Fermin Garmendia: "Oso inportantea da hemengo eredua aintzat hartu, aztertu eta zabaltzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko eka. 17a, 02:00

Bi kooperatiba oinarri ditu LKS taldeak: ingeniaritza, batetik, eta aholkularitza eta zerbitzu juridikoen kooperatiba, bestetik. 20 urte bete berri ditu. Asko aldatu da Olandixon sortu zenetik. Munduan barrena ditu egoitzak gaur egun. Fermin Garmendia (Bergara, 1964) da LKSko aholkularitza eta zerbitzu juridikoen zuzendari nagusia.

Zelakoa zen LKS duela 20 urte?
Lehenik eta behin, esan nahi dut ni ez nintzela sorreran izan; artean, ez nintzen bazkide. LKS sortu zen 1991ko maiatzaren 2an eta 49 bazkidek sinatu zuten sorrerako akta. Euskadiko Kutxako enpresa alorrekoak ziren bazkideak eta LKS sortu zuten proiektu berriari heltzeko. Gaur egun, ia 1.000 bazkide gara taldean. Horietatik, kooperatibetan, 500 inguru. Hazkundea, begi-bistakoa.

Gaur egun, Garaia Berrikuntza Guneko egoitza nagusiaz gain, beste hainbat tokitan ere badauzkazue, ezta?
Bai, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Ipar Euskal Herrian, Kantabrian, Madrilen, Bartzelonan, Hego Amerikan… Beste merkatu batzuk lantzen hasi gara Txinan, Indian… Gure helburua da mundu osora zabaltzea, nahiz eta Euskal Herria izan, gaur egun ere, gure jardun eremu nagusia.

Batik bat, zergatik da ezaguna LKS?
Gure berezitasuna da zerbitzuak eskaintzen ditugula. Ez daukagu produktu konkreturik, beste enpresa industrial batzuen moduan. Bestalde, gure indar nagusia da kooperatiba izatea. Eta, horretaz gain, gure inguruan beste enpresa batzuk sortzen dihardugu: batzuk kooperatibak dira eta beste batzuk elkarte anonimoak, baina guztietan pertsonak dira erdigunea. Gure beste ezaugarri bat da jarduera ezberdinak ditugula: ingeniaritza, aholkularitza, zerbitzu juridikoak… Horrek berezi egiten gaitu merkatuan.

Egiguzu berba LKSren bi alor horien gainean.
Orokorrean, LKS ingeniaritza etxegintzara edo eraikuntzara bideratuta dago; azkenaldian, baita zaharren egoitzen kudeaketara ere. Eta baita diseinu industrialean. Beste negozio eredua aholkularitzarena da.

Zerbitzu juridikoak eta aholkularitza diozunean, zertaz ari zara?
Plan estrategikoez, negozio ereduez, produktibitatearen azterketez, sistema informatikoez… Bestetik, juridikoki, eremu fiskalaz, prozesalaz, laboralaz… Atal ezberdinak jorratzen ditugu eta, ondorioz, profil profesional oso ezberdinak ditugu: ekonomialariak, abokatuak, psikologoak, ingeniariak, arkitektoak…

Bi negozioetan doakizue ondo?
Oro har, ondo doakio taldeari azkeneko urteetan. Egia da ingeniaritza alorrean sufritzen gabiltzala, baina, gure jarduera sakabanatuta dagoenez, emaitza positiboak lortu ditugu. Krisi sasoi honetan, ondo aritzeko gakoetako bat zerbitzuak dibertsifikatzea da.

Zein da aurreikuspena?
Guretako helburu bat da zerbitzuen jarduera bultzatzea, bai LKSn eta baita, oro har, Mondragonen ere. Negozio berrietan murgiltzea... Aurten, esaterako, bi negozio berri sortu ditugu: batetik, hemengo enpresek kanpoan inbertitzeko aholkuak emateko eta, bestetik, finantza alorra kudeatzeko.

Zelakoa izan da iazko urtea?
Oro har, ona; bereziki, sektorearekin konparatuz. Euskadiko merkatuan, gure posizioa nabarmen hobetu da. Eta 2009ko urtea baino hobea izan da iazko jarduna. Krisia apurka-apurka gainditzen goaz. Ez ditugu berriro ere lortuko 2007 eta 2008. urteetako emaitzak. Aurrerantzean gogor borrokatu beharko dugu hobetzeko. Bereziki, ingeniaritza alorrean. Bestalde, espero dugu 2011 iazkoa baino urte hobea izatea.

Krisia zelan zabiltzate pasatzen?
Kooperatiba izatea abantaila da. Batetik, malguagoak gara merkatura jo eta eskaintza egiterakoan; eta, bestetik, barrura begira, errazagoa da gauzak azaltzea eta erabakiak hartzea. Bestalde, kooperatiba izateak ahalbidetzen du kontuak, irabaziak, kapitalizatzea. Guk ez ditugu irabaziak banatzen. Ona da krisiari aurre egiteko.

Zeintzuk dira aurrera begirako asmo edo helburuak?
Taldea hazten joatea garrantzitsua da. 2010. urtea 1.000 bazkiderekin amaitu zuen taldeak eta aurten espero dugu 1.100ekin amaitzea. Pertsona gehiago lortzeko gure enpresetarako behar dugu zerbitzu gehiago eskaintzea, negozio berriak sortzea… Eta gure borroka da hori zelan lortu.

Ipar Kutxarekin batera enpresa berria osatu duzue. Zer da?
Enpresen erosketan aholkuak eman izan ditugu. Aholkularitza eskaini izan dugu alor horretan. Baina uste dugu horretarako enpresa espezializatua sortu behar dugula aholkuak alor finantzarioan ere eskaintzeko. Hortik Ipar Kutxarekin egin dugu aliantza.

Langileek enpresetan parte-hartze gero eta handiagoa izan behar dutela entzuten da azkenaldian. Hori da bizirik irauteko edo arrakasta izateko gakoetako bat?
Bai. Bide hori ezinbestekoa da etorkizun hurbilean. Mondragoeko eredua hor dago. Baina badaude beste sozietate mota batzuk ere, eta, horietan, langileek geroago eta protagonismo handiagoa izan behar dute. Kapital pribatuko hainbat multinazional ari dira gai hau lantzen.

Bestalde, nazioartekotzea ere bada hemengo enpresen premia.
Ezinbestez. Mundua aldatzen doa; erdigunea ez dago Europan. Eta hemengoa indartzeko kanpora joan behar dugu: Asiara, Ameriketara… eta, etorkizunean, baita Afrikara ere.

Arlo akademikoan baduzu esperientziarik. Zelakoak dira etorkizuneko euskal kudeatzaileak?
Oraingo gazteek, Erasmus edo beste era bateko programak erabiliz, mundua ezagutzeko aukera dute. Hori oso inportantea da. Kontua da non egingo duten lan. Bidaiatu beharko dute orain arte baino gehiago eta lan ere munduan barrena egin beharko dute.

Liburu bat argitaratu berri duzu, Antonio Canceloren gainekoa...
Jeneralean, ekonomiari buruzko liburu teknikoetara jotzen dugunean, Ameriketako Estatu Batuetako ereduak erabiltzen ditugu. Haiek idatziak, hango ikuspuntuaz eta haien teoriez. Guretako oso inportantea da hemengo eredua aintzat hartu, ikasi, aztertu eta zabaltzea. Mondragon erreferentea da hainbat alorretan. Eta hori zabaldu nahi dugu. Orain Cancelo izan da; aurrerantzean, beste batzuen ideiak ere zabalduko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak