Ohiko igoerak abiatu zituen atzo, eguena, San Martzial jaiak. Ohi bezala, herritar asko igo ziren San Martzialera, letania errezatuz, eta, meza entzun eta gero, San Joxepeko erretiratuek prestatutako txokolatea hartu zuten.
Bihar, zapatua, jarraituko dute jaiek: 19:00etan umeendako bonba japoniarrak jaurtiko dituzte San Martin plazan eta ekitaldi hori bukatu eta gero, buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute erdigunean barrena.
Egunik handiena, baina, domekako erromeria izango da. 09:30ean Alborada izango da Lizarrako gaitariekin, Zumarragako trikitilariekin, Bergarako Udal Txistulari Bandarekin eta Incansables txarangarekin. 10:00etan gurdia abiatuko da San Martzialerantz eta 11:00etan meza nagusia egongo da. 12:00etan, berriz, dantza saioa egongo da, eta baita Juan Mari Narbaiza eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolarien emanaldia ere.
Aipatzekoa da, bestalde, kantina eta txosna Aranzadi ikastolak kudeatuko dituela aurten eta batutako dirua ikastetxea egokitzeko egingo dituzten lanetarako izango dela.
Ohiko aurreskua
Bertsolariek saioa amaitu eta gero, ohiko aurreskua egingo da eta udalbatza berria estreinatu egingo da zeregin horretan. Hain justu ere, udalbatza berriko bost kidek egingo dute ohiko aurreskua: Jesus Elortza alkateak eta Lauri Askargorta, Leire Iruin, Maren Belastegi, Justina Elexpuru eta Jaione Isazelaia zinegotziek, hain justu ere.
16:00etan jolasak eta herri kirolak egongo dira ume zein gaztetxoendako eta 17:30ean irrintzi lehiaketa egongo da. Iaz antolatu zuten lehenengoz lehiaketa hori eta herritar askok hartu zuten parte.
Hori ikusita, aurten ere antolatzea erabaki dute. Bada, horretarako zein 18:00etan egongo diren sokatira eta txinga lehiaketetarako izen-ematea 17:00etan irekiko dute, ohi bezala, zelaian.
Herri kirol txapelketarekin batera, erromeria hasiko da 18:00etan, Unsain taldearekin. 19:30ean Lizarrako larrain-dantza egiteko aukera egongo da Lizarrako gaitariekin eta Incansables txarangak eta Zumarragako trikitilariek ere saioa egingo dute.
Ohi bezala, jaitsierak emango dio amaiera erromeriari. 21:00etan jaurtiko dute jaitsiera iragartzeko txupinazoa eta Askatzun eta Santa Marina parean fandango eta arin-arina dantza egin eta gero, San Martin plazan bukatuko da jaitsiera.
Autobus zerbitzua egongo da
Erromeria egunerako dohaineko autobus zerbitzua jarriko du Udalak. 09:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era egongo da zerbitzua. Gorako geltokia Oxirondo plazan egongo da; beherakoa, San Martziago ziburuen parean.
Egun horretan ezingo da zelaira autorik sartu, bertara jan-edanak eroateko ez bada. Hala, materiala laga ondoren, ibilgailua kendu egin beharko da handik. Bestalde, autoek, Santa Marinatik igoko diren arren, jaitsi Surratik egin beharko dute.
Ingurumena zaintzeko deia
Udalak erromeria egunean landa eremua zaintzea eskatzen du oinarrizko arau batzuk kontuan izanda. Beste batzuen artean gomendatzen du landatutako zuhaitzekin kontu berezia izatea, zaborrak jasotzea, iturria eta bestelako elementuak zaintzea eta, ahal den neurrian, autorik ez erabiltzea.
Kontuan izanda Udalaren jabegoko lursailak ez ezik beste partikular batzuenak ere erabiltzen direla, lursail horietan aipatutako neurriak bereziki betetzea eskatzen dute.