Jon Olivares: "Betidanik izan dut aktoreen mundua buruan, baina ez nuen pentsatzen horrelakorik lortuko nuenik"

Arritxu Barruso 2011ko api. 3a, 02:00

Jon Olivaresi (Osintxu, 1989) eguneko 24 orduak motz geratzen zaizkio. Haur Hezkuntza ikasten ari da, Txatxilipurdin lan egiten du eta, horrez gain, Elgoibarko Taupada antzerki taldean dabil.

Nola amaitu duzu Taupada antzerki taldean?
Kasualitatez. Unibertsitatean, aukera libreko irakasgaietako bat  antzerkia izan nuen. Irakaslea Taupada taldeko arduraduna zen eta ikasgaia bukatzean niri eta beste ikasle bati esan zigun antzezlan bat prestatzen ari zirela eta pare bat pertsona behar zituztela. Horrela hasi nintzen haiekin.

Betidanik gustatu izan zaizu aktore lana?
Betidanik izan dut mundu hori buruan. Txikitan, bikoiztaile-aktore izan nahi nuen. Dena dela, sekula ez zitzaidan burutik pasatu egunen batean horrelako zerbait lortuko nuenik.

Zenbat zarete taldean eta nola eta noiz elkartzen zarete?
Aurreko ikasturtean hamar izan ginen. Aurten aldaketak izan dira: batzuek taldea utzi eta beste batzuk hasi egin dira. Orain bederatzi gara, adin guztietakoak; gazteena ni naiz eta zaharrenak 55 urte ditu. Gutaz aparte, taldea gidatzen duten bi pertsona daude. Astean behin elkartzen gara.

Isladak izeneko antzezlanarekin bira txiki bat egin zenuten...
Bai. Elgoibarren egin eta gero beste herri batzuetan ere izan ginen: Debako antzerki astean, Azpeitian eta Bergaran.

Nolako antzezlana da?
Antzezlan berezi samarra da, taldekideek sortutako hamar esketx dira, eta bakoitzak bizitzako egoera ezberdinak islatzen ditu. Zuzendariak esaten zuen moduan, norberak bizitzan hartutako motxilaren arabera esketx bakoitza modu ezberdinean ulertzen da.

Zein zen zure pertsonaia?
Tramoiaria nintzen. Esketxen artean irteten nintzen eta beste lagun batekin materiala jaso behar genuen, baina gu bion artean gatazka handia zegoen, ni oso alferra nintzelako eta hura nitaz nazkatuta zegoelako.

Bergarako emanaldia berezia izango zen...
Bueno, nire herria Osintxu da. [Barre] Baina bai, oso emanaldi berezia izan zen, eta, nahiz eta bosgarren emanaldia izan, besteetan baino urduriago nengoela uste dut. Lagun askotxo etorri ziren; nahiz eta koadrilakoek kale egin, ia Osintxu osoa egon zen bertan.

Zein izango da hurrengo lana?
Aurtengo ikasturteko proiektuak ez dauka zerikusirik aurrekoarekin. Ezin dut zehaztapenik eman, baina idatzita dagoen antzezlan bat hartu dugu eta hori taularatzea lan nekeza izango da. Ez daukagu diru askorik, eta, ondorioz, irudimen handia  beharko dugu eszenak behar bezala eraikitzeko. Horrez gain, euskarara itzuli behar da. Orain, pertsonaiak nola eraikitzen diren ikasten gabiltza, baina nahiko prozesu motela eta luzea izango dela uste dut.

Txatxilipurdin ere egiten duzu lan.
Irailean hasi nintzen, Erguingo gazte txokoan, Arrasaten. 12 eta 17 urte bitarteko gazteak joaten dira, eta nire erantzukizuna da txokoa dinamizatzea eta, ahal dudan heinean, gazteak heztea. Bost urte Bergarako Kortazarren tabernari lanetan ibili ostean begirale tituluari erabilpena ematea erabaki nuen; beti gustatu izan zait lan mota hori eta, gainera, ez da tabernakoa bezain gogorra.

Ikasketak, Txatxilipurdi, Taupada taldea… Nola iristen zara guztira?
Asteak oso intentsuak izaten dira. Egun osoa etxetik kanpora egoten naiz eta asteburua heltzeko deseatzen egoten naiz. Dena dela, gustuko gauzak direnez, gustura egiten ditut. Nahi diren gauzak egiteko beti ateratzen da energia.

Eskubaloia da zure beste zaletasunetako bat.
Bai. Jokatzeaz gain, duela hiru urte Bergarako nesken taldea entrenatzen hasi nintzen. Lana dela-eta utzi egin behar izan nuen, baina, oraindik ere, ahal dudanean partiduetara joaten naiz. Ni, berriz, orain, noizean behin bakarrik joaten naiz entrenatzera, batez ere monoa kentzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak