"Norberarentzako ona dena aukeratzeko gai denak besteen partetik ere erabaki dezake"

Lander Muñagorri 2010ko aza. 15a, 10:36

Abilezia pertsonalen inguruan hitz egin zuen orain dela gutxi Oscar Redondok Eskoriatzan egin zuen hitzaldian. Nola hobetu ditzaket nire harremanak ni neu izateari utzi gabe? izan zen landu zuen gaia. Norberaren izaera garatzeko zenbait pauta eman zituen, alboan dauzkagunak errespetatzen ikasita. Lahar irabazi asmorik gabeko elkarteko kide da Redondo. Irtenbide pertsonalizatuak ematen dituzte, betiere talde zehatz batzuetan arreta jarrita: adineko pertsonak, haurrak, gazteak eta helduak. Eskoriatzan egin zuen hitzaldian, helduei zuzendu zitzaien Redondo.

Nola irits daiteke norbait den bezala izatera?
Lan pertsonal handia daraman prozesua dela iruditzen zait. Nire ustez, onarpenean dago funtsa. Hau da, pertsona bat haurtzaroan onartua izan den neurrian, bere burua ere onartuko du, eta horrek erabakiak bere kabuz hartzeko, den bezala agertzeko edo gainerakoek esango dutenari kasurik egin gabe bere iritzia plazaratzeko konfiantza eta segurtasuna ematen dio. Nire ustez, onarpena haurtzaroan konpontzen den zerbait da, eta, hala gertatzen ez den kasuetan, gainerakoen gustukoak izatea edo onarpena bilatzen saiatuko gara. Hau da, norbera den bezala agertzea zailagoa izango da. Horregatik, oso garrantzitsua da lan pertsonal hori burutzea, onartuak izan ez garen aspektu horietan guztietan sakontzeko. Hori esaten dudanean, gizartearen eraginari buruz ari naiz, gure garapenean zehar zuzenean eragin baitigu, eta gure nortasunarekin talka egiten aritzen baita.
Asertibotasunak ere zerikusia du, definitu egiten baikaitu. Pentsatzen duguna erakusteko eta gainerakoei mugak jartzeko gai gara, gure eskubideak defendatzeko edo gure iritzia emateko. Kosta egiten da asertibo izatea gainerakoek onar gaitzaten espero baldin badugu.

Nola eragin dezake horrek gure adiskidetasun, bikote, inguru edo lanean?
Nire ustez, positiboki. Pertsona batek, norberari lekua kentzen dioten introiekzio sozialak galtzen dituen heinean, den bezala onartuko du bere burua, eta libreki erabakitzeko aukera edukiko du. Era horretan, "norbaitekin ezkondu behar delako" baino gehiago, berak aukeratu duelako egongo da norbaitekin; lan batean gustura ez badago, bere ikuspuntua erakutsi ahal izango du, eta, behar bada, baita lana utzi ere. Galdera da ea norberak erabakitzen duen esaten diotenaren arabera edo besteengan pentsatuz egiten dugun gauza bat edo bestea.

Zeri egin behar diogu muzin? Zertan aberasten gaitu?
Aldatzen garen neurrian, beti galtzen dugu zerbait. Ziurrenik aldatzeko garaian, kontzienteki edo inkontzienteki konponduta dauzkagun gaietan sakonduko dugu. Orokorrean era ez mingarrian irtenbidea topatu diegun gaiak izango dira. Gisa honetako arazoetan sakondu eta konpontzeak askotan egoera horri buelta ematea dakar, eta, noski, hori prozesu zaila da. Kasuren batean mingarria ere izan daiteke. Asertibitateak, ordea, nork bere burua biluztea dakar, eta horretarako pertsonalki lan egin izana beharrezkoa da, batez ere asertibitate hori erabiltzea asko kostatzen baldin bazaio pertsona horri.

Autokontrol emozionala horretarako ezinbestekoa da?
Nire ustez, autokontrola ez da beharrezkoa. Nork bere izaera garatzeko ezinbestekoa da emozioak askatzea, eta horretarako beharrezkoa da gure emozio hauek onartuko dituen pertsona bat izatea aldamenean. Figura hauek ez daudenean, profesional baten laguntza beharko du pertsona horrek. Asertibitateak emozioen adierazpenagatik egiten du apustu, eta hori funtsezkoa da.

Nola lor daiteke garapen pertsonalaren eta gainerakoekin lor daitekeen garapenaren arteko oreka?
Garapen pertsonalaren prozesuak nork bere burua ezagutzea dakar, eta horrek indar handia dauka. Bakoitzari beharrezko iruditzen zaiona, nahi duena, ustez ondo iruditzen zaiona egitea da garrantzitsuena, betiere inor mindu edo iraindu gabe. Albokoak dioenari kasurik egin gabe egitea litzateke egokiena, hura zure aita bada ere. Norberarentzako ona dena aukeratzeko gai den pertsonak  gainontzekoen partetik ere erabaki dezake. Kasu horretan, erabaki horren erantzule bakarra izango litzateke, eta norbaiti laguntzea erabakitzen baldin badu, hark ez luke zorrik izan behar zurekiko. Honekin guztiarekin ez dut esan nahi guregan soilik pentsatu behar dugunik, baizik eta norberaren lehentasuna zein den erabaki dezagun, eta ekar litzakeen ondorioak gure gain har ditzagun.

Koadrilak onuragarriak ala kaltegarriak izan daitezke?
Koadrilak ezinbestekoak dira gizakiaren sozializatzeko prozesuren barruan. 12 urtetik aurrera sumendi bat bagina bezala lehertzen gara, eta koadrilaren barruan garatzen gara. Besteen keinuak kopiatzen ditugu, hizkera, arropa… Horretaz gain, gainerakoen onarpena bilatzen dugu, testuinguru horretan ezinbesteko garrantzia hartzen duena. Koadriletan paper ezberdinak betetzen ditugu: liderra, graziosoa, tontoa, ederra, itsusia… eta horiek beharrezkoak dira gure izaera garatzeko. Nerabezaroaren ondoren, gaztaroan koadrilak ezinbesteko babesa izaten jarraitzen du. Hala ere, bertatik lagun batzuk aukeratzen ditugu, norberaren sostengu lanak egingo dituztenak. Hemen asertibotasunak garrantzia hartuko du, emozioekin gertuko erlazioaren bidetik mantenduko baitugu harremana. Kasuren batean, familiarekin izan ditzakegun erlazioa baino garrantzitsuagoak izan daitezke, babes psikoemozionalari dagokionez, behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak