Larrialdi kasuetan denbora urrea da eta Udalak hori aintzat hartuta Giltzagune plana jarriko du herrian. Sistema erraz baten bidez, pibotez itxitako kaleetarako sarrera erraztea du helburu plan horrek, modu horretan, suhiltzaile zein anbulantziak moduko larrialdi zerbitzuek denbora aurrez dezaten.
Hain justu ere, Zubillagako suhiltzaileengandik izan du Udalak, Giltzaguneren berri, Agurne Barruso alkateak azaldu duenez: "Duela denboratxo bat Martoko kalean izandako sute batera hurreratu nintzenean, Zubillagako suhiltzaile buruak eman zidan Giltzaguneren berri", esan du, eta gehitu du: "Zentzuzkoa iruditu zaigu, larrialdi zerbitzuen lana errazten dela kontuan izanda eta horregatik erabaki dugu herrian abiaraztea. Bestalde, ezartzeko ere erraza da".
Sinplea eta erraza
Gakoa giltza bakarra egotea da. Barruso alkateak hala azaldu du: "Geroago eta kale gehiago ixten dira eta gaur egun egiten duguna da jartzen dugun pibot bakoitzeko giltza edo mandoa eman suhiltzaileei, ospitaleei, Ertzaintzari... Azkenean giltza pila batekin aurkitzen dira".
Giltzagunek planteatzen duen irtenbidea honakoa da: 15 bat zentimetro luze eta 8 zentimetroko diametroa duen altzairuzko kutxatxoaren barruan pibota zabalduko duen giltza gordeko da. Kutxatxo hori, pibotaren ondoko eraikinaren paretan txertatuko da. Kutxa zabaltzeko ere giltza beharko da, baina kutxa guztiek izango dute giltza bera, hortaz, larrialdi zerbitzuek giltza bakar hori bakarrik izan beharko dute, kutxa zabaldu eta barrukoa ateratzeko.
Barrusok azaldu duenez, eskaria egin dute Foru Aldundian herrian 19 lekutan jartzeko kutxa horiek eta gehitu du: "Udaltzain eta brigada buruek eta suhiltzaileek aztertu dute non komeni den jartzea eta 19 leku erabaki dituzte". Eta gehitu du: "Kutxak ere eskatuta daude eta iristen direnean Udal brigadako langileek jarriko dituzte aurrez erabakitako lekuetan".