Euskal Inauterietako pertsonaiek Bergarako Aroztegi aretoa hartu dute

Goiatz Arana Begiristain 2011ko ots. 27a, 22:13

800 bat lagunek bisitatu dute erakusketa egubakoitzetik atzora arte, eta ez dira ohiko bisitariak izan, ume eta gurasoak baizik, gehienak behintzat. Pertsonaia batzuk arrotzagoak izan arren, beste asko ezagutzen zituztela-eta identifikatuta sentitu dira, gainera; eta bat baino gehiagok argazkiak ateratzeko ere aprobetxatu dute aukera. 

Altsasu, Ituren-Zubieta, Lantz, Ziburu edo Donibaneko Inauterietan egon ez arren asteburuan Aroztegitik pasa direnek, leku horietako festari buruz lehen baino gehiago dakite orain; tokian tokiko Inauterietako pertsonaia esanguratsuenak ikusi dituzte Bergarako aretoan, tamaina handian: Kotilungorri, zaldiko, Mielotxin, hartza, lamia...

Pertsonaia bakoitzak panel bat du ondoan, bisitariak ikusten ari den hori nor den jakin dezan: izena eta Inauterietan jokatzen duen papera zein den azaltzen da bertan. Argazkiak ere jasotzen ditu erakusketak: sua nola egiten duten, Mielotxin nola dantzarazten duten edota ahariak basoan nola mugitzen diren erakusten dutenak. Ikus-entzunezko batekin borobiltzen da mostra: pertsonaien jatorria eta gune bakoitzeko Inauterietako ohiturak ezagutzera ematen dituen ikus-entzunezko batekin.

Martxoaren 13ra arte egongo da erakusketa Bergaran –martitzenetik zapatura arteko arratsaldeetan 18:00etatik 20:30era; eta zapatu eta domeka eguerdietan 12:00etatik 14:00etara– eta, ondoren, beste herri batetara eramango dute, kontuan izanik ibiltaria dela. Iruñeko Ahari kultur taldea da antolatzailea. 

Eguaztenean, hitzaldia

Inauterietako pertsonaien babesean, Aroztegin bertan, Aitzpea Leizaolak –EHUko irakaslea eta antropologoa– hitzaldia emango du eguenean, martxoak 3, 19:00etan: Inauteriak Euskal Herrian. Tradizioaren forma berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak