San Martzialetan ingurumena zaintzea eskatu dute Udaltzaingotik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ekainaren 30a

Gaur da San Martzial eguna, baina erromeria domekan ospatuko da ohiko den moduan. Milaka bergarar batuko da bertan. Bergarako udaltzainek herritarrei hainbat aholku eman dizkie egun horretarako. Besteak beste, ingurua zain dezatela, errespetuz eta arduraz joka dezatela, arreta handia jar dezatela egiten dituzten suekin… Trafikoari edota bus zerbitzuari buruzko informazio eta aholkuak ere eman ditu.

Domekan ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen den lursailean izan diren aldaketekin, aurten bertara igoko direnek zera eduki beharko dute kontutan:

  • Lursail horretan jarri diren ziburuak eta zuhaitzen enborrekin egindako piramidearekin, autoak aparkatzeko lekuak murriztu egin direnez, honen bidez, ahalik eta auto gutxien igotzea eskatzen diegu bertara joateko ibilgailua erabiltzeko ohitura dutenei. Hau da, koadrila bakoitzak bazkaria eramateko erabiliko duten auto bat bakarrik igotzea.
  • Autoen igoera Santa Marinatik egingo da, betiko moduan, eta jaitsiera Kilometroak-etarako prestatutako ibilbidetik egingo da, hau da: San Martzial, Lamaino, Lamaino Etxeberri, Zurra, Egino, Mayc, Ozaeta.
  • Ibilbide berdina erabiltzea gomendatzen da zapatu arratsaldean, egun horretan ere jende asko ibiltzen baita gora eta behera mahiak jartzeko eta abar.
  • Goizean zehar ibilbide osoa egongo da zabalik ibilgailuentzako, baina arratsaldeko 3etatik aurrera itxi egingo da Santa Marinako igoera.
  • Ordu horretatik aurrera urbanoa ibiliko da Santa Marinatik gora eta behera igo edo jaitsi nahi dutenak eramateko, baina ez da ibilgailu partikularrak ibiltzerik baimenduko.
  • Goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:00etara autobus urbanoaren zerbitzua doan egongo da (bazkalorduan ordu betez etengo da zerbitzua), eta ahal den neurrian oinez igo edo zerbitzu hori erabiltzeko eskaera egiten da.
  • Oinezko jaitsiera Santa Marina aldetik egitea gomendatzen da, Zurra aldetik auto asko ibiliko baitira.
  • Bestalde, eskatzen da ingurumenarekin errespetu osoz jokatzea. Esaterako, landatutako 100 gaztainondo txikiak zainduz, eta mahaiak jartzeko terrazak eraikitzea debekatuta dagoela gogoratuz, gero guneak errekuperatzeko zailak izaten baitira.
  • Azkenik, arreta handia eskatzen dugu bertan egiten diren suekin, eta alde egin aurretik ondo emendatuta geratzen direla ziurtatzea eskatzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak