Juan Mari Garitano: "Auzolanaren filosofiari eutsiz sartu nintzen Udalean eta ilusioz bete nuen egiteko hori"

Asier Alkorta 2011ko abe. 6a, 01:00

Pozik bizi dela eta orain arte emandako pausoez ez dela damutzen dio Juan Mari Garitanok (Arrasate, 1942). Bi agintalditan izan zen zinegotzi Bergaran, eta, esperientzia hartatik asko ikasi bazuen ere, garai gogorrak ere bizi izan zituela dio. Auzolanerako duen prestutasun berberarekin, elkarrizketarako tartea egin du.

Zelan sartu zinen Udalean?
Baserrikoa naiz eta han auzolana zen nagusi. Filosofia hori betidanik izan dut barruan eta horri eutsiz sartu nintzen Udalean. Herriarendako lan egin nahi nuen, neure buruarekin konpromiso hori nuen, eta ilusioz bete nuen egitekoa.

Zinegotzi izan zinen urteetan lortutako zerbaitekin bereziki harro zaude?
Ez. Orain bizi dugun egoera lehenago etor zitekeela uste nuen. Aukera batzuk egon ziren egoera lasaitzeko, baina ez zen ezer gauzatu. Ez gara izan gauza herrian bizitza beste modu batera egiteko; beste giro baten bizi izateko. Orokorrean, txarto egin dugun beste gauza bat ere badago: guri falta izan zaiguna gure seme-alabei ez faltatzea. Hori ez dugu bete.

Zortzi urteren ostean, utzi egin zenuen. Nekeak eraginda akaso?
Ez. Nire aldetik zortzi urte haietan egin behar nuena egin nuela pentsatu nuen, eta ordurako ez nuen aurretik sentitzen nuen konpromiso hori sentitzen.

Uste zenuena baino gogorragoak izan ziren urte haiek?
Sartzerakoan ikusi nuen egitekoa nahiko nekeza izango zela. Baina urte haietan sufritu ere egin nuen, maila pertsonalean. Nire iritziz, garrantzitsuena familia eta lagunak mantentzea da.

Emandako pausoaz inoiz damutu zara?
Sekula ere ez. Gauza puntualetan hanka sartzeak egingo nituen, baina nahi barik egindakoak izango ziren. Jakinda ez, behintzat. Hortaz, orokorrean, ez naiz damutzen orain arte egindakoaz.

Beraz, esperientzia bat gehiago izan zen.
Bai, horretan geratzen da. Hasieran, nire ezjakintasunarengatik-edo, errazagoa izango zela pentsatu nuen. Baina konturatu nintzen gauzak ez zirela hain errazak. Politikan gorabehera asko daude.

Alor jakin bateko zinegotzi izan zinen?
Gobernazioan egon ginen, ni eta nire alderdikidea zen bestea. Gai guztietara heltzen ez ginenez, gai guztiak jorratzen ziren tokian egotea onena izango zela pentsatu genuen.

Erronkaren bat izan zenuen?
Baziren proiektu batzuk, ez gureak, gu ados geundenak (industrialdea...). Gero, beste proiektu batzuk ere bazeuden, ez zitzaizkigunak gustatzen. Horien artean zegoen hilerria kanpora ateratzekoa. Horrekin, adibidez, ez negoen ados. Egunerokotasunean, aldiz, ez zegoen gorabehera handirik. Borroka handirik egiteko ere ez genuen aukerarik izan. Finean, gu –EA– bi bakarrik ginen.

Egitekoa ilusioz egin zenuela esan duzu lehen. Oraindik orain ilusio horri eusten diozu?
Bai, bai. Oraindik hemen nago eta gauzak ilusioz egiten segitzen dut. Dena dela, nire ilusio handiena Euskal Herriak bere nortasun propioa eskuratzea litzateke.

Eta Bergarak?
Bergarak badauka nortasuna. Ni jaiotzez arrasatearra naiz, eta bai Arrasatek, baita Bergarak ere nortasun propioa dute; berezitasun bat dute.

Zein berezitasun?
Hori ez dizut esango [kar-kar-kar]. Zuk zeuk bilatu behar duzu.

Udaletik irten zinenean, nora bideratu zenuen zure egitekoa?
Betidanik autonomoa izan naiz ni. Eta gerora ere egiteko horrekin segitu nuen. Horrek aukera eman dit mundu osoan bidaiatzeko. Txina, Polonia, Eslovakia... Leku askotan ibili naiz.

Eta osterantzean, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Mendira joatea asko gustatzen zait. Jende asko dagoen lekuetara joateak gogaitu egiten nau. Lasai-lasai mendian bueltatxo bat eman, perretxikoak batu... Hori atsegin dut. Animaliak ere asko gustatzen zaizkit. Zaldi bati begira orduak eman ditzaket. Lagunekin herrian bueltatxo bat ematea ere gogoko dut.

Baserrikoa zarela esan duzu lehen. Hona hemen zure baserri sena.
Ba, bai. Idi-probak ikustea-eta ikaragarri atsegin dut. Eta futbola ere gustatzen bazait ere, pilota dut orain gogoko.

Politikaria, langilea, mendizalea, munduan barrena ibilitakoa... Gauza asko bizi izandakoa zara zu.
Ez dakit. Behintzat, egiten dudanarekin disfrutatu egiten dut. Izan ere, orain arte, nahi izan dudana egin dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak