Pedro Alberdi: "Maiatzean barazki otarrearekin hasiko gara kontsumo taldean"

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko api. 29a, 02:00

Udalak azoka dinamizatzeko plangintza martxan dago eta horretan buru-belarri dihardu Pedro Alberdik. Azokari bultzada emateko ekimenaren barruan, inkesta egin berri dute herritarren artean, eta kontsumo taldea sortu dute.

Nola doa kontsumo taldea?
Oraingoz, 25 familia ditugu, eta bost ekoizle. Ekoizleetako bi barazkienak dira, beste batek ogia egiten du, beste batek txekor okela eta bosgarrenak sagardo eta fruitu lehorrak ekoizten ditu. Barazkia duenetako batek arkumea ere badu, nahiz eta dagoeneko sasoia bukatzen ari den.

Eta dagoeneko hasi zarete otarreak saltzen?
Otsail-martxoan ekin genion kontsumo taldeari eta oraindik ere bi barazki ekoizleak planifikatzen ari dira. Justu orain, apirila eta maiatza, hilabeterik txarrenak dira barazkiendako, negukoa bukatu eta udaberriko heltzeke dagoelako.
Horrekin, ogiarekin hasita gaude, eguenero jasotzen dugu ogia eta asmoa da, maiatz erdi edo bukaera aldera barazki otarrarekin hastea.

Postua eskatu duzue azokan. Zertarako?
Gaur egun banaketa egiten dugu azoka kanpoan, baina asmoa da barruan egitea banaketa hori. Erosoago izateaz gain, azokari bultzada ere eman nahi diogulako. 

25 familiak eman du izena, oraingoz. Taldea hazi egingo dela uste duzu?
Egin berri ditugu inkesta batzuk herrian, eta beste 20 bat familiak interesa erakutsi du. Kontua da, hala ere, orain momentuan ekoizpena mugatuta dagoela eta dauden ekoizleek ezin dutela eskari gehiago hartu. Hori horrela, gure asmoa da ekoizle gehiago animatzea. Beste batek ere eman digu baiezkoa, baina irailera arte ezingo da hasi.
Asmoa da inkestetan kontsumo taldean parte hartzeko interesa erakutsi duen jendearekin, zein bestela ere interesa izan dezaketen guztiekin, batzar bat egitea, maiatzean. Kontsumo taldea zer den, nola funtzionatzen duen... azalduko dugu eta itxaron zerrenda bat ere osatuko dugu.

Azoka dinamizatzeko ahaleginean ere badiharduzue. Aipatu dituzun inkestak zeregin horren barruan egin dituzue.
Bai. Proiektuak bi helburu izan ditu hasieratik. Alde batetik kontsumo taldea martxan jartzea. Bestetik, azoka dinamizatu nahi da, azokaren erabilera aztertuz eta hori biziberritzeko proposamenak eratuz.
Zenbait proposamen inkesta bidez jaso nahi izan ditugu eta herritarrek egindako hainbat ekarpen jaso ditugu modu horretan.
Pozik gaude jasotako emaitzarekin; 100 bat inkesta jaso ditugu eta erantzunak askotarikoak izan dira. Batzuek kontsumo taldeen gaineko interesa erakutsi dute; beste batzuek, azokaren gainean...

Eta ekarpen nagusiak zein izan dira?
Azokari dagokionez, hura ezagutzera emateko beharraren  eta dinamizatzeko beharraren gainekoak, lagata ikusten dutelako. Azokan postu asko libre daudela eta haiek hartzeko diru laguntzak ematea ere iradoki dute. Baserritar gazteei azokara joateko laguntzak ematea ere sujeritu du hainbatek. Batek baino gehiagok azokan esne makina noiz jarriko den ere galdetu du.
Egia esan, oso interesgarriak izan dira jasotako emaitzak.

Eta zein dira, herritarren ustez, azokaren ahuleziak?
Inkestak jaso berri ditugu eta oraindik sakon aztertu ez baditut ere, batik bat sumatu dut ohitura falta handia dagoela azokara joateko eta supermerkatu handiek ere ez diotela onik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak