26 urterekin diagnostikatu zizuten bularreko minbizia. Egun gaixotasuna gaindituta duzu eta indarberrituta zaude. Nola konturatu zinen bularreko minbizia zenuela?
Autoesplorazioaren bidez. Nire bularrak ukitzean konturatu nintzen koskor bat nuela, eta ukitzerakoan min egiten zidan. Patata baten moduko koskorra zen. Ingurukoek esaten zidaten min egiten bazidan ez zela larria. Baina kezkatuta nengoen, eta medikuarengana joan nintzen.
Prozesua asko luzatu zen: ni Gasteizen nengoen lanean eta nire medikua Bergaran. 2009ko azaroan sumatu nuen koskorra eta 2010eko urtarrilera arte ez zidaten diagnostikorik eman.
Eta diagnostikoa: minbizia. Gogorra izango zen, ezta?
Emaitzen bila bakarrik joateko asmoa nuen. Ez nuen uste ezer txarra izango zenik. Azkenean, baina, orduan etxe-kide zena eta egun bikotekide dena nirekin joan zen kontsultara.
Medikua berba egiten hasi zenean, beste mundu baten nengoen. Ez nion kasurik egin. Sinestezina zen: 26 urterekin eta bularreko minbiziarekin! Segidan, beldurtu egin nintzen. Medikuak esan zidan urtebetez, gutxienez, eta egunero, medikutan ibili behar nuela. Eguneroko bizitza alde batera utzi behar izan nuen egun batetik bestera.
Diagnostikoa egin eta hurrengo egunean hasi nintzen probak egiten. Medikuari esan nion hurrengo egunean lanera joan behar nuela, gauza asko nituela egiteko eta lotzeko. Ez nuen sinistu gura.
Informazio asko, denbora laburrean.
Gogorra izan zen. Familian ez genuen minbiziaren aurrekaririk. Nik neuk informazio gutxi nuen minbiziaren gainean, eta gutxiago bularreko minbiziaren gainean. Era berean, ez nekien zenbat ondorio eta ze gogorrak dituen minbiziak.
Gaixo zaudela onartu eta egunerokoari erritmoa hartzea izan zen zailena. Gainera, dokumentu asko bete behar dira.
Nola eragin zizun minbiziak egunerokoan?
Diagnostikoaren hurrengo egunean baja hartu nuen, eta probak egiten hasi nintzen. Tratamenduaren ondorioz oso ahul geratu nintzen, eta kalera irteteko gogo barik geratu nintzen. Indartsu sentitzen nintzen egun apurretan, bizimodu normala egiten ahalegindu nintzen.
Onkologikora joan zinen bigarren diagnostiko baten bila, eta kimioterapiarekin hasteko. Gogorra da tratamendua?
Bai, oso gogorra. Berez, tratamendua bortitza eta erasokorra delako, eta ordura arte inoiz gaixotu barik nengoelako.
Kimioterapiaren prozesuan igarri duzu ezer faltan?
Osakidetzan denbora luzea pasatzen da kontsulta batetik bestera. Eta minbiziaz ari garenean, denbora oso inportantea da.
26 urterekin bularrean koskor bat izan arren, ez nik eta ez medikuek ez zuten espero minbizia izango zenik. Agian diagnostikoa lehenago egin izan balidate, ez zen koskorra handituko eta beste tratamendu batekin nahikoa izango zen...
Tratamenduarekin hasi orduko, beste hainbat gauza etorri zitzaizkizun burura: ileordekoak edo buruko zapiak, adibidez.
Bai. Oso gogorra da ispilu aurrean jarri eta ile barik zaudela ikustea. Nik beti izan dut ile luzea, eta bat-batean ile barik ikusi nuen nire burua. Gainera, beste gaixotasun batzuk ez bezala, ile barik dauden pertsonak minbiziarekin lotzen ditugu. Agerian geratzen da gaixorik zaudela.
Tratamendua hasi eta 12 egunera ilea erori egiten da. Azkar geratu nintzen ile barik, eta ez nuen astirik eduki ileordekoak topatzeko. Gainera, nahiko buruhauste izan nuen ileordekoa topatzeko. Horiek saltzen dituzten dendetan, edozer saltzeko prest daude. Sentsibilizazio falta sumatu nuen.
Laster beteko da urtebete mastektomia egin zizutela. Bular guztia kendu zizuten. Psikologikoki gogorra izan zen?
Askoz gogorragoa izan zen ile barik ikustea, titi barik baino. Akaso, denborarekin mentalizatu egin nintzen: kimioterapia hartu arren koskorra ez bazen desagertzen, ebakuntza egingo zidaten. Ebakuntzako momentua heldu zenean, moralki, askoz indartsuago nengoen.
Mastektomiaren ondoren, erradioterapia. Egun, bular berria duzu.
Orain dela hiru aste jarri zidaten bular berria. Bajan nago, baina egunetik egunera indartsuago. Gainera, azkar, oso azkar jarri didate bularra. Abenduan egin zidaten mastektomia eta dagoeneko bular berria daukat. Emaitzekin oso gustura nago.
Orain indartsu zaude, baina ahulguneak izango zenituen, ezta?
Bai, asko, eta horietan etxekoen eta lagunen indarra ezinbestekoa izan da.
Etorkizunerako ze kezka dituzu?
Hasteko, hileroko barik uzten gaituzte bost urterako, prebentzio moduan. Menopausia duen emakumearen ondorioak ditugu.
Gainera, haurdun geratzeko aukera askoz gutxiago ditugu. Baina tira, bost urte barru ikusiko dugu.
Zein aholku emango zenioke minbizia gainditu duen gazte bati, edo une honetan tratamenduan dabilen bati?
Une honetan gaixorik daudenei animoak eman gura nizkieke. Jakin dezatela prozesua oso luzea eta gogorroa dela, baina bukaera duela. Bestalde, uste dut oso inportantea dela gaixotasun bera izan dugun pertsonak elkartzea eta izan ditugun esperientziak kontatzea. Horregatik, elkartu egin beharko genuke.
Bukatzeko, osasuntsu daudenendako aholkua: prebentzio lana ezinbestekoa da. Nork bere gorputza eta bularra ezagutzea oso inportantea da.