Asier Kortabarria: "Kaskamotz izatea modan dago, baina musika hori benetan maite dutenek hor segituko dute"

Arritxu Barruso 2011ko mar. 26a, 01:00

Asier Kortabarria (1992, Bergara) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da Leioan. Horrez gain, Breaking rules fantzinearen arduradunetako bat da.

Nola deskribatuko zenuke Breaking rules, zuen fantzinea?
Barduliako (Gipuzkoa) punk-oi! eszenaren inguruko informazioa eskaintzen du, baita elkarrizketa eta erreportajeak ere. Orokorrean, gure eszenaren inguruko zulo guztiak betetzen saiatzen gara; izan ere, musika estilo honetako talde, disko edota kontzertuek ez dute prentsan ia oihartzunik.

Nondik dator izena?
Fantzinea egin aurretik blog bat nuen izen berarekin, eta izenarekin jarraitzea erabaki genuen. Berez, Eskoziako On File oi! taldearen abesti baten izena da.

Horrelako proiektuek, askotan, sorrera bitxia izaten dute: parranda bat, arratsalde aspergarri bat lokalean... Nola eta non jaio zen zuena?
Bai… Nik banuen ideia buruan, baina ez nekien nola atera aurrera. Orduan, egun baten, lagun bat auto batetik garrasika ikusi nuen, ea fantzine bat egingo genuen, eta, bueno, ba hementxe gaude.

Zeintzuk zaudete atzean?
Nik eta beste bergarar batek egiten dugu, eta kolaborazioak ere jaso ditugu Gipuzkoa osotik; egia esan, ezin gara kexatu. Ondo dago jende ezberdinak parte hartzea, ez soilik lana banatzeko, baizik eta dibertsitate handiagoa izateko.

Dagoeneko bi zenbaki  dituzue kalean. Zer moduzko erantzuna izan du?
Lehenengo zenbakiko ale guztiak saldu ditugu, eta erantzuna oso ona izan da. Bigarren zenbakia orain gabiltza saltzen, eta, oraingoz, bide onetik doa. Orokorrean, eszenan zegoen hutsune bat bete dugu, ez zegoen-eta fantzinerik –lehenago Bando Punk eta Odolkids zeuden– eta jendeak gustura hartu duelakoan nago.

Non eskura daiteke fantzinea?
Distribuzioa ez da gure fuertea, baina baditugu salmenta puntu finkoak: Bergaran Arranon eta gaztetxean; Bilbon Streetwarriors dendan; Donostiako Skizon eta Azpeitiko Txarrantxan. Bestela, kontzertuetan, edo e-postara mezu bat bidalita eskura daiteke: breakingrules@gmail.com.

Gipuzkoan jarraitzaile asko ditu punk-oi! musikak?
Bai, azken hamarkadan asko egin du gora, eta, egun, kontzertuetan jende asko ikusten da. Elgoibarren ospatu zen Holidays in Bardulia jaialdian 800 pertsona izan ziren. Pena da ez dagoela horrenbeste jende lan egiteko prest (taldeetan, irratian, fantzinean, kontzertu antolaketan…). Ea gazteak animatzen diren. Egia da, baita ere, kaskamotz edo punka izatea modan dagoela, batzuek urtebete pasata ez dute ezer jakin nahi, baina musika hau benetan maite dutenek hor segituko dute. Ikusiko dugu nola dagoen gauza urte batzuen buruan.

Astea Bilbon ematen duzu eta asteburua Bergaran. Bilbo ala Bergara?
Bakoitzak bere abantailak ditu; agian, Bergararen alde egingo dut. Azken finean, hor dauzkat koadrila, musika taldea, familia… eta eroso ibiltzen naiz. Hala ere, Bilbon oso gustura nabil.

Red District taldeko kide zara.
Bai. Taldea 2007an sortu zen eta punk-oi! musika egiten dugu. Hainbat geldialdi eta aldaketa izan ditu taldeak eta orain laukote moduan gabiltza. Laster, gure kantu bat bilduma baten sartzea espero dugu. 

Punk-oi! musika topatzea erraza da Bilbon?
Hemen ez dago Gipuzkoan dagoen batasunik, hainbat gatazka izan dira. Ez dago kontzertu askorik, baina, adibidez, denda aldetik nahiko ondo dago. Bestalde, ska musikaren inguruan jende eta talde gehiago mugitzen da Gipuzkoan baino.

Parrandarako ze leku gomendatuko zenuke Bilbon?   
Ni neu Iturribiden ibili izan naiz. Oso merkea da, gazte giroa dago eta musika ez dago gaizki. Bestela, bertako jaietatik Deustukoak bakarrik ezagutu ditut, baina oso gomendagarriak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak