Miguel Angel Martinez: "Bergararra izan arren, jende askok 'Harindondin' bezala ezagutzen nau"

Imanol Gallego 2011ko mar. 19a, 01:00

Miguel Angel Martinez (Bergara, 1961) esanez gero, jende askok ez du identifikatuko; izan ere, Harindondin ezizenak bere izen propioak baino ospe handiagoa dauka. Azken 25 urteetan Bergarako kale eta festak gozotzeaz gainera, Euskal Herriko txoko eta ospakizun askotan ere erraz aurkituko duzue Martinez eta haren furgoneta.

Nola egin zinen gozoki saltzaile?
Nire aurretik, aita hasi zen. Hark beste furgoneta bat zuen eta Bergara, Arrasate... eta inguruko herritan ibili ohi zen. Hark lana utzi zuenean niri laga zidan negozioa eta ordutik hona hemen nabil bazterrak gozotzen.

Beraz, bi Harindondin egon dira?
Baietz esan daiteke, bai. Gure aitak duela 50 urte ekin zion izozkiak saltzeari, eta hortik dator Harindondin izena. Hasieran, izozki marka eta gurea Farindondin zen. Farin dator irin-etik eta dondin, izozki saltzaileen furgonetak zeukan kanpaitxotik. Duela urte asko, baina, Farindondin marka gisa erregistratu zuten eta, ondorioz, guk efe letra kendu eta hatxe bat jarri genuen.

Harindondin moduan ezaguna izatea gustuko duzu?
Grazia egiten dit. Ni bergararra naiz eta herrian jende asko ezagutzen dut. Nire lagunek ez didate horrela deitzen, baina jende askok bai. Gainera, kasu askotan, umeen izenak ere badakizkit, gurasoen laguna naizelako edo... eta gaztetxoek sorpresa handia hartzen dute.

Eta furgoneta barik ikusten zaituztenean?
Arraroa egiten zaie; askok furgonetan soilik ikusten naute eta hemendik kanpora ikustean harritu egiten dira. Dena den, askotan entzun behar izan dut: "Altuagoa zinela uste nuen". Ni nahiko txikia naiz, eta, furgonetan eurak baino altuago nagoenez... ba, gero, kalean ezuste galanta hartzen dute. 

Bergaratik kanpo ere saltzera irten zara, ezta?
Askotan, gainera. Euskal Herriko festa gehienetan egon naizela uste dut. Behin Tourrera ere joan nintzen, giro ederra zegoen eta oso oroitzapen onak ditut. Okerrena ordutegia izaten da; askotan, ekitaldia baino askoz lehenago egon beharra dago, eta nahiko aspergarria da.

Zeren arabera aukeratzen duzu nora joan?
Faktore askori begiratzen diet. Festaren tamaina, non dagoen, zenbat iraungo duen, eta, noski, eguraldiari. Eguraldia niretzako oso faktore garrantzitsua da. Nahiz eta festa handi bat antolatu, eguraldiak laguntzen ez badu... festaren arrakasta asko txikitzen da-eta.

Errepidean ordu asko emango dituzu, baina, daukazun furgonetarekin, 120 kilometrotik 110 kilometrora pasa beharrak ez dizu eragingo, ezta?
Ez pentsa, kanpora irteten naizenean ez dut horrenbeste gozoki saltzen. Izozkiez gainera, patata poltsak eta horrelako gauzak soilik eramaten ditudanez, ba, 120, 130 eta 140 km/h hartzera iritsi naiz.

Gozozalea zara?
Orain lehen baino gehiago. Txikitan, gainontzeko umeen aldean, nik gozoki piloa nituen eskura, baina ez nituen jaten; orain, berriz, noizean behin gominola bat edo beste jaten dut.

Gozokiak asko aldatzen dira, baina zein gozokik irauten du zu hasi zinenetik?
Erregalizak. Ni txikian nintzenean aitak saltzen zituen eta gaur egun nik ere asko saltzen ditut. Ez dira atzean geratu eta aldaketa txiki batzuekin saltzen jarraitzen dute.

Gozoki saltzailea izateaz gainera, kulturista ere izan zinen, ezta?
Bueno... hori ere badakizu! Nik ez nuke kulturista nintzela esango. Duela urte asko, gimnasio bat ireki zuten Bergaran eta nire anaiak izena eman zuen; haren  gorputzaren aldaketak ikustean nik ere izena eman nuen eta emaitza politak lortu nituen. Urte batzuen ostean, kirola kolpean utzi nuen, eta, berdin jaten nuenez, asko loditu nintzen. 

Hirugarren Harindondin bat egongo da?
Ez. Nik ez daukat seme-alabarik; hortaz, nirekin amaituko da tradizioa. Hala ere, seme-alabaren bat izango banu, nahiago nuke kazetari izango balitz; lan hau oso esklaboa da eta ordu asko exijitzen ditu. Gainera, askok kontrakoa uste duten arren, ez da horrenbesteko etekina ateratzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak