Bilduko Ariane Kareaga eta Maider Arregi eta EAJko Juan Jesus Alberdi), ohiko batzarra egin zuen udalbatzak astelehenean. Zaborren gaiak hartu zuen protagonismo handiena osoko bilkuran. Mari Karmen Barrenetxearen (PSE-EE) arabera, udal gobernuak ezarri nahi duen atez ateko sistema ez da aproposena, garestia eta deserosoa delako. Materia organikoarendako bosgarren edukiontzia jartzearen alde azaldu zen Barrenetxea.
Leire Iruin Bilduko zinegotziak zera esan zion: atez atekoa ezartzearena Mankomunitatearen erabakia dela eta Bilduren programan zero zaborraren aldeko konpromisoa agertu zutela; "horretara hurbiltzeko, sistema eraginkorrena atez atekoa dela ikusi da". Iruinen arabera, bosgarren kontenedorea jartzea garestiagoa da.
Herritarrei gaiaren gainean kontsulta egitea eta datu ekonomikoak argi azaltzea eskatu zuen Barrenetxeak. Jaione Isazelaiak zera erantzun zion: kontsulta egiteko gai potoloagoak egon direla aurretik, AHT eta errauskailua tartean. Parte hartzerako aukerak eman dituztela eta orain arte atez ateko sistemak emandako emaitzak oso onak izan direla ere gogoratu zuen Isazelaiak.
Azken erabakia, udaletxean
EAJ abstenitu egin zen PSE-EEren mozioarekin jarraian gai berari helduta beraien mozioa zetorrelako. Aurreko agintaldian Diputazioan onartutako Hondakinen Gestioaren Plan Integrala defenditzen du EAJk eta Mankomunitatean atez atekoaren alde hartutako erabakia noizkoa da galdetu zuen Aintzane Oiarbidek; "Akta hori jaso nahi genuke. Edozelan ere, Udalak hartu beharreko erabakia da, gure artean eztabaidatu beharrekoa. Sistema eragingarriena esatea arinkeria da: datuak erakutsi behar dira. Atez atekoak zenbateko kostua izango duen herritarrek jakin behar dute, gure datuen arabera hiru aldiz garestiagoa baita".
Jaione Isazelaiak zera erantzun zion: "Gai honetan izango da parte hartzeko aukera eta azken hitza Udalarena izango da. Bidea hasi besterik ez da egin". Zero zabor filosofiaren aldeko apustua berretsi zuen Bilduko zinegotziak. Udal gobernuak atzera bota zituen EAJren eta PSE-EEren mozioak.
Azpiegitura-lan handien aurka
Bestalde, Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen aldeko mozioa aurkeztu zuen Mila Elortzak, Debagoieneko AHT Gelditu Elkarlana, Angiozarko Herri Batzarra eta Bergarako Gazte Asanbladaren izenean.
Aipatutako mozioan zapatuan, otsailaren 4an, Donostian egingo den manifestaziorako deia egiten dute: "Herritarrei dei egiten diegu ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era askotako azpiegitura-lan handien aurka agertzeko: AHT, erraustegia, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiko aireportuaren handitzea, Zubietako makro-espetxea, Mutrikuko portua, autobideak eta goi-tentsio lineak, besteak beste".
Udal gobernuaren botoekin onartu zuten mozioa. PSE-EE eta EAJ mozioaren kontra azaldu ziren. Aintzane Oiarbidek zera adierazi zuen boto esplikazioan: "Ulertzen dugu angiozartarrak haserre egotea AHTarekin. AHTren aldekoak gara, baina ez dugu sekula defendatu baldintza horietan igarotzea Angiozartik sarraskia delako. Angiozar gutxien eragiten zuen proiektuaren alde egin genuen eta horrekin lotuta Lamiategi elkarteak egindako lana goraipatu nahi nuke".
Mila Elortzak ere hartu zuen hitza: "Orain dela 20 urte hasi ginen AHTren kontra lanean, hain zuzen EAJk udaletxean, Diputazioan eta Jaurlaritzan agintzen zuenean. Angiozarrera joan besterik ez dago AHTren ondorioak ikusteko. Inondik inora errentagarria ez den proiektu bat, AHT, egunetik egunera azkarrago doa".
Eztabaidaren une batean, herritar batzuek PNV Diruzaliak eta PNV Txikitzaile zioten pankartak erakutsi zuten eta Aintzane Oiarbidek horrelako irainak osoko bilkuran onartzen ote zituen galdetu zion alkateari, bakegintzan eta politikagintzan zabaldutako bide berriari mesederik ez diotela egiten gaineratuz. Elortza alkateak pankartok adierazpen askatasunaren isla zirela erantzun zion.
Udal aurrekontuaren zain
Agorrosin eta San Lorentzo arteko asfaltatze lanak eta Ibargarain, Miguel Altuna parean, egindako azken lanak direla eta, Udaleko diru kontuen gaia atera zen astelehenean. Hasieran aurreikusitakoa baino gehiago gastatu denez, Aintzane Oiarbidek taxuz egitea eskatu zuen: "Ez ohiko prozedura ohiko prozedura bilakatu da eta gure ardura erakutsi nahi dugu Udaleko egoera ekonomikoaren gainean, kontu hartzailea nahiko optimista azaldu bazen ere kontuak aztertu genituenean".
Udaleko aurrekontua lehenbailehen aurkeztea eskatu zuen EAJko zinegotziak. Jasione Isazelaiak onartu zuenez, egoera ez da txantxetakoa: "Kudeaketa plana egiten dihardugu eta aurrekontuak kudeaketa plan horretan ondoen egokitzea da gure asmoa". Aurrekontuak lantzen hasiak direla eta zirriborroa otsail erdirako gertu izango dutela gaineratu zuen Jesus Elortza alkateak.
Lapurtutako haurrekin, ados
Mozioei dagokienez, bakar baten jarri ziren ados alderdi guztiek: lapurtutako haurrei buruz Batzar Nagusietan egindako erakunde adierazpenari babesa eman zioten aho batez. Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordean hasi dituzten lanekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuten Batzar Nagusiek, harik eta egitateak argitu arte. Asteleheneko gai-zerrendak 23 puntu biltzen zituen eta luze joan zen batzarra: 2 ordu eta laurden pasatxo.
Herritar gutxi batzuek jarraitu zuten bilkura.