"Aingeru zaindaria"
"Aingeru zaindari bat dugu" dio Gavilanek. "Sinestezina da hartu zuen kolpearekin onik eta hala irtetea. Airbagak eta segurtasun uhala ipinita eroan izanak salbatu du".
Maite Gavilanek eskerrak eman nahi dizkie atzo senarraren egoeraren gainean interesa agertu zuten guztiei. Bergarako Ibargarai kaleko Ogizun okindegian harrapatu dugu, betiko moduan, bezeroak artatzen. Senarra etxean da, deskantsatzen.
Ogia partitzen
Bergara Kirol Elkarteko presidentea izateaz gain, Pedro Rico, Ogizun okindegiko langilea ere bada. Horixe da bere ogibidea. Eta, atzo, egunero bezala, ogia banatzen ziharduen etxerik etxe eta goizean goizetik, bere Ford Transit furgonetarekin Urteaga kalean istripua izan zuenean.
Antzuolatik Bergararantz zetorren, Pesa konpainiako autobus baten kontra aurrez aurre jo zuenean. 07:40etan izan zen istripua Bergarako Urteaga kalean, Arregi aroztegiaren parean.
Gauerako etxean
Suhiltzaileek atera zuten burdin artetik eta Degaoieneko Eskualde Ospitalera eroan zuten, Arrasatera, 08:30erako. Eta, handik, Txagorritxura, Gasteizera. Ospitalean artatu zuten, baina zauri larririk ez zeukala-eta, eta senideek hala eskatuta, Arrasatera ekarri zuten berriro ere, eta handik etxera eroan zuten. 21:00etan heldu ziren etxera, "neka-neka eginda".
Sabel ingurua minduta
Sabela minduta dauka, airbagak eragindako kolpearen ondorioz, eta hanketan ebaki batzuk. Ubeldurak gorputz osoan, baina ezer larririk. Gorputza erabat minduta. Gaur munduago.
Pedro Rico bakarrik zihoan autoan. Pesako autobusean, hainbat bidaiari. Ez autobuseko gidariak eta ezta bidaiariek ere, ez zuten zauririk jasan.
"Hemendik ez naiz aterako"
Kolpearen aurretik, segundo batzuk lehenago, berehala konturatu zen autobusa gainera zetorkiola. Bolantea gogor heldu zuen eta bere artean pentsatu zuen handik ez zela aterako. Halaxe kontatu digu haren emazteak. Zortea, handia, inondik inora. Autoa txatarrerako geratu da.