Ordutegia: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era; zapatutan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta, domekan 12:00etatik 14:00etara.
Hasierako asmoa
Gau magikoak ikuskizuna egin zutenean asmoa zen margolanak Muniben uztea ikusgai egun pare batez. Baina, hainbat arrazoi tarteko ez zen posible izan lanak Munibeko etxe historikoan ikusgai uztea. Horregatik erabaki dute erakusketa Aroztegin egitea: patxada handiagoz ikusteko aukera izateko herritarrek.
Erakusketan erakutsiko dituzte 16 edo 17 margolan, horietatik hiru tamaina handikoak izango dira: koadro bat 3x3 metrokoa; beste bat 8x2 metrokoa; eta hirugarrena (eguraldiaren arabera jarriko dutena) 6x2 metrokoa izango da. 16 margolan Aroztegi barruan egongo dira eta 17.a kanpoaldean jarriko dute, eguraldiaren arabera.
Gainera, Arantzabalen asmoa da gau hartan Muniben bizi izandako giroa Aroztegira eramatea. Horretarako, hainbat modu erabiliko ditu: batetik, gau hartan grabatutako irudiak jarriko dituzte ikusgai pantaila batean; eta, bestetik, gau hartan jasotako argazki panoramiko bat jarriko dute. Hala, ikusleak Aurora borealaren eta Jean Sibelius-en inguruan mugituko dira.
Katalogoak salgai 5 eurotan
Erakusketan bertan katalogo batzuk jarriko dituzte salgai. "5 eurotan jarriko ditugu salgai katalogoak. Katalogoan jasotzen dira Munibe plazan jasotako irudiak. Katalogoekin lortutako dirua erabiliko dugu hurrengo egingo dugun ikuskizuna laguntzeko", azaldu du Arantzabal margolariak. Asmoa da lortutako diruarekin aurrerago egingo dituen lanak finantzatzea.
Koloretako margolanak
Arantzabalen berbetan egiten dituen margolanak "abstraktuak dira eta oso koloretsuak eta adierazgarriak". Egileak nahiko luke bisitariak pintura abstraktuaz gozatzea, eta Aroztegi aretotik irtetea "kolorez eta magiaz liluratuta".
Urtebete baino gehiago pasa da performance-a egin zutela, eta Arantzabalek dio uneoro gogoratzen duen momentua dela. "Minutu, ordu eta segundo guztietan buruan daukat ikuskizuna", azaldu du.
Gogoratu du oso pozgarria izan zela ikuskizuna, eta ehunka lagunek parte hartu zutela: "Niretako sorpresa izan zen: ze erantzun izan zuen eta nola irten zen". Gaineratu du hurrengo ikuskizuna prestatzen dabilela: "Munibeko gauak trilogiako lehenengoa izan da; aurrerago beste bat egingo dugu, datorren urtean seguruenez".
Lehenengo aldia izango da Ramon Arantzabalek Aroztegin erakusketa jarriko duena.
Bergarako Aroztegi aretoan lan handia egiten dabiltza mailako erakusketak jartzeko. Arantzabal bera Beart elkarteko kidea da eta azaldu du Beartetik badabiltzala hori zaintzen. "Bai Beart eta baita Udala ere lanean dabiltza; denon artean egiten dugu lan Aroztegik maila bat manten dezan", azaldu du. Performance-an parte hartu zutenak gaur erakusketan egongo diren galdetuta, Arantzabalek esan du egongo direla baina ez dutela dantzarik egingo.