Miguel Angel Elkoroberezibar: "Irala ez dago Bergarako hamazortzi pertsonaia ospetsuen artean sartuta"

Asier Alkorta 2011ko eka. 20a, 10:50

Urteetan Domingo de Iralari buruz informazioa biltzen ibili eta gero, Domingo de Irala y su entorno en Bergara liburua argitaratu zuen Miguel Angel Elkoroberezibarrek (Bergara, 1966). Liburua aurkeztu eta bertan jasotakoa aurrez aurre kontatzeko, Argentina eta Paraguain egon berria da, euskal etxe batek gonbidatuta. Hangoei hemengoa kontatzen ibili da. Han bizitako esperientzia kontatzeko eta bestelako kontuei errepasoa emateko gertu agertu da bergararra.

Zure lana aurkezten ibili zara Argentinan eta Paraguain. Zer moduzko harrera egin dizuete, zuri eta lanari?
Oso ondo hartu naute eta liburua lau haizetara zabaldu dute. Harrigarria da Domingo de Iralak paraje haietan sortzen duen interesa.

Duela urte batzuk ere egin zenuen beste bidaia bat. Oraingoarekin alderatuz, zein ezberdintasun topatu duzu bidaia batean eta bestean?
Paraguaiko Historia Akademiak eskatuta abiatu nintzen orain dela lau urte eta Asunciongo euskal etxearen eskutik joan naiz oraingoan. Historia Akademiak argitaratutako lanaren berrargitalpen gaurkotua da orain Asunciongo I. Euskal Astean aurkeztu dudana, Paraguairen independentziaren bigarren mendeurreneko ospakizunen barnean.

Labur esanda, nola deskribatuko zenuke Domingo de Irala?
Ehunka emazte eta seme-alaba izan zituela entzun izan dugu beti, hortik dator txingadore goitizena. Zazpi emazte izan zituela aitortu zuen hark testamentuan; beraz, badago zer edo zer egia dena, baina Rio de la Platako lehenengo gobernadorea eta Paraguairen fundatzailea izan zena hori baino gehiago izan zen. Mestizaiaren aita bezala ezagutzen dute Ameriketan. Zaldiak lehen aldiz Ameriketara eraman zituelako ere bada ezaguna, baina bereziki hiri asko sortu zituelako, lantegiak eraiki, guztiz militarra ez zen gizarte sistema berria eratu, lehenengo hauteskundeak bultzatu, indioen aldeko ordenantzak ezarri, gaur egun guarania hamarretik bederatzik berba egitea ere berari zor zaio hein handi batean… ez zen ohiko konkistatzailea izan.

Iralari buruz abestiak idatzi dituen poeta ere ezagutu duzu bidaia honetan, ezta? Zein da eta zer dela eta ditu abesti horiek?
Eduardo Mileo ezagutu dut, Buenos Airesko poeta ezaguna. Haren anaia Raul musikariarekin batera, Irala, sueño de amor y de conquista poema liburua eta CDa ekainean zehar kaleratzeko asmoa du. Amodioaren konkista eta boterearen konkista irudikatzeko Irala pertsonaia egokia zela iruditu zitzaien eta historia eta fikzioa nahastuz burutu dute lan hau.

Bidaian pertsonaia ezagun asko ezagutu dituzu. Baina norbaitek bereziki harritu zaitu?
Bizpahiru aipatzearren, Ray Armele idazle, kazetari eta zinema zuzendaria aipatuko dut, Paraguaiko gizartean benetan gertatzen dena adierazten maisua delako (Iralari buruz film bat ere egin nahi du); David Galeano Guaraniar Hizkuntzaren Ateneoko zuzendaria, guaraniarraren normalizazioaren alde egindako lanagatik; Roberto Quevedo eta Roberto Elissalde historialari ospetsuak… Eta ezin ahaztu 50 urte baino gehiago Paraguain daramatzan frantziskotar oñatiarra, Jose Luis Salas.

Iralari buruz oraindik gauza gehiago kontatzeko daude? Zer edo zer ez duzu kontatu?
Nekien guztia kontatu dut, baina oraindik ibilbide luzea geratzen zaigu Iralaren ikerketan. Jaiotza-data, adibidez, oraindik orain zehaztu gabe dago.

Bergararrek Iralaren nondik norakoak ezagutzen dituzte ala ez dute hain ondo ezagutzen?
Ez da beste bergararrik egongo munduko enziklopedia guztietan agertzen dena hura beste. Milaka sarrera ditu Interneten. Eta Ameriketan herriak, mendiak, etorbideak, eskolak... daude haren izenarekin. Paraguain, esaterako, haurrek Iralaren nondik norakoak eskolan ikasten dituzte. Bestetik, hainbat nobela, poema eta kantutako protagonista ere bihurtu da Irala. Baina Bergaran, eta  oro har Euskal Herrian, ez dugu apenas ezagutzen. Eta norbaitek haren irudia Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoko bergarar ospetsuen erretratuen artean topatu nahi badu, jai dauka; ez dago hamazortzi ospetsu horien artean.

Ingeles eskolak ematen dituzu institutu baten. Nondik datorkizu historialari sena?
Ikertzaile sena daukadala esango nuke. Normalean, bigarren planoan egon diren pertsonaiek erakarri naute, nahiko ezezagunak zirenak. Eta zer esanik ez, bereziki bergarar jatorria dutenak.

Egin dituzun lanetan informazio bilketa lana handia izan da. Neketsua izan da? Ala informazioa erraz lortzen joan zara?
Gustuko lanetan aldaparik ez! Artxiboz artxibo aritu beharra dago XVI. mendeko agiriak arakatuz. Kolaboratzaile asko izan ditut ozeanoaren bi aldeetan eta horrek erraztu egin du lana.

Zein da buruan duzun eta egin nahi duzun hurrengo lana?
Alde batetik, aspaldi hasitako E.S. Dodgson euskaltzale ingelesaren biografiari heldu nahiko nioke berriro; eta bestetik, Bergarako erreileno eta tostoien historia landu nahiko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak