Bergaran hainbat arrain hilda agertu dira. Zein izan daiteke horren arrazoia?
Oso zaila da ziurtasun osoz jakitea, baina, seguruen, isurketa baten ondorioz izan zen. Horri gehitzen badiogu uraren kalitate eskasa, bada, heriotza-tasa hori izan zen emaitza.
Diputazioak eman duen azalpenagatik izan da sikateagatik ur gutxi zihoalako, ura zikina zegoelako (ur fekalen kontzentrazioa ur eskasiagatik) eta ura beroa zegoelako. Arrazoizkoak dira azalpen horiek?
Neurri batean bai, hori izan daiteke arrazoia, baina hori ez da nahikoa ikusi dugun heriotza-tasa azaltzeko. Lehenago aipatu dudan moduan, ziurrenik, heriotza-tasa isurketa baten ondorioa izan da. Garrantzitsua da gure ibaiak ura garraiatzen duten kanal sinple edo hondakindegi ez kontsideratzea eta gure laguntza behar duten sistema bizidun gisa ikusten hastea.
Deba ibaia errekuperatzen doa?
Bai. Poliki-poliki errekuperatzen doa. Baina arazo batzuei aurre egin behar die, uraren kalitateaz gain. Adibidez, erriberen kontserbazio egoera negargarria da. Erriberaren basoetako zati txiki bat geratzen zaigu eta erriberak, tarte askotan, espezie exotiko inbaditzailez josita daude: arkaziak, reinutriak…
Noizko errekuperatuko da guztiz gure ibaia?
Oso zaila da guztiz errekuperatzea, faktore askoren eraginagatik.
Araztegiak martxan hasten direnean, uraren kalitate fisiko eta kimikoa hobetuko da eta, neurri batean, horrek haren kalitate biologikoa hobetuko du. Hala ere, berreskuratze ekologikoa askoz konplexuagoa da eta denbora luzeagoa beharko da.
Eta zer egin behar da Deba ibaia duela 100 urtekoa modukoa izan dadin?
Erreka unitate arro hidrografiko gisa kontsideratu behar da eta ez ibai bezala bakarrik. Esate baterako, ibaiaren arroan egiten den basoko kudeaketa funtsezkoa da ibaiko ekosistema osasuntsua eta uraren kalitate ona edukitzeko. Horretaz gain, lehen aipatutako faktoreei aurre egin behar zaie. Hau da, erriberaren basoa berreskuratu, espezie inbaditzaileak erauzi… beste neurri batzuen artean.
Ze fauna dago Deba ibaian?
Erreken oheburuak salbuestean, faunaren komunitateak oso sinplifikatuta daude. Ia-ia bakarrik espezie oportunistak, ahateak-eta, ikus ditzakegu.
Amuarrainik? Ezkailurik? Bestelako arrainik?
Gero eta gehiago, aingirak ere ikus ditzakegu.
Ibaiaren tarte guztietan daude?
Ez, espezie bakoitzak bere beharrak ditu. Adibidez, amuarrainek zati garbiagoak eta oxigenatuagoak bilatzen dituzte, nagusiki erreka oheburuetan. Beste aldetik, ezkailuak toleranteagoak dira eta leku gehiagotan ikus daitezke.
Ze tarte dago garbien?
Garbienak erreken oheburuetan daude, Oñati, Aramaio eta Gatzagan gora. Kutsatuena Arrasatetik behera dagoena da.
Inoiz bainurako ezagutu eta erabili ahal izango dugu?
Bai. Zergatik ez. Gure administrazioek europar arautegia betetzen badute, 2015erako urek egoera kimiko eta ekologiko ona izan beharko dute. Aurreikuspen baikorregia da hori, dena den.
Uraren kalitatea garbia izanda ere, plastikoak eta bestelako zaborrak nonahi daude eta azpiak kutsatuta jarraitzen du.
Berreskuratzeko lanak sentsibilizazio kanpainekin lagundu beharko lirateke. Planteamenduak orokorra izan behar du, arro hidrografikoaren eta arroaren inguruko biztanleekin lan egitea funtsezkoa da.
Ahateak hiltzearen arrazoia?
Oso zaila da jakitea; gainera, ahate hauek denetik jasan izan dute aurretik. Baina, hiltzeko eragatik eta gertaeraren azkartasunagatik, infekzio prozesu bat izan dela esatera ausartuko nintzateke.
Araztegiak martxan egonda, konponduta dago Deba ibai kutsatuaren arazoa?
Uraren kutsaduraren arazoa, ziur asko, baina Deba ibairen ekologiaren arazoa ez. Hori konpontzeko, konpromiso argia behar da administrazioen aldetik eta apustu gogorra gure ondare naturala berreskuratzeko eta kontserbatzeko. Hori, zoritxarrez, oraindik ez da ikusi.
Ibaia garbitzeko orain arte egin diren ahaleginak egokiak dira?
Denborak esango digu. Edozein modutan, neurri horiez gain, ibaiko ekosistemaren kudeaketa integralari bideratutako beste neurri batzuekin lagundu behar da.