Domekako bozketen ostean, eguenean izendatuko dute Angiozarko alkate berria

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uzt. 19a, 14:19

Hauteskundeak egin zituzten domekan Angiozarren, auzo-alkatea eta batzarkideak –19– aukeratzeko. %64ko parte-hartzea izan zen –auzune batzuetan %100ekoa–. Alkatea zein izango den, ordea, ez dute oraindik erabaki. Domekako emaitzek erakusten dute, alkate izateko lehen eta bigarren lekuetan geratu zirenen arteko boto diferentzia oso txikia dela; are gehiago, bigarren geratu denak aurrena geratu denak baino dezente boto gehiago lortu ditu batzarkide izateko. Horregatik, ezohiko batzarra egin zuten atzo.

Eta atzoko batzarrean ere ez zuten alkatea izendatzerik izan. Bi hautagairen artean zegoen kontua, baina biek ere "pisuzko arrazoiak" argudiatu zituzten, alkate izateari uko egiteko: osasun eta lan arazoak, besteak beste. Horregatik, oraingo eguenean, beste batzar bat egingo dute, 21:00etan Angiozarko saloian. Angiozarko batzarrak erabakiko du hurrengo urteetarako alkatea. "Akta jasoko da, eta Bergarako Udalari jakinaraziko zaio erabakia" dio Mila Elortzak, azkeneko 12 urteotan Angiozarko alkate izan denak.

Hiruzpalau lagunen artean aterako da alkate berria. Izan ere, Angiozarren, 18 urtetik gorako edozein izan daiteke alkate. "Denak gara hautetsi eta hautesle" dio Elortzak. Azkeneko bozketa hautan, gainera, "gauza oso interesgarriak ikusi ditugu; orain arte sekula batzordeetan ibili bareko jendea-eta. Jende berria", Elortzaren esanetan.

Jose Angel Mikeo Angiozarko alkate izandakoa ere iritzi berekoa da: "Seinale ona da. Angiozarren urte gutxi eraman arren, bertakotu direla erakusten du horrek". Eguenean eratuko da batzarra, esan bezala, alkatea ere aukeratuko dute, eta San Migel jaietako domekan egingo da kargu-hartzea.

12 urteko esperientzia

Mila Elortza izan da azken 12 urteotako Angiozarko alkatea eta iritsi zaio agur esateko momentua; halaxe jasotzen du euren araudiak: pertsona berarentzako nahikoa denbora dela, haize berriak ondo datozela eta hori dela epe-muga. Elortzak alkate izateari utziko dio, beraz, baina lanean jarraituko du, berriei laguntzen.

Haren esanetan, oso garrantzitsua da auzoetan alkatea eta batzarkideak izatea: "Euskal Herritik Madrilgo zentralismoa kritikatzen dugu, baina antzeko zerbait gertatzen da herrietan, ahaztu egiten dira auzoez. Hemen, gainera, demokrazia erabatekoa da: ez dago zerrendarik, denok gara hautesle eta hautagai".

Alkate izandako garaitik etxebizitzak egin izana azpimarratu du, auzoan ixteko arriskuan zegoen eskola txikia bizirik mantentzeko adina haur izatea eragin duelako, besteak beste. Aurrera begira jarrita, bestalde, Interneterako edota mugikorretarako estaldura egokia izatea azpimarratu du, AHTrekin duten erronka ahaztu gabe, noski.  

Angiozar aitzindari

"Franco hil ondoren, Angiozarren egin ziren lehen hauteskunde demokratikoak; ausartak izan ginen", kontatu digu Elortzak. Eta Debagoienean era honetako bozak egiten dituen beste auzorik ezagutzen duen galdetuta, ezetz erantzun digu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak