Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bergaran irekiko du ikasturtea gaur

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko aza. 25a, 09:55

Bergarak historian zehar kimikarekin izan duen lotura da elkarteak ekitaldia Bergaran egiteko arrazoia. 19:00etan izango da, osoko bilkuren aretoan eta Jose Maria Urkia Etxabe elkarteko lehendakariarekin batera Martin Garitano diputatu nagusia ere egongo da.

Nazio Batuek 2011 Kimikaren Nazioarteko Urte izendatu dute. Izendapen horrekin kimikak gizartean duen garrantzia goraipatu nahi dute, zientzia horrek gizadiaren ongizatean egindako ekarpenaz jendea kontzientzia dadin. 
Bada, Kimikaren Nazioarteko Urtearen ospakizunarekin bat eginez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ikasturte hasierako ekitaldia egingo du gaur, egubakoitza, Bergaran, Udalarekin elkarlanean. 19:00etan hasiko da ekitaldia, osoko bilkuren aretoan, eta Martin Garitano diputatu nagusia, Jose Maria Urkia Etxabe elkarteko lehendakaria eta Jesus Elortza Bergarako alkatea egongo dira.
Ekitaldiaren gaia izango da Bergarak eta kimikak izan duten lotura XVIII. mendean Adiskideen Elkarteak Bergaran izan duen jarduerari esker. Hain justu, Xabier Maria Munibe Peñafloridako zortzigarren kondeak (1729-1785) sortu zuen Euskalerriko Adiskideen Elkartea Bergaran. Elkartearen asmoa arteak eta zientziak lantzea, industria bultzatzea eta hezkuntza hobetzea zen eta Bergara izan zen hezkuntza-mugimendu ilustratu haren sorlekua. Horren barruan, besteak beste, Elhuyar anaiek wolframioa bakartu zuten 1783. urtean.

Musika, gozoak eta liburuak

Ekitaldian Peñafloridako kondearen musika interpretatuko da, herriko tradizioko gozoak dastatu ahal izango dira eta bi liburu aurkeztu: Ines Pellonek Bergarako herria nazioarteko kimika urtea (2011) dela eta. Iraganeko diztirak argituko du geroa izenekoa aurkeztuko du; Julian Serranok, 2011 nuevos estractos delakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak