Orain bost urte inguru, Tavex hainbat langile ateratzen hasi zen, aurre-erretiro kontratuekin. Horietatik batzuei, aurre-erretiroko primak Belgikako Apra Leven aseguru-etxearen bidez ordainduko ziela esan zien. Tavexek Apra Leveni ordaindu zien 27 langile horiei zegokien dirua, hark bidera zezan.
Baina Apra Leven desegin egin zen, eta 27 aurre-erretiratu horiek kobratu barik geratu dira. Orain, langabezia subsidioa (426 euro) bakarrik kobratzen dute. Baina, gainera, Gizarte Segurantzari hilero 600 bat euro ordaindu behar diote, hark kotizazio-oinarriak gorde diezaien. Hala, hilabetea zorretan hasten dute.
"Egoera jasanezina da. Ezin dugu lan egin, aurrezkiak gastatzen doaz… zer egin dezakegu?", esaten dute.
Tavexi eta Apra Leveni ordain diezaieten eskatzeko, astero bi aldiz kontzentratzen dira Gabiria dorrean, Tavexek oraindik bulegoak dituen lekuan.
"Eta etxea kentzen badiote?"
Denetariko egoerak daude: batzuk hobeto daude eta, beste batzuk, oso larri. Badago bakarrik alargun pentsioarekin bizi denik; bikotekidea ere aurre-erretiratua eta oraindik ezer kobratu barik eta alaba bat lan prekarioarekin eta bestea ikasten duenik; edo semearekin batera abal-emaile egin behar izan duenik ere.
"Eta egoera gehiago okertzen bada, zer egingo dute, etxea kenduko diete biei? Gertatu izan da", esaten du Jose Luis Aizpuruak. "Dauzkagun aurrezki txikiak bukatzen dabiltza. Familiak lagundu ezean, egoera dramatikoan geratzen dira asko", esaten du Jose Ramon Sebal kaltetuak.
Egoerak oso luze jo dezake, norberari erretiratzeko geratzen zaizkion urteen arabera. Batzuei hiru urte geratzen zaie, kinka benetan jasanezin bihurtuz.
Auzitegietan
Batzuek diote Apra Levenena dela erantzukizun osoa, baina Tavexi ere erantzun dezan eskatzen diote.
Urritik abendura, Tavexek hilero 500 euro mailegatu dizkie. Baina eurek gehiago eskatzen dute: "Tavex ere kaltetua denez, gurekin eskutik joatea eskatzen dugu. Beste poliza bat eman diezaguten ere eskatzen dugu", esaten du Jose Ramon Sebalek.
Tavexek Valentzian eta Madrilen dauzka egoitzak. Valentziatik, esaten digute "ahalik eta babes handiena" ematen dietela langileei. "Kontua auzitegietan dago. Apra Levenen aurka hainbat prozedura daude zabalik". Tavex aztertzen dabil kaltetutako langileei beste mailegu bat ematea, baina ez dago ezer erabakita.