Imanol Esnaola: "Jardun dezagun batera, eta erronka globalei samurrago erantzungo diegu"

Leire Kortabarria 2011ko urr. 4a, 02:00

Gaindegiko, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiko idazkari Imanol Esnaolak hitzaldia egin zuen irailaren 28an Bergaran. Bere esanetan, Euskal Herriarendako errezeta sozio-ekonomikoa "elkarlana, elkarlana eta elkarlana" da.

Zer dela-eta Euskal Herria: erronka sozio-ekonomikoak?
Iaz izen bereko liburua argitaratu genuen. Hainbat arloko 13 pertsona elkarrizketatu genituen eta galdetu genien non gauden eta norantz doan mundua, eta guk norantz joan beharko genukeen. Pertsona horiek ikuspegi desberdinetakoak eta, batzuetan, kontrajarrietakoak dira. Nahi genuen  gogoeta hori ahalik eta jende gehienera ailegatzea; Youtube-en ere kanal bat sortu genuen horretarako.
Gure xedea da iritzi horiek erakustea eta horren inguruan gogoeta sortzea. Orain arte inoiz egin gabeko ariketa bat egin nahi genuen: Euskal Herriaz hitz egiten dugunean, azter dezagun behar duena herri izateko, lurralde-
unitate jasangarri eta kohesionatu bat izateko.

Hori nola laburtu hitzaldi baten?
Helburua ez da debate ideologikoak erreproduzitzea, baizik eta mahai gainean jartzea Euskal Herriaren eraikuntza. Ez dugu esaten zein dabilen zuzen eta zein oker, baizik eta zeintzuk diren erronkak. Horren ondoan ipintzen ditugu ekonomialari batek, soziologo batek, demografo batek… esan dizkiguten iritziak. Horrekin, ideia, helburu, erronka, hutsune… sorta bat egiten dugu, eta norberak etxera eramango du gustatzen zaiona. Ez dugu errezetarik ematen.

Eta Gaindegiaren errezeta zein izango litzateke?
Kohesioa. Hau da: lan egin dezagun elkarrekin; bizi gaitezen elkarrekin; eta, taldean, erronka globalei, ekonomia eta gizarte alorrean erantzutea samurragoa da. Sakabanaketak urrundu egiten gaitu eragile ekonomikoak batzuk besteengandik. Arazoak konpartitzen badugu ikuspegia konpartituko dugu, eta herri bat izango gara.

Pil-pilean dagoen gai batez galdetuko dizut: Kutxa Bank.
Nire iritzi pertsonalean, herri bezala bizirik irauteko finantzazio-tresna indartsuak behar ditugu, eta bai politika instituzionalak bai enpresa-ekimenak aurrera ateratzeko, bertako entitate finantziero sendoak behar dira. Zentzu horretan, kutxen bateratzeak alderdi onak baditu. Une honetan herri bezala entitate finantziero propioak izatea, bertan errotutako zuzendaritzarekin, oso-oso garrantzitsua da, gure herriarendako onuragarriak izan litezkeen proiektuei aurre egiteko, edo baita aberastasuna sortzen duten hainbat enpresak etxean topa dezaten finantzazioa atzerrian jarduteko. Aurrerapauso moduan ikusten dut, izan ditzakeen gabeziak zuritu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak