Gureak taldea ez dago krisian: eskaera berriekin hasi du iraila

Leire Kortabarria 2011ko ira. 20a, 02:00

Gureak taldeak berritasun on askorekin hasi du udako opor osteko jardunaldi berria. Oihartzun handien lortu duen berritasuna GKN Driveline-ekin egindako hitzarmena da; baina Debagoieneko lantegi eta langileei zuzenean eragiten dien berritasun garrantzitsu gehiago dago. Albiste onena hauxe da: uda partean krisiari buelta emateko gai izan dela Gureak taldea.

Bergarako lantegiko arduradun Javier Barrerok hauxe dio: "Iazko urtea gogor samarra izan zen; Bergarako lantegian, urtarrila eta otsaila bereziki zailak izan ziren. Baina, pixkana-pixkana, buelta ematen hasi ginen, eta orain nahiko ondo gabiltza. Gainera, ez dugu geldialdirik izan, ez delako eskaera faltarik egon. Orain, uda eta gero, motelago ibiliko ginela uste genuen, baina topera gabiltza; guk aurreikusi baino hobeto".

Gama altuko eskaera gehiago

Bergaran eta Arrasaten, automobilgintzarako egin izan dute lan, eta Barrerok esaten duenez, automobilak "aldatu egiten dituzte lauzpabost urtean behin; horregatik, denbora bat egiten generaman proiektu bat beharbada bukatu egiten da, baina berri batzuk sartzen dira. Orain, proiektu garrantzitsuak adjudikatu dizkigute". Horregatik, Gureak tailerrak ondo dabiltza, "batez ere, gauden garaiak kontuan hartuta".

Gureak-en Bergarako lantegian.

Automobilen katalizatzaileetarako direkziorako zein faroetarako kableatuak egin izan dituzte orain arte. Barreroren hitzetan, "orain, kableatu konplexuagoak lantzen hasi dira Gureak-eko tailerrok: Audi Q7 gama altuko autoarendako faroetarako, eta baita gama baxuko auto askorendako ere". Hori, Bergarari dagokionez; eta Arrasaten ere, Volkswagen Passat B7 gama altuko auto berrirako piezak egiten hasi dira; TRW automobilgintzako segurtasun enpresarendako klaxonak; eta Valeo, gama altuko automobilendako elementuak egiten dituen enpresarendako ere lan egiten dute. Barrerok esaten duenez, "lehen ere, gama altuko eskaerak bazeuden; baina orain gama horretan lan handiagoa" egiten dabiltza Gureak tailerrak.

Antolaketa berria

Automobilgintzako tailerrak izan dira tradizionalki Arrasatekoa eta Bergarakoa, baina hori aldatu egingo da. Nerea Txintxurreta da Gureak taldeko Logistika arduraduna eta Arrasate eta Bergara zonaldeko arduraduna: "Orain arte, jardueraka banatzen ziren lantegiak: industriala eta automobilgintza. Baina orain, dena batu egin da eta berriz antolatu da. Zonaldeka banatzen dira orain: hiru zonalde daude eta bakoitzak bere arduraduna dauka". Arrasate, Bergara, Eibar eta Legazpi batu dituzte zonalde baten.

Horrek esan nahi du Gureak-eko langileek euren jarduera dibertsifikatzeko, beste lan batzuk ikasteko eta egiteko aukera izango dutela, eta hori izango da aldaketa aipagarriena. "Orain arte, automobilgintza enpresetarako egin dute lan; aurrerantzean, beste lan batzuk sar daitezke, adibidez Fagorrendako. Gure asmoa da tailer bakar baten denetariko lanak egitea, bezeroarendako gure eskaintza ere dibertsifikatzeko", azaltzen dute arduradunek.

Orain arte egin duten lan ona aitortzeko, Aenorrek, Espainiako Normalizazio eta Zertifikazio Elkarteak, ISO/TS kalitate ziurtagiria eman zion joan den maiatzean Gureak taldeko automobilgintza sailari. Arduradunak oso pozik daude: "ISO 9001 agiria baino pauso bat harantzago doa, eta automobilgintzako bezero gehiago lortzeko ateak irekitzen dizkigu".

Egun, Europako herrialde askotako –Frantzia, Polonia, Alemania…– bezeroak dituzte, eta Ameriketan gero eta gehiago.

Hazteko lekua

Leku aldetik ere, askoz hobeto daude orain Bergaran. Hala, abuztuan bertan estreinatu dute aspalditik erosita baina bertara sartu gabe zeukaten pabilioi bat, hori ere Labegaraietan, bestetik oso gertuan. Nerea Txintxurretaren esanetan, "Gureak-ek pabilioi hori erosi zuen eta zabaltzeko asmoa zuen, baina, krisiarengatik, alde batera utzi zuen asmoa. Orain izan da une egokia". Urtarrila ezkero pabilioi berria egokitzen ibili dira, eta dagoeneko lanean dabiltza.

Pabilioi berrira, lehen betiko lantegian egiten zuten lan bat eraman dute: kableak mozteko, zuritzeko eta engastatzeko lerroa, CPE deitzen diotena. CPE pabilioia enplegurako zentro berezi erregimenekoa da eta 38 langile dabiltza, David Diaz arduradunarekin. Pabilioiak 1.700 m2 hartzen ditu eta bi zati ia berdinetan banatuta dago: ekoizpena eta biltegia. CPE lantegian, kablez hornitzen dituzte Gureak taldeko gainerako lantegi guztiak eta, kasu batzuetan, zuzenean bezeroak ere bai.

Horrenbestez, Bergarako Labegaraieta industrialdean hiru egoitza ditu Gureak taldeak: betiko pabilioia, CPErena eta GKNrekin muntaia pabilioia.

Bergaran duten egoitza nagusia.

Lekuz aldatu dituzten CPEko instalazioekin, egoitza nagusiarendako 3.000 m2 irabazi dute, oraingoaren beste hainbeste. "Asko hazi da lantegia, eta 80 langilerendako leku txikia geneukan, engastea eta muntaia leku berean zeudelako. Orain, muntaiak hartuko du espazio osoa, eta etorkizunean zabaltzeko eta hazteko lekua daukagu", esaten du Javier Barrerok.

Denetariko negozioak

Gureak oso talde dibertsifikatua da. Arrasateko tailerrean ere denetariko lanak egingo dituzte hango 110 langileek. Gainera, Debagoienean Gupost, Guregas eta Garaiako jatetxea dituzte. Horrez gain, Gureak-eko zenbait langile enpresa normalizatuetan integratu dira: esaterako, Aretxabaletako erresidentzian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak