Mende eta erdiren ostean, eten da ehungintzaren soka

Leire Kortabarria 2010ko aza. 19a, 10:24

Tavex itxi egingo du lantegi horren jabeak, Brasilgo Santista multinazionalak. Horrekin, Bergaran 164 urte iraun duen ehungintza sektorearen azken arrastoa desagertuko da. Urte oparoenak Espainiako Gerra ostekoak izan ziren, 60-70 hamarkadetan goia jo zuen, eta orduan hasi zen bere gainbehera.

Gaurko Goiena paperak dakar gai horren gaineko erreportaje zabala; segidan, aurrerapen bat.

1846. urteko urtarrilaren 23an sortu baitzen Fábrica de Hilados y Tejidos de Vergara izeneko elkartea, bi milioiko hasierako kapitalarekin. Hura izango zen gerora, 1904. urtea ezkero, Algodonera izenez ezagutu izan dena. Sortzaileak ziren bi frantses, Silva eta Frois, eta huescatar bat, Blanc. 

Gerra ostean, goraldia

XX. mende hasieran, Euskal Herrian industria indarrez garatzen hasi zenean, beste hainbat lantegi sortu ziren, tamaina askotakoak; eta horien menpe jarduten zuten tailer, tindategi edo errota asko zeuden. 1850ean, Algodonerak 300 langile zituen. Garrantzitsuenen artean egongo zen beste lantegi bat, Gregorio Fernández y Sobrino –1964az geroztik, Movilla SA– ere zutik zegoen ordurako, 1897an sortua, eta mende hasieran ezarri zen ere Narvaiza e Hijos.


I. Mundu Gerrak indar berria eman zion industriari. 1915erako, Bergaran 17 industria establezimendu zeuden, eta denetara 1.030 langile zituzten. Horietako asko emakumeak ziren.


Espainiako Gerrak beste bultzada eman zion. 70eko hamarkadan, sektore horrek jarraitzen zuen Bergarako ekonomiaren motore handienetariko bat izaten, baina metalgintzak gero eta garrantzi handiagoa zuen; 60-70eko hamarkadetan hasi zen goitik behera etortzen.


Etorkizunarekin kezkatuta


Udal ordezkari gisa ere, jakina, askok ezagutu dute Bergarako ehungintzaren egitura. Victoriano Gallastegi alkate ohiak penaz hartu du azken albistea, baina ez harriduraz: "Tavexen egoera aspalditik ezagutzen genuen. Udalaren bidez, urte batzuk eustea lortu genuen; baina multinazionalek, errentagarritasunik ez dutenean, lantegiak itxi egiten dituzte. Lehen milaka langile zituen ehungintzak; asko ASASAn, gero Tavesan ehunka… baina murrizten joan zen. Pena bat da, Bergaran sektore historikoa izan delako".


Agurne Barruso alkateak esaten du Tavex ixtearekin bat "Bergaran ehungintzaren zikloa ixten" dela; baina kezka orokorrago bat ere badu: "Tavex ez da azkeneko itxi den enpresa; Arcelorrek planta bat Zumarragara eraman du; itxi egin dute GKNk, Ornyk, Linacisorok… eta Tavex ikur bat da Bergaran, baina bilakaera bat izan da. Kezkatuta gaude etorkizun ekonomikoarekin, eta horregatik, Plan Estrategikoan garapen ekonomikoaren lantaldeari garrantzi handia ematen diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak