Bergarako Ezker Abertzaleak "ilusioz eta adorez" begiratzen dio garai berriari

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko abe. 2a, 16:13

Udal hauteskundeei begira hilaren 11n herri guztiari irekitako jardunaldiak egingo dituzte, askotariko gaien gaineko iritziak jasotzeko asmoz.

Bergarako Ezker Abertzaleak garai berriari "ilusioz eta adorez" begiratzen diola azaldu zuen atzo, eguaztena, iluntzean egindako prentsaurrekoan. Iruñako agerraldian aurkeztutako alderdi berriaren estatutuak laster Madrilen aurkeztuko dituztela ere azaldu zuten, "Espainiar legalitatearen araberako Estatutu Legalak, alderdi politiko legala izan dezagun". Eta hori horrela izan dadin, datozen egunetan hainbat mobilizazio egingo dituztela ere gehitu zuten.

Herria ezkerretik eraikitzen

Herritarrei beste mezu bat ere helarazi nahi izan zieten aurkezpenean, "ezker abertzalea herritarrekin batera ilusioz eta adorez" ari dela Bergara Ezkerretik Eraikitzeko lanean eta euren proiektu politiko "abertzale eta ezkertiarra udaletxeko erabaki askotan igarri dela" ere baieztatu zuten. Eta horren hainbat adibide ere eman zituzten,  besteak beste: Bergara euskaldun eta parekidea eraikitzen (UEMAn sartu da Udala eta parekidetasuna lortzeko plangintza estrategikoa egin dute); langileon Bergara eraikitzen (ur eta kale garbiketa zerbitzuak publifikatu dituzte);  behartsuendakoa (kalitatezko Gizarte Zerbitzuak eskaintzeko ahalegin handia egin da); alai eta bizia (duela lau urte baino eskaintza kultural hobea dagoela diote Udalaren eta herritarren ahaleginaren ondorioz); oinezko eta gidarientzat erosoa (hainbat gune oinezkoendako berreskuratu dira eta horrez gain Boluko igogailuak egin dira, TAO sistema ezarri...); eta errepresioari herri harresia eraikitzen (Jose Luis Elkororen kasuan garaipen historikoa lortu dela uste dut).
Hain justu, egindako lanaren diagnostikoa egiten dihardute dozenaka herritarrekin eta "gauza on asko egon arren, zer hobetu" ere badutela gehitu zuten.  

Jardunaldiak hilaren 11n

Udal hauteskundeei begira hilaren 11n herri guztiari irekitako jardunaldiak egingo dituzte, 10:00etan, Aranzadin. Euskara, kultura, hezkuntza, migrazioa, gazteak... bezalako gaien gaineko iritziak jaso nahi dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak