Bergarako Errege Seminarioaren ondarearen gida eta posterra argitaratu berri dituzue. Zein da helburua?
Edozein museoren zeregina da bere bilduma, hau da, bere altxorra, jendearen aurrean edo eskura jartzea. Aurkezten eta jendarteratzen duen bilduma horren bidez, zibilizazio balioa duen mezu bat transmititzeko jendarteari. Baina argi dago museo batek ezin duela jendearen eskura jarri egoera txarrean dituen piezak edo ezagutzen ez dituen piezak. Museoak gauza izan behar du aurkezten duena azaltzeko. Bergarako Udalak lan izugarria egin du oso egoera txarrean zeuden eta ezezagunak ziren piezak berriztatzen, zaintzen, sailkatzen, ikertzen, inbentariatzen eta katalogatzen.
Hori egin da dagoeneko.
Bai, lan hori egin eta gero, bilduma oso eta ederra lortu du. Orain, egindako lana eta deskubritu den zibilizazio balio hori guztia azaleratzeko ahalegina egingo du Bergarako Udalak. Hau guztia egiteko lantalde tekniko bat osatu zen orain dela urte asko. Lantalde hori osatzen dugu Iñaki Irizarrek, Rosa Errazkinek eta nik neuk. Eta, bestalde, aipatu behar da 70eko eta 80ko hamarkadetan, Bergarako Kultur Ekintzak elkarteak lan izugarria egin zuela Errege Seminarioaren bilduma zientifikoa zaintzeko eta gordetzeko.
Gida eta posterra argitaratzearekin batera, erakusketa egingo duzue Aroztegi aretoan, ezta? Zer erakutsiko duzue?
Erakusketaren izenburua da Bergarako Errege Seminarioaren museoa. Zergatik eta zertarako? Helburuetako bat da hausnarketa foro bat sortzea eta arrazoi teknikoak ematea zehazteko Errege Seminarioaren museoa zergatik den beharrezkoa. Ze funtzio beteko dituen eta ze onura ekarriko dizkion museoak Bergarari eta, orokorrean, Gipuzkoari eta Euskal Herriari. Jakina, balio handiko bilduma dela esaten bagabiltza, pieza batzuk erakutsiko ditugu orain. 30 pieza. Bildumak, guztira, 3.012 pieza dauzka.
Era berean, gida salgai jarriko duzue?
Bi eurotan eskura ahal izango du edozeinek Aroztegi erakusketa aretoan bertan. Baina, horretaz gain, herriko eta bailarako ikastetxeetan ere banatuko da, doan. Unibertsitateetara ere banatuko da, helburu didaktikoa ere badauka-eta gida honek.
Berba egin dezagun Bergarako Errege Seminarioaren bilduma zientifiko eta historikoaren gainean. 3.012 piezak osatzen dute museoa eta bost multzotan banatu duzue, ezta?
Bai. Fisika eta kimikako instrumentu historikoak; giza anatomiakoak; zoologia; mineralogia eta paleontologia. Benetan zabala da, ez du-eta zientziaren alor bakarra jorratzen. Eta pieza kopuruari dagokionez ere zabala.
Euskal Herriko zientzia bildumarik zaharrena eta zabalena dela diozue.
Euskal Herrian badaude zientzia museoak. Baina dauzkaten bildumak gaur egungoak dira. Bergarako Errege Seminarioan, ostera, XVIII. eta XIX. mendeetako pieza asko daude. Horren antzinakoak diren horrenbeste pieza eta zientziaren hainbat alor horren zabal jorratzen dituenik ez dago Euskal Herrian.
Une honetan non dago museoa?
Seminarioan bertan, eliza eta Aranzadi ikastolaren arteko gune baten. Bi solairu ditu. Moldaketa lan batzuk egin ditugu, inbertsio batzuk. Horren bilduma delikatuarendako toki egokia izateko.
Ondare aberatsa, duda barik…
Bai, bai. Bitxikeriak aipatzearren: Donostiako Aquariumeko balearen hezurdura denok ezagutzen dugu, ezta? Bada, Gipuzkoan bada beste bat, harena modukoa, euskal balearena, eta hura Bergaran dago, seminarioaren bildumakoa da. San Telmon jarrita dago hezurdura horren zati bat. Edota Australiako txori bat, XIX. mendean Bergarara ekarritakoa eta dagoeneko desagertura dagoen espezie batena. Hori ere bildumako pieza bat da.
Ze irteera izan dezake Errege Seminarioaren museoak?
Errege Seminarioaren museoak bi helburu nagusi ditu: batetik, aldarrikatzea Bergarako Errege Seminarioaren historia garrantzitsua, Euskal Herriaren historia ulertzeko ezinbestekoa dena; eta ezagutaraztea zientziaren historian pisuzko garrantzia duen museoa. Bestetik, horren aberatsa den bilduma honek difusiorako eta didaktikarako bide ematen du eta gaur egun horren beharrezkoa den zientziarekiko zaletasuna piztu nahi dugu jendearengan. Teknologia berriz inguratuta bizi gara, ikerketa, garapen eta ezagutzaren jendartean bizi gara, eta horren guztiaren atzean zientzia dago. Hortaz, beharrezkoa da zaletasun hori piztea eta kultura zientifikoa sustatzea. Azken finean, jendartearen eskura ipintzea da helburua, hori baita edozein museoren azken helburua.
Jendea bada jakitun Bergarako altxor horretaz?
Akaso ez. Kontua da isilean lanean jardun dugula azkeneko urte askoan. Jeneralean, Errege Seminarioa entzuten duenean wolframioarekin lotzen du jendeak. Nik beti esaten dut Gipuzkoak hiru ekarpen garrantzitsu egin dizkiola munduari: batetik, Loiolako San Ignazio, Jesusen lagundia sortu zuena; bestetik, Elkano eta Urdaneta, ze munduari itsasoan nabigatzen erakutsi baitzioten; eta hirugarrena, wolframioaren aurkikuntza, Bergarako Errege Seminarioan Elhuyar anaiek aurkitu zutena. Edozein lurraldek ez dio munduari horren maila goreneko ekarpenik egin…
Aurkikuntza garrantzitsua, inondik inora.
Hala da. Unibertsoa 118 elementuz osatuta dago, ez 15.000 elementuz. Eta elementu horietako bat, wolframioa, Bergaran aurkitu zen. Hori aldarrikatu eta ezagutarazi behar da. Munduko ikasle guztiek ikasten dute taula periodikoa eta horietako elementu bat da wolframioa.
Seminarioko elizan indusketak egiten ibili zarete azkeneko hilabeteetan eta DVD bat ere aurkeztu duzue indusketa horien gainekoa.
Elizaren indusketa arkeologikoa egin genuen eta elizaren erdian zegoen hilobi bat aurkitu genuen, Andres de Madariagarena. Oso ondo landua, goi-erliebean. Pieza hori bakarrik, berez, aurkikuntza oso garrantzitsua da.
Zein zen Andres de Madariaga?
XVII. mendeko nazioarteko politikan lehen mailako eragina izan zuen pertsona. Hark kontrolatzen zuelako Espainiako Erregearendako zilarraren produkzioa. Zilar horrekin mugitu zen XVII. mendean nazioarteko politika guztia. Zilar hori kontrolatzen zuen lau pertsonetako bat zen bergarar hau.