Xabier Zabaltza: "Ezagutza merkaturatzea eta ezagutza horretatik etekinak ateratzea da berrikuntza"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko aza. 25a, 01:00

Berrikuntzak gaur egungo gizartean, egunerokoan, hezkuntzan eta enpresetan duen garrantziaz dihardu Xabier Zabaltzak (Bergara, 1967). Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarteko zuzendaria da.

Zenbateraino da inportantea, gaur eta hemen, berrikuntzan inbertitzea?
Oso garrantzitsua da, ze lehiakortasunaren paradigma aldatu egin baita azkeneko urteotan. Lehen, enpresak, lehiakorrak ziren efizientzia operatiboaren arabera. Gauzak azkar, ondo eta kalitate handikoak egitea zen enpresen helburua. Orain, gauzak ondo egiteaz gain, gauza berriak egin behar dira. Merkatuan lehenak izan behar dute. Jakinduria, merkatuan, besteek baino azkarrago eta hobeto jarri behar dute enpresek.

Lehen eta orain?
Gure ekonomia industrian dago oinarrituta. Eta, duela 30 urte, gure industria ez zen lehiakorra. Orduan, teknologiaren aldeko apustua egin zen eta, horri esker, gure industria lehiakorra izatea lortu zen. Bereziki, prozesuak oso ondo kontrolatzen ditugulako. Gauzak ondo egiten ditugu orain, esfortzu handia egin delako azkeneko urteotan prozesuei begirako kalitate parametroak ezartzeko enpresetan. Orain, ostera, gauzak ondo eta merke beste toki batzuetan ere egiten dute.

Ez da nahikoa ondo egitea, geroago eta hobeto eta beste batzuk baino hobeto egin behar da?
Bai, gelditu bako lasterketa da. Kalitatea neurtzeko faktoreak aldatuz doaz egunetik egunera.

Euskadi erreferentea da berrikuntzari dagokionez?
Bai, bereziki, industria sektore garrantzitsu, indartsu eta lehiakorra dugulako eta, hori hala izan dadin, berrikuntzari lotutako ahalegin etengabeak egiten ditugulako.

Jaurlaritzak ze inportantzia ematen dio berrikuntzari?
Handia. Industria, Berrikuntza, Turismoa eta Merkataritza Saila da gurea. Berrikuntza da horren %60. Ikerkuntza, garapena eta nazioartera zabaltzea dira gure gakoak berrikuntzari dagokionez. Bestalde, proiektu teknologikoetarako dirulaguntzak ematen ditugu, Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia sarea ere hor dugu, zentro eta elkarte teknologikoak ere bai…

Euskal enpresek barneratuta dute berrikuntzak duen garrantzia?
Batzuk oso aurreratuta daude eta erreferenteak dira berrikuntza eta jakintza merkaturatzen. Enpresa handi eta ertainak, batik bat. Enpresa txikietan bestelakoa da egoera. Euskal Autonomia Erkidegoan 192.000 enpresa daude eta, horietatik, 5.000 enpresak ematen diote garrantzia berrikuntzari. Kudeaketa da garrantzitsuena berrikuntzari buruz dihardugunean. Eredu batzuk aplikatzen baditugu enpresetan, konturatuko gara non dauden gure indarguneak eta non ahulguneak. Erakunde publikoetatik laguntza programak ditugu ahulgune horiek zuzentzen laguntzeko.

Ze aurrekontu eskaintzen dio, urtero, Jaurlaritzak berrikuntzari?
Datorren urteko aurrekontuetan, 270 milioi euro aurreikusi ditugu, ikerketa, garapena eta nazioartera zabaltzen laguntzeko. Krisiak izan du eraginik, baina saiatu gara gehiago egiten gutxiagorekin. Eta esan behar dut gastu arruntak murriztuko ditugula, baina inbertsioetarako partidak igoko ditugula. Enpresei laguntzeko diru gehiago izango da datorren urtean.

Berrikuntza ezinbestekoa da krisitik hobeto prestatuta ateratzeko?
Krisia oportunitatea ere bada. Hala ulertzen dugu guk. Une honetan, garrantzitsuena da enpresei eustea. Baina, ahal dugun neurrian, saiatu behar dugu berrikuntza parametroak ezartzen.

Zer da berrikuntza?
Ezagutza merkaturatzea eta ezagutza horretatik etekinak ateratzea. Produktua, prozesua, negozio eredua, marketina… ondo landu baldin baditugu eta berrikuntza parametroak ezarri baditugu alor horietan, krisitik hobeto prestatuta aterako gara.

Ze inportantzia dute Garaia Berrikuntza Gunea bezalakoek eta parke teknologikoek?
Handia. Zamudiokoa zabaldu zenean, Espainian ez zen halakorik. Jarduera modu bateko enpresak, balio erantsi handikoak, bata bestearen ondoan jarri eta sinergiak aprobetxatzea da helburua. Bestetik, erakusleiho modukoak ere badira: teknologia eta balio handiko enpresak dira bertan daudenak eta beste batzuk erakartzeko amu egokiak.

Euskal eskolak, unibertsitateak... jakitun dira berrikuntzaren garrantziaz?
Hezkuntzan, berrikuntza neurtzeko orduan, Europa mailan badago eredu bat. Horren arabera, Euskadi 10. postuan dago. Europako herri aurreratuenen atzetik, baina ondo kokatuta. Zientzia eta teknologia alorreko karrerek ematen diote balio hori euskal hezkuntzari. Beste kontu bat dira patenteak. Hor atzeratuago gaude. Hala ere, jakintza guztia balioan ipini behar da eta hori ez dute hezkuntza zentroek egiten; hori enpresek egiten dute.

Eusko Jaurlaritzak 2015era begirako plana egin du berrikuntzari eta informazio gizarteari dagokionez. Zein da helburua?
Berrikuntzarekin lotuta dauden hiru plan daude: bata, Lehiakortasun Plana, iaz martxan jarritakoa; bestetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana, laster abian jarriko dena; azkena da Agenda Digitala edo, lehen, Euskadi Informazioaren Gizartean deitzen zena. Informazio eta komunikazio teknologia berriek gaur egungo jendartean garrantzi handia daukate. Eta alor horretan eragiteko plana da azken hau. Teknologia berriak herritar eta enpresa guztiek erabiltzea da asmoa. Horretarako, azpiegiturak garrantzitsuak dira: benetako banda zabala edota lainoa deitzen dena.

Zeintzuk dira datozen urteotarako zehaztu dituzuen ardatz nagusiak?
Helburua da enpresei eustea. Beste batzuekin alderatuta ez gaude horren txarto, baina egoera zaila da benetan. Enpresen artean praktika onak bultzatzeko laguntzak ematen ditugu eta horretan sakonduko dugu oportunitate berriak sor daitezen enpresetan eta ekintzaileen artean. Erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana bultzatzea ere bada gure zeregina.

Zer da Euskadi Innova?
Webgune bat, zeinean berrikuntza bultzatzeko egiten diren jarduera guztien berri ematen den: sentsibilizazio tailerrak, ikastaroak, jardunaldiak, enpresen eta erakundeen artean elkarlana bultzatzeko ekimenak…

Eta barnetegi teknologikoak?
Gailu berriekin eroso sentitzeko eta menderatzeko planteatzen dugun ekimen berria da. Formazio arrunta egin beharrean, egun osoko jarduna antolatzen dugu, baserri turismo batean, leku lasaian. Talde txikiak antolatze dira eta monitoreekin, teknologia berrietan sakontzen da, hauek ezagutu, mendean hartu eta erabilpen egokia egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak