Bergarak 1-4 galdu zuen Urolaren aurka

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko irailaren 25a

Partiduko lehenengo minutuak Neka Galanen mutilendako izan ziren; lehiatsu irten ziren eta baloiaren jabetza eurena izan zen. Hala, bosgarren minutuan markagailuan aurretik jartzeko aukera izan zuten. Urolako atezaina eta atzelariak ez ziren ondo ulertu eta ondorioz Machok baloia kendu zien.

Atearen aurrean bakarrik geratu zen Bergarako aurrelaria baina ordurako epaileak falta adierazia zuen. Baloia sareetara bota zuen arren balio barik geratu zen gola.

Atzean, lokartuta

Behin hasierako hogei minutuak pasatuta etxeko jokalariek intentsitatea jaitsi egin zuten. 26. minutuan, Urolak falta bat aprobetxatu zuen lehenengo gola egiteko. Urolako jokalariak bizi ibili ziren. Bergararren moteltasuna aprobetxatu, falta agudo atera eta ezkerreko hegaletik erdiratuta gola egin zuten.

Bigarren gola hiru minutu geroago etorri zen. Zelai erdian baloia lapurtu, eta ezkerreko hegaletik barneratuta egin zuen gola Paniagua hegalekoak.

Bergarako jokalarien gaizki ulertu edo moteltasunaren ondorioak izan ziren bi golak.

Atsedenaren aurretik gola

36. minutuan egin zuen Bergarak partiduko gol bakarra. Korner baten ondoren izan zen; erdiraketa urrundu egin zuen Urolak baina alderatzea Balzategik aprobetxatu zuen gola egiteko. Urolako jokalariek area barruan baloia eskuarekin ukitu zutela protestatu zuten.

1-2koarekin Bergarako jokalariak indartu egin ziren; hala, berdinketa egiteko gauza zirela ematen zuen. Baina, atsedenaldiaren ondoren hankaz gora jarri zen lehia berriro ere. 71. minutuan atzelarien eta atezainaren gaizki ulertu baten ondorioz penaltia adierazi zuen epaileak. Arizmendik 1-3koa egin zuen. Hamar minutu geroago 1-4ko egin zuen Urolak.

Emaitza horrekin partidua erabakita zegoen. Gainera, partiduko azken minutuetan etxekoak hamarrekin geratu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak