Besteak beste, Martin Garitano diputatu nagusia, Jose Maria Urkia EAEko presidentea eta Jesus Elortza Bergarako alkatea egon ziren udaletxeko ekitaldian.
Ines Pellon irakasleak egin zuen hitzaldia aretoa betetzen zutenen aurrean. Bergara en el año internacional de la química: el fulgor de un pasado que iluminará el futuro izenburupean, EAEk XVIII. mendetik Bergararekin izandako harremana aztertu zuen; garai oparoenen ondoren, 1823an garai ilunak iritsi zirela azpimarratu zuen eta 1848an Matematikako Eskola eta Industria Eskola abian jartzeak beste bultzada bat eman ziotela EAEren betiko nahiari, garaikideen kultura maila hobetzeari alegia.
XVI. mendetik Bidekurutzeta kaleko 14. zenbakian zegoen Zabalako Etxeak garrantzi handia izan zuen historian zehar (han egon zen Laboratorium Chemichum delakoa XVIII. mendean). 1919an bota zuten baina fatxadako harriak ondo gordeta daude. Alkateak aurreratu zuenez, Udalaren asmoa da fatxada berreskuratzea Erret Mintegian kokatuko den liburutegirako. Egubakoitzeko ekitaldiari amaieran, Maria Jesus Ugalde bergarar sopranoaren eta Aitor Olea piano jolearen eskutik, Peñafloridako kondearen hainbat musika pieza eta Bergarako gozoak dastatu zituzten bertaratuek.