Zaborraren egungo kudeaketarekin kezkatuta dagoen herritar taldetxo batek Zero Zabor taldea jarri du abian Bergaran. Kontzientzia sortu, informazioa zabaldu eta hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatzea helburu du Bergarako Zero Zabor taldeak.
"Hondakinekin arazo bat dugula kontziente garen talde batek denbora daramagu gai potolo honen inguruan hausnartzen. Bergararrak arazo honen parte gara, baina zinez sinesten dugu konponbidean ere parte aktibo izango garela" diote.
Bilerak astero
Eguaztenero batzen dira Zero Zabor taldekoak kultura etxean, 20:00etan. Batzar irekiak izaten dira eta gaiarekin interesatutako herritar guztiei batzarretan parte hartzeko deitu dituzte. Oraingo asteko hitzaldia dela eta, hurrengo bilera otsailaren 1ean egingo dute.