Zer dela-eta joan zinen Madrilera bizitzera?
Madrilera 17 urterekin etorri nintzen, futbola deitzen den amets batengatik. Hemen Espainiako Futbol Federazioarekin hitzarmen bat duen Camilo José Cela unibertsitatea dago, eta Ciencias del Deporte y de la Actividad Física (INEF) ikasketak egin bitartean entrenatzaile nazionala izateko titulua ateratzeko aukera eskaintzen du. Hori izan zen Madrilera etortzearen arrazoia.
Ze ikasketa egin dituzu bertan?
Hemen INEFeko lizentziatura lehendabizi, eta gorputz hezkuntzako irakasle ikasketak burutu ditut ondoren. Horretaz gain, entrenatzaile nazionala izateko 3. mailako eta Espainiako Futbol Federazioaren bitartez goi mailako kirol teknikaria izateko tituluak eskuratu ditut.
Noiz erabaki zenuen futboleko entrenatzaile izan nahi zenuela?
Txikitatik izan dut entrenatzaile izateko grina hori. 12 urte nituela, nire anaiak Aranzadi ikastolako futbol taldean jokatzen zuen eta ni jada aulkian egoten nintzen. Betidanik izan dudan ilusioa da. Bergarako futbol taldean gazte mailara arte jokatu nuen, eta jokalari nintzenean ere beti arduratzen ninduen jokoa ulertzeak, gauzen zergatiak ulertzeak eta abar. Egia esan, gehiago erakarri izan nau beti entrenatzaile izateak berdegunean aritzeak baino.
Atletico Madrileko harrobiko alebin mailako entrenatzaile eta gazte mailako A taldeko bigarren entrenatzaile bezala aritu zara. Gazteen mailako liga nazionalean Club Polideportivo Parla Escuelako entrenatzaile ere izan zara. Bizi izan dituzun esperientzia horietatik zeinek bete dizu gehien? Zergatik?
Atletico Madrileko harrobian bi urte pasa nituen alebin eta infantil mailetan. Lehenengo urtean txapeldunak izan ginen Getaferen aurretik eta egia esan, orain arte gutxien ikasi dudan urtea izan da. Ondoren Parla Escuelako aukera suertatu zitzaidan eta bederatzi jardunaldiren ostean 4 puntu baino ez lortu eta kalera bota ninduten arren, gehien ikasi dudaneko esperientzia izan da. Aurreko urteko martxoan Jose Mari Amorrorturen deia jaso eta gazte mailako lehenengo taldearen bigarren entrenatzaile izateko aukera eskaini zidan. Onartu egin nuen eta bertan Fran Alcoyrekin batera aritu nintzen lanean. Alcoy hainbat urtez ibili da Cartagenarekin mundu profesionalean eta asko irakatsi didan pertsona izan da. Esperientzia polita izan zen hura.
Beñat, Atletico Madrileko alebinen entrenatzailea zenean.
Liverpoolen ere izan zinen Rafa Benítezekin. Kontaiguzu pixka bat nolakoa izan zen esperientzia hori.
Polita izan zen. Nire ikaskide den lagun batekin joan nintzen hara 2008ko aurredenboraldian, Rafa Benítezek lana nola egiten zuen ikusi eta aldi berean ikastera. Ia egunero joaten ginen Melwood-era entrenamenduak ikustera. Hantxe Liverpooleko prestatzaile fisiko zenaren Paco de Miguel eta lehenengo taldeko jokalariekin batera bazkaltzen genuen. Rafa Benítez ere geratzen zen gurekin noiz edo noiz. Anfield estadiora ere joaten ginen lagunarteko partiduak eta Champions League-eko sailkapen faseko partiduak ikusteko parada ere izan genuen. Ez dut erraz ahaztuko uda hura.
Eta nola lortu zenuten Liverpool taldearen tripetaraino sartzea?
Liverpoolera asteazkenean iritsi eta hurrengo goizean Melwood-era joan ginenean segurtasuneko gizonarekin egin genuen topo. Benítezekin hitz egitea nahi genuela esan genion eta berak ezezko borobila eman eta ea zoratuta geunden esan zigun. Ostiral goizean berriz joan ginen hara baina oraingoan urdaiazpiko bat eskuan genuela. Berau segurtasuneko gizonari eman eta oraingoan Benítezekin hitz egingo zuela eta hurrengo goizean berriz etortzeko esan zigun. Larunbatean hirugarren egunez jarraian joan ginen Liverpoolen entrenamendu gunera eta oraingoan berri onak eman zizkigun segurtasuneko gizonak. Astelehenean goizeko zortzietarako etortzeko esan zigun eta halaxe egin genuen. Benítezi nortzuk ginen, nondik gentozen eta zer nahi genuen azaldu, eta Melwood-eko ateak adeitasun osoz ireki zizkigun. Hurrengo hilabete osoa hantxe pasatu genuen teknikari talde eta jokalariekin batera.
Beñat eta bere ikaskidea Dirk Kuyt jokalariarekin, Melwood-en.
Orain dela gutxi arte Espainiako Futbol Federazioan ibili zara lanean ikus-entzunezko eta errendimenduaren departamentuan. Alde egiteko erabakia hartu duzu, baina. Zergatik?
Alde egiteko erabakia hartzea ez da batere erraza izan. Fernando Hierroren eskutik sartu nintzen federaziora eta hasieran imajinatuko ez nituen esperientzia on asko bizi izan ditut bertan. Baina bizitza honetan erabakiak hartu beharra dago zenbait unetan. Kontua da, federazioan niri zuzenean eragiten zidan arazo bat zegoela eta horrek azkenean alde egiteko erabakia hartzera bultzatu nau. Hala ere, eskerrak eman nahi dizkiet nire lankideak izan diren entrenatzaile, kirol zuzendari, ikus-entzunezko departamentuko pertsona, prestatzaile fisiko, mediku eta ahazten zaizkidan beste guztiei.
Zein da zure ametsa?
Nire ametsa elite mailan tituluak irabaztea da. Horretarako egiten dut lan. Nire iritziz, norberak bere mugen gainetik jarri behar ditu helburuak eta hortik aurrera, helburu horiek lortzeko gogor lan egin. Bihotza izan behar da gure ametsen gidaria eta ez burua, azken honek beti mugak jarriko baitizkigu. Nik ez dut nahi errealista izatea, harago joan nahi dut. Horrekin amesten dut eta egunen baten lortuko dudalakoan nago.
Ze entrenatzaile duzu erreferente moduan? Zergatik?
Inoiz ez dut izan idolorik, ez jokalari eta ezta entrenatzaile bezala ere. Hala ere, Manuel Pellegriniren Vila-Real gustatzen zitzaidan baloia jokatzeko zuen eragatik, eta José Mourinho bere taldeek baloia galdu edota berreskuratzeko momentuan erakusten duten jarreragatik.
Nolakoa da egun arrunt bat zuretzako?
Duela gutxi arte goizean esnatu eta Espainiako Futbol Federazioaren Las Rozaseko kirol-instalazioetara joaten nintzen. Bertan, eguerdira arte egoten nintzen bideoak ikusi eta informeak egiten, besteak beste. Ondoren etxera bueltatu, bazkaldu eta bideoren bat muntatu edota konferentziaren bat ikusten nuen ordenagailuan. Arratsalde partean bertako lagunekin bildu eta kirola egiten nuen afaltzeko bueltatu arte. Gaua Bergarako lagunekin hitz egiteko eta irakurtzeko aprobetxatzen nuen. Orain, berriz, federazioan ez nagoenez eta talderik entrenatzen ez dudanez egun guztiak desberdinak izaten dira eta ez dut errutina konkreturik jarraitzen.
Zer egiten duzu asteburuetan?
Asteburuetan gehienbat futbola ikusteari eskaintzen diot nire denbora. Atletico Madrileko entrenamendu gunea nire etxe ondoan dago eta hor ere ordu asko pasatzen ditut. Gero, nire adineko edozein pertsonak egiten duen bezala, lagunekin irten, kirola egin eta askotariko jarduerak egiten saiatzen naiz.
Bergaran gertatzen denaren berri izaten duzu?
Noski. Egunero irakurtzen dut prentsa internet bidez eta guraso eta lagunekin ere ia egunero hitz egiten dut.
Momentu honetan zein proiektutan zaude murgilduta?
Datorren urterako dena prestatzen nabil orain. Bitartean Milinco Pantic-ek Atletico Madrileko fundazioarekin batera duen campusean entrenatzen dut.
Beñat, Parla Escuelako entrenatzailea zenean.
Zer esango zenioke entrenatzaile izateko ametsa duen gaztetxo bati?
Egia esan ez dut uste aholkuak emateko pertsona egokiena naizenik. Hala ere, nire esperientziatik abiatuta, bokazioa izan behar duela eta mundu hau asko gustatu behar zaiola esango nioke. Eta batez ere amesteko, hori baita helburuak lortzeko eman beharreko lehenengo pausoa. Hortik aurrera gozatzeko eta guztia pasioz egiteko esango nioke.
Zerbait gehitzerik nahi?
Eskerrak eman nahi dizkiet nire gurasoei. Oso garrantzitsuak izan dira niretzako eta beraiengandik jaso dudan laguntza ezinbestekoa izan da bizi izan dudan guztia bizi ahal izateko. Nire lagunei ere beti ematen didaten babesagatik eta batez ere, Mikel Orbegozo eta Iñaki Mujikari eman nahi dizkiet eskerrak. Bukatzeko, izan ditudan irakasle, entrenatu ditudan jokalari eta lan egin dudan entrenatzaile denei ere erakutsi nahi diet esker ona.
Marra azkarrez |
Liburu bat? La última Lección (Randy Pausch). Film bat? El indomable Will Hunting. Musika talde bat? 3 doors down. Gustuko duzun txoko bat? Nojako Joyel hondartza. Bizitzeko toki bat? Majadahonda (Madril). Futbol jokalari bat? Zinedine Zidane. Futbol zelai bat? Santiago Bernabeu. |