Errekaldeko lorategia: XIX. mende bukaerako altxorra

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 28a, 01:00

Udalak eskatuta lorategia ordenatzeko azterketa egin du Citerea enpresak eta, besteak beste, dio XIX. mende bukaeran diseinatutako Gipuzkoako paisaia-lorategi bikainenetakoa dela

Citerea (Consulting Internacional Tecnico en Recuperacion Ambiental SL) enpresak bukatu du Errekalde jauregiaren lorategia ordenatzeko Udalak eskatutako aurreproiektua eta ondorio orokor garbia jasotzen du: arrazoi zerrenda luze bat tarteko, Errekaldeko lorategia balio handiko ondarea da eta hura mantendu egin behar da.
Azterketa sakona egin dute, Udaleko hainbat sailen laguntzarekin eta 1997. urtean Europako Kontseiluak onartutako metodologia zorrotza jarraituz. Izan ere, babestutako ondare guztiak, eta zehazki lorategi historikoei dagokienean, Florentziako Gutunak eta Ondare Historiko Espainiarraren Legeak diote metodologia zientifikoa garatu behar dela, lorategia sakonki ezagutzeko. Lanok ondoren idatziko diren berreskuratze jarraibideen oinarria izango dira-eta.

Lorategi bikaina

Apirilean esleitu zion Udalak lan hori Citerea estudioari, lorategiaren balioaz jabetuta eta Citerearen azterketak, Udal arduradunek uste zutena berretsi dute: babestu eta aberastu behar den lorategia dela. Hain justu ere, halaxe dio enpresa horrek egindako txostenean: "Multzoa degradatuta dagoen arren, berreskuratzearen emaitzak onak izango lirateke. Gunearen zabalera eta egitura interesgarriak, azpiegitura hidraulikoaren konplexutasunak, lorategi barruko bidexkak, dauden zuhaitz paregabeek eta oraindik mantentzen dituen elementu arkitektonikoen kalitate eta barietateak bihurtzen dute Errekalde jauregiko lorategia XIX. mende bukaeran diseinatutako Gipuzkoako paisaia-lorategi bikainenetariko baten. Euskal nobleziaren XIX. mendeko lorategien adibide paregabea da Errekalde jauregiko lorategia.

Orain, exekuzio proiektua

Hori guztia kontuan izanda, orain proiektuaren idazketa esleitzea ere erabaki du Udalak eta enpresa berari esleitu diote, Naiara Corcuera Udaleko Ingurumen teknikariak azaldu duenez: "Udalak bat egiten du Citereak azterlanean ondorioztatu duenarekin eta horregatik erabaki da lorategia eraberritzeko exekuzio proiektuaren idazketa ere hari esleitzea. Dena den, proiektua idazteak ez du esan nahi zaharberritzea orain egingo denik. Oraingoz ez da interbentziorik planteatzen. Baina egitea pentsatzen denerako, proiektua eginda egongo da eta lan guztiak proiektu horretan jasotzen denaren arabera egingo dira", azpimarratu du Ingurumen teknikariak.   

Testuinguru oparoan sortuak

Bergararen aberastasun monumentala bere historiaren bitartez azaltzen da. Hiria joan zen antolatzen ingurunearen geografiaren eta hidrologiaren arabera: bailaran kolonizazioa dentsoagoa izan zen eta maila altuagoetan sakabanatuagoa.
Burdina eraldatzeko tailerrek eta gari merkatuak merkataritza-gune bilakatu zuten herria XVI. mendean eta noble, aberats eta pertsonaia garrantzitsuek euren etxebizitza eta jauregiak eraiki zituzten. XIX.mendean barrena, paisaiarekin lotutako joera eta korronte berriak iritsiko dira eta lorategigintza publikoa asko garatuko da. Garai hartan, hain justu ere, egin ziren izaera pribatuko herriko lorategi proiektu garrantzitsuenak.
Eta horren lagungarri izan zen garaiko testuinguru sozio-ekonomikoa. Herriko noblezia goi-aristokraziarekin ahaidetu zen eta industrializazioak ere besteak beste, nekazaritzaren eta industriaren garapenean lagundu zuen.
Testuinguru oparo horretan, lorategia jauregi izaerako etxeko arkitekturaren oinarrizko elementu bilakatuko da eta horrek egingo du Bergarak gaur egun interes paisajistiko edo historiko handiko gune berdeen sistema orokorrean inskribatutako lau parke edukitzea.
Eta horrek bereiztu egiten du Bergara beste herrietatik. Garai hartatik nabarmentzekoak dira baita ere, erdigunean dauden etxeko ortuak eta errenkadan eraikitako etxebizitzen osteetako lorategi txikiak.

Villafrancako X. kondea egile

Villafrancako X. kondea har daiteke Errekalderen transformatzaile nagusitzat, berak egin zituelako finkaren historian egin diren proiektu eta obra nagusiak. Lekuari garaietara egokitutako aire berria eman nahi izan zion, eta ondorioz, haren sentsibilitate eta kezkak egin dute Errekalde jauregiak estilo ingeleseko lorategia izatea, garai hartan moda zegoen lorategien diseinua jarraituz.
1840 eta 1882 urte bitartean jauregiaren inguruetan aldaketa handiak egon ziren eta adituek  uste dute Villafrancako X. kondea izan zela 1958 urte aurretik egindako goiko lorategien arduraduna eta baita ere, 1869 urtea ezkero egindako handitze eta edertze lanena. Mariano Jose de Laskurain arkitekko neoklasikoarekin harreman handia zuen eta elkarrekin hainbat proiektu egin zituzten. Hain justu, Mariano Jose de Laskurainek eta haren kolaboratzaile izan ziren Carlos Uriartek eta Jose Domingo de Jausorok egin zituzten XIX. mendeko bigarren erdialdeko hainbat lan lorategian.
Egindako lanetako batzuk obra garrantzitsuak izan ziren; sistema hidrauliko konplexua, esaterako. Sistema horretan aipatzekoa da, besteak beste, ureztatze azpiegitura –seguruenik XIX. mende bukaerakoa–; garai hartarako modernotasunaren adierazgarri azpimarragarria.
Lorategiko bestelako elementu arkitektonikoak ere –eskailerak, bidexkak, hormak, hormatxoak...– kalitate handikoak dira. Elementuon artean azpimarratzekoa da, Lourdesko Amabirjinadun haitzulo faltsua; garai hartako lorategietan ezinbesteko apaingarri zena.

Lorategiko landaredia

Lorategiaren erdialdean landaredia dago. Zuhaixka eta tamaina txikiko beste hainbat landare gaur egun desagertuta dauden arren, XIX. mendeko azken herenean erabiltzen ziren espezieetako asko, oraindik ere han aurki daitezke. Horietako gehienak, gainera, garai bereko herriko beste lorategi batzuetan ere aurki daitezke, hala nola, Irizar jauregikoan eta Untzeta jauregikoan. Citerea estudioak egindako azterketak jasotzen duenez, ondare-kalitate handiko zuhaitz multzo hori da lorategiaren bereizgarrietako bat, eta osotasun maila handia ematen dio multzoari.
23 espezietako 100 zuhaitz daude lorategian, besteak beste, sekuoiak, Jupiter zuhaitzak, zedroak, altzifreak, eta pagoak. Zuhaixken kasuan, 12 espezietako 62 daude, asko Japoniakoak.
Bukatzeko dio 1868ko diseinu originalak urteetan barrena hainbat aldaketa izan dituen arren, seguruenik XX. mende hasieran, lorategiko hainbat elementuren desagerpenagatik –negutegia, urmaela, pergolak eta beste batzuk–, egindako azterketa arkeologikoek erakutsi dutela gutxi mugitutako lursailak direla, eta lorategi originalean eraldaketa gutxi egon direla. Hain justu ere,  urteetako belar eta landaredia pilaketaren azpian daudela dio azterketak.

Naiara Corcuera, Udaleko Ingurumen teknikariari elkarrizketa:

Zergatik halako interesa Errotalderengan?
XIX. mendeko nobleziak egiten zuen lorategien adibide delako eta eraldatzeke mantentzen delako, degradatuta dago, baina aldatzeke.
Proiektuaren idazketa esleitu du Udalak, baina oraingoz ez da hobekuntzarik egingo, noiz egingo dira?
Ez, oraingoz exekuzio proiektua idatzi bakarrik egingo da. Hobekuntza sakona dirua dagoenean egingo da. Hala ere, proiektua idaztea garrantzitsua da, aurrerantzean egingo diren mantentze lanak proiektuan jasotakoaren arabera egingo direlako.
Badago maila horretako beste lorategirik herrian?
Errotaldekoa Errekaldekoaren oso antzekoa izan zen garai baten, nahiz eta gaur egun oso eraldatuta dagoen. Arrizuriaga, Irizar... horiek ere maila berekoak dira, baina eraldatuta daude. Errekalden kontserbazioa lagata egon da, baina ez da aldaketarik egin: ez da errepiderik egin, ez dira bidetxoak asfaltatu, ez da argirik jarri.... Horregatik mantentzen da, egitura behintzat, garai baten zen bezala.
Oro har, jauregiei inguruan duten lorategiari baino garrantzia handiago eman izan zaio.
Bai, hala izan da, eta ez diogu erreparatu pertsonaia horiek etxearen inguruan bazutela egoteko leku bat, eta han beste pertsona batzuekin erlazionatzen zirela, gogoetarako leku zirela... Bestalde, oso ondo diseinatutako lekuak dira, modernoak, eta jauregiak besteko balioa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak